Osvaldo Bayer

Ahanzturaren aurkako idazle eta ekintzailea

Astelehenean hil zen Osvaldo Bayer, itzal handiko intelektual argentinarra. 91 urte zituen. Herri mugimenduen historia eta aldarrikapenak izan zituen ardatz kazetari, idazle eta zinema gidoigile lanetan.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Egunsentian jaikitzea, hiru basokada whiski edatea, hondartza tropikal batean ibiltzea, saltxitxa alemanak karttofel entsaladarekin jatea, siesta ederra egitea, hainbat orduz idaztea eta itsasoa ikustea lotara joan aurretik. Horixe zen zoriontasuna Osvaldo Bayerren arabera, 90 urte bete zituenean azaldu zuenez.

1927ko otsailaren 18an jaio zen, Argentinako Santa Fen, eta astelehenean hil zen, Buenos Airesen. «Osvaldo Bayerren historia Argentinarena da», esan zuen duela hilabete batzuk German Ferrarik, Bayerri buruz idatzi duen biografiaren (El rebelde esperanzado) aurkezpenaren harira. Argentinaren eta haren historiaz, hauxe zioen Bayerrek berak aurten: «Oso asebeteta nago egindako bizitzarekin, demokraziaren alde egindako guztia larrutik ordaindu behar izan badut ere. [...] Ederra izan da herriaren patua jarraitzea, historia interpretatzea eta gauzatzea, istorioz eta espiritu demokratikoarekiko traizioz betetako herri honetan».

Bizitzan idazle, kazetari, itzultzaile eta gidoilari gisa egindako lanak itzal handiko intelektual bihurtu zuen Bayer. Argentinako mugimendu anarkistaren historia ikergai eta idazgai izan zuen urte luzez. Ikerketa horren emaitza dira, besteak beste: Los vengadores de la Patagonia trágica, Los anarquistas expropiadores y otros ensayos eta Rebeldía y esperanza saiakerak eta Severino Di Giovanni, el idealista de la violencia biografia. «Anarkismoa ahanzturatik berreskuratzea erabaki nuen, peronismoak 1945 aurreko langile mugimenduaren historia ezkutatu zuelako», zioen idazleak.

Los vengadores de la Patagonia trágica oinarri hartuta, Hector Oliverak La Patagonia rebelde filma zuzendu zuen. Sinopsia: Patagoniako peoiek lan eta bizi baldintza hobeak lortzeko greba egin zuten 1920an; negoziatzen aritu ondoren, 1921ean, armadak mugimendua suntsitu zuen; hilabete eta erdian, 1.000tik gora langile hil zituzten. Oliveraren filmak Zilarrezko Hartza irabazi zuen 1974ko Berlinalen, eta marka utzi zuen Argentinako zinemagintzan. Bayer gidoigile aritu zen lan horretan. Oliverak erbestera jo behar izan zuen; baita Bayerrek ere, 1975ean. Berlinen ezarri zen, eta han egon zen 1983ra arte. Handik bueltan, gidoi gehiago ere idatzi zuen: Victor Dinenzonen Fútbol argentino (1990) etaMariano Aiello eta Kristina Hilleren Awka Liwen (2010) dokumentalenak, besteak beste. Azken horretan, idazlearen ibilbidean garrantzi handia izan duen beste borroka bat ageri da: Argentinako jatorrizko biztanleen zapalkuntza. Rainer y Minou nobelan, berriz, alemaniar jatorrikoen komunitatean nazismoak izandako pisua agertu zuen.

Gaztetan sozialistatzat jo zuen bere burua; urteek aurrera egin ahala, anarkistatzat. Erbestetik bueltatu zenean, bere pentsamendu politikoa «sozialismo libertarioa» zela esan zuen. Pentsamendu horren oinarriak ziren: antiautoritarismoa, naturaren eta gutxiengoen eskubideen defentsa eta emakumeen rolaren aldarrikapena. Hil arte, oso kritiko agertu zen Argentinako agintariekin: «Txabola auzoak egon bitartean, ez da demokraziarik izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.