Arkaitz Zarraga Azumendi.

15.000 idazlan BECen

2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
COVID-19aren biktimak ugari izan dira. Mundu guztiari eragin dion pandemia izan da, baina argi geratu da ez gaituela guztiok berdin sakatu. Periferiak, balkoirik ez dutenek, etxerik ez dutenek, pertsiana pisutsua dutenek negozioa zabaltzeko, lan feminizatuak dituztenek... etxealdi gogorragoa izan dute, eta etorkizunerako duten ikuspegia ere ilunagoa da.

Periferian kokatzen da gure hizkuntza ere. Euskara pandemia honetako galtzaileetako bat izan da, zalantzarik gabe. Itzulpenetan eta pertsonen borondatean oinarrituta dauden hizkuntza politikek agerian utzi dute gure hizkuntzaren subalternitatea, alegia, bigarren mailakoa dela garrantzia duten egoeretarako.

Hortxe koka dezakegu, eta ez beste inon, hizkuntza gaitasuna ebaluatzeko azterketen (hizkuntza eskakizunen ) afera. Euskaltegiok dugun curriculum komunikatiboarekin bat ez datorren sistema honek, azterketa eta tituluetan oinarritutakoak, beste kolpe latz bat jaso du. Izen ere, HABEk denok harritu gaituen erabakia hartu zuen duela bi aste. EAEko euskaltegietako B2, C1 eta C2-ko ikasle guztiak BECera joan beharko dira idazlan bat egitera!

Lehenik eta behin, erabakia, ohi bezala, goitik behera inposatuta eta euskaltegion proposamen eta eskariak kontuan hartu gabe etorri dela esan behar da. Euskaltegi askok eskaintza argia egin genion HABEri, gure ikasleen azterketak euskaltegietan bertan egin ahal izateko, behar bezalako neurriak beteta. Arazo logistikoak dituzten euskaltegien kasuetan, udalekin edota institutu edo eskolekin konpontzeko aukera aztertzea ere proposatu genuen. Deialdi itxietarako, behintzat, aukerarik onena zela ikusten genuen. Ahozko proba gehienak egiteko, bi hilabete hauetan ikasleekin eskuz esku ari garenontzat hain ohikoak bilakatu zaizkigun plataformetako edozein erabilita grabatutako dokumentu bat lortzea ere ez litzateke aparteko arazoa izango kasu gehienetan, eta besteentzat, nolabaiteko konponbidea topatu ahalko genuke.

HABEk, gure harridurarako, BECen egiteko aukera mahaigaineratu zuen, baina ezer zehaztu gabe. Hurrengo astean beste bilera bat izatekotan geratu ginen, aukera guztiak (baita deialdia atzeratu behar izatea ere) zabalik utzita. Baina asteburuan HABEk azterketak ekainerako deituko zituela filtratu zen komunikabide jakin batzuetara. Horrek ikasleen zein irakasleen artean ezinegona piztu eta euskaltegietara dei zaparrada eta kezka ugari ekarri zituen. Benetan harridura eta haserrea izan ziren nagusi. Gurekin ez da beste kontsulta batzarrik izan. Hurrengo asteko batzarra euskaltegi guztietako arduradunei hartutako erabakien berri emateko izan zen. Ostiralean dekretua argitaratu zen.

Horren arabera, EAEko ikasle guztiek BECen egingo dituzte azterketak. Deialdi itxia (euskaltegietan egon diren ikasleena) eta irekia C1ekoen kasuan, biak egingo dira BECen. Guztion harridurarako, eta euskaltegien proposamenak eta laguntza eskaintzak aintzat hartu barik, izugarrizko jende kopurua biltzea eragingo du. EAEko azterketari guztiak metroan eta BECeko sarreretan pilatuta sortuko diren egoerek ez dirudite egokienak bizi dugun alarma egoera honetan.

Baina, zalantzarik gabe, deigarriena da idazlana izango dela deialdi itxiko ikasleek egin beharko duten proba bakarra, berezko generoa bilakatu den euskaltegiko idazlana, ikasleen errealitatetik nahiko urrun dagoena. Ahozko maila badutela bermatzeko froga tutoreak martxoan egindako lagina izango da. Inork ulertu ezin duen neurria, hori.

Hasteko, euskalgintzako sektoreak bere osotasunean eta Euskara eta Kultura Sailak egindako hausnarketa, txosten eta plangintza guztien arabera, ahozkotasunari eta erabilerari eman behar zaie garrantzia, baina ikasleek ez dute ahozko probarik izango. Argudia daiteke irakasleak aitortu egin diola maila hori euskaltegiko ohiko ebaluazioan, baina, mundu guztiak daki martxoan emandako notak kontuan hartzen duela, justutxu heltzen direnen kasuan, ekaina amaierara arte ahozko trebetasuna lantzeko aukera izango dela.

Urtero-urtero ahozkoa gainditu gabe geratzen dira ikasleen %30. Beraz, ez dirudi egin gabe uzteko moduko proba denik, ez behintzaten logika erabilita. Baina, hala ere, martxoan maila lortzeko tutoreak erabilitako laginak ontzat hartuko badituzte, zergatik ahozkoak bai eta idatzizkoak ez? Gordeta dauzkagun idazlanek ez dute fidagarritasun bera? Finean, ze zentzu dauka BECera joanarazteak idazlan bat egiteko?

Argi dago titulua nahi eta behar duten ikasleentzat onuragarria dela azterketatik ahozko proba kentzea, eta gu, urte osoan eurekiko enpatia garatuta, poztu egiten gara haiengatik, baina ez dirudi justua denik, ez euskararentzat, ez euskaraz bizi nahi dugunontzat, ez beste urte batzuetan azterketetara aurkeztu direnentzat.

Euskaltegiok tituluak geuk eman behar ditugun, eztabaida mardula dakarren gaia da. Sektorea ez dago egokituta oraindik ere. Baina inoiz horri heldu beharko bada, alarma egoera honetan aukera ederra genuen zenbait urrats eman eta gabeziak antzemateko. Baina HABEren erabakiak zur eta lur utzi gaitu guztiok. Aprobatu orokorra ematea ez litzateke konponbide errazagoa? Ala helburua BECen normaltasun argazkia lortzea da, gerora etorriko diren zita garrantzitsuetarako? BECeko idazlanen argazkiak ez dakit nori egingo dion mesede; euskarari, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.