Urtemuga isila amazigentzat

Rifeko matxinadaren urteurrenean, Marokok manifestazioak debekatu ditu. Hirak mugimenduko 350 kide atxilotu dituzte maiatzetik. Nazioarteko 200 lagunek preso politikoak askatzeko eskatu dute

Erbestean bizi diren amazigek manifestazio ugari egin zituzten atzo Europan; Rotterdamen, Amsterdamen, Oslon, Parisen, Bartzelonan... Irudian, Madrilen atzo goizean egindako manifestazioa. HIRAK MADRID.
Kristina Berasain Tristan.
2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
«Isilik esnatu da Al-Hoceima. Kaleek desertu bat ematen dute; dendak itxita daude, greba orokorrera deitu baitute, eta hiria guztiz militarizatuta dago berriz ere». Anirren hitzak dira. Ez du hori benetako izena, anonimotasunean gordetzeko eskatu baitio BERRIAri: «Iluntzean kalera ateratzen saiatuko gara, auzoetan behintzat, baina debekatu egin dituzte protestak». Rifeko hiriburua izan da duela urtebete piztutako matxinadaren epizentroa, eta urtemugak «diktaduraren errepresioa» ekarri die gogora amazigei: «Hogra hitza datorkigu burura. Arabierazko hitz bat da:botereak, estatuak, herria umiliatzeko duen estrategia da, ahulen duintasuna orbaintzeko».

Hirak al-Xaabi mugimenduko kide da Anir. Duela urtebete piztu zen herri mugimendua. Urteetan pilatutako amorrua azaleratu zuen ekintza bat izan zen matxinadaren abiapuntua: Mouxine Fikri gaztearen heriotza. Fikri 2016ko urriaren 26an hil zen. Kaian, merkatu beltzean, arraina erosi ostean, merkantzia kendu zioten —ezpata-arraina arrantzatzea debekatuta baitago urrian eta azaroan—, eta zabor kamioi batera bota zuten poliziek. Saltzailea kamioi barrura sartu zenean, zaborra txikitzeko mekanismoa aktibatu egin zuten, eta hantxe bertan zapalduta hil zen gaztea.

Fikriren hilobia

Fikriren hilobiaren aurrean ekitaldi xume bat egin zuten atzo, isilean. Izmouren herrian jaiotakoa zen Fikri. Eta hangoa zen Yemauria Rifia Rifeko Errepublika aldarrikatu zuen buruzagia ere: Mohammed Abd el-Krim el-Khattabi. Biek ezarri dute inflexio puntu bat amazigen historian.

Hirak al-Xaabi mugimenduak ozen ekin zion duela urtebete eskubide sozial, ekonomiko eta kulturalak aldarrikatzeari; lana, unibertsitatea, ospitalea, errepideak... Baita Rifa eremu militar gisa izendatzen duen dekretua bertan behera uzteari ere.

Rif eskualdean bazterketa historikoa izan da; bost milioi herritar egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi diren herrialde horretan, eremu txiroenetakoa da. Bazterketa eta giza eskubideen urraketa sistematikoa etengabea izan da, baina, aldarrikapenekin batera, estatuaren errepresioaren makineria ere etorri zen.

Naser Zafzafi Hirakeko burua maiatzean atxilotu zuten, eta, orduz geroztik, mugimenduko 340 lagun eraman dituzte kartzelara, gazteak gehienak, kalera protesta egitera ateratzeagatik, nahiz eta estatuaren batasuna hausteaz akusatu dituzten asko; beste askok akusaziorik gabe jarraitzen dute preso.

Zafzafi aste honetan bertan joan da deklaratzera, Casablancara. Tamazig hizkuntzan mintzatu da beste behin, eta garaipenaren ikurra egin zuen epailearengana joan aurretik. «Lehenago hilak, mendean hartuak baino». Tratu txarrak ere salatu ditu: «Bortxatzen eta torturatzen saiatu dira. Rifen kontra estatuak daraman politika polizialak ekarri gaitu hona, baina porrot egingo dute». Espontaneoki sortutako mugimendu horrek gazteen babes irmoa du, eta klandestinitatetik herri bat egituratu du, urteetan isilaraziak izan direnei ahotsa emanez. «Hirakek pertsonak garela gogorarazi digu». Hori da herritarrek mugimenduari aitortzen diotena.

Erregearen keinuak

Marokoko erregeak keinuak egin behar izan ditu, bere monarkia ataka zailean jarri duten protesten zilegitasuna aitortzeraino. Aste honetan hiru ministro kargugabetu ditu Manarat al-Mutawasit (Mediterraneoaren Itsasargia) Riferako garapen plana gauzatu ez izanaren erantzule egin ostean.Mohamed VI.ak txosten bat agindu zuen argitzeko zergatik ez zen plan hori garatu, eta ikerketan «okerrak, atzerapenak eta irregulartasunak» egon direla ondorioztatu du. Amazigentzat, baina, zigor politikoak arinegiak dira. Mohammed Tozy politologoaren arabera, makillaje hutsa da erregea egiten ari dena bere kontra egin ez dezaten: «Sistemaren logikaren arabera, erregea ez da herritarren aurrean ezeren erantzule, soilik historiaren eta jainkoaren aurrean».

Agindutako promesak, bada, ez dira iritsi, baina errepresioak bere hartan jarraitzen du. Berez maiatzetik daude debekatuta manifestazioak, uztailaren 20an protestarako zirrikitu bat aurkitu bazuten ere. Egun hori beste mugarri bat izan zen ekintzaile amazigen borrokan, baina handik hemeretzi egunera hil zen egun hartan poliziek zauritutako gaztea; Imad el-Attalbi buruan zauritu zuten, eta hemeretzi egun egon zen koman.

Ordutik apenas egon den protesta ekintzarik. Eta matxinadaren urtemuga ere isilik gogoratu behar izan dute amazigek. Erbestean bizi direnak baino ezin izan ziren atzo kalera atera: Roterdamen, Amsterdamen, Oslon, Parisen, Bartzelonan, Madrilen...

Nazioarteko 200 lagunek, berriz —idazleak, intelektualak, politikariak...—, manifestu bat sinatu dute preso politikoak askatzeko eta errepresioa amaitzeko, tartean Noam Chomsky, Ken Loach, Arundhaty Roy.

Iluntzen ari da Al-Hoceiman. Anirrek mezu bat bidali du: «Ezin izan gara hiru lagun baino gehiago elkartu; gure atzetik daude une oro, eta herritarrak halako bi dira gaur poliziak kalean».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500