Gizatasunaren izenean

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Harrigarria badirudi ere, ez dut orain arte astirik izan urriaren 22an BERRIAn idatzitako artikulu bati erantzuteko. Irakaslearen mugabako lanarekin guztiz harrapatuta, ez dut izan horretarako tarte txikiena ere. Luzaroan loari ere orduak kenduta aritu naiz, euskararen oinarrizko hitz eta egiturak desagertuta, espainieraz (eta ingelesez ere) idatzitako azterketa eta idatziak zuzendu eta zuzendu, bigarren batxilergoan euskara erabili eta barneratuta daukaten ikasleak oso gutxi direlako, euskarak gero eta gutxiago ardura duelako. Bai, gizabidetsua izateko nire berandutzeagatik barkamena eskatuta, baina Jose Mari Pastorrek idatzi zuen Utzi aitona sutondoan agindu-artikuluari erantzun egin behar diot (neure hau Irulegiko Eskuarena baino sekretu handiagoa izan baino lehen).

Pastorrek, anker, jatorrizko euskara baserriko sutondoan dagoen aitonari eta aitona horren euskara hortik ateratzeagatik egiten den bestelakoentzako errespetu faltari lotuta agertzen du. Aitona sutondoan uzteko aginduak, batek arbasoekin duen loturagatik adarra jotzeko helburuaz gain, jatorrizko euskara txoko horretara, baserrira, zahartzarora eta heriotzara, baztertzeko agindua dauka. Bestelako portaera ez dela errespetuzkoa dio ezelako errespeturik erakusten ez duen egileak. Beste euskara guztiak hobeak eta ulergarriagoak balira moduan. Baina, zorionez, batzuon egunerokoa ez eze, esaterako, hilak pizteko moduko rocka egiten duenarena, bizitzeko eta gozatzeko dei indartsu-indartsua eta ezin ederragoa egiten duenarena ere jatorrizko euskara da. Eskerrik asko (Gatibu eta gainerakooi) zuen musikagatik eta arteagatik, beti hain gazte eta hilezin irauteagatik, ze ni seguru nago, jatorrizko euskararen heriotza, euskararen heriotza izango da.

Jose Mari Pastorrek gizabidea eta errespetua arrazoiak aipatzen ditu norbere ingurutik kanpo norbere jatorrizko euskaran barik euskara batuan hitz egin behar dela argudiatzeko. Gizabidea eta errespetua arrazoiak dira, hain zuzen, euskaldunari euskararen ordez behin eta berriro espainiera inposatzeko erabili direnak. Hala gabiltza. Euskaldunak bere hizkuntzan hitz egiteko gero eta askatasun gutxiago dauka, beti jasan behar du bere jardun librea oztopatzen duen agindu bat edo beste.

Niri lehengoan gertatu zait, BERRIA hartzen dudan dendan (harpidedunok Bizkaiko inguru honetan postontzian barik denda baten hartu behar dugu BERRIA), dendariak espainieraz hitz egiteko agindu dit. Bai, eta hori lehenago harekin beti euskaraz jardun izan dudala, berak euskaraz dakielako. Eta zer egin behar izan dut? Gizabideagatik eta errespetuagatik bere agindua betez espainieraz hitz egin? Ba, ez dut halakorik egin, ze non dago berak niganako duen gizabidea eta errespetua? Eta hurrengoan nire jatorrizko euskaran nabilela batuaz egin behar dudala aginduz gero, zer? Zer izango da euskal hiztuna? Edonork maneiatzen duen eta inork errespetatzen ez duen txotxongiloa, ala?

Ahoz zein idatziz Bizkaiko euskara erabiliz atera nituen oposizioak duela 36 urte (Miren Agur Meabek, Jon Arretxek edo Unai Elorriagak lehen ipuinak idatzi zituzten euskalkian). Gaur egun badago halakorik egiteko askatasunik? Ez da euskaldunaren askatasuna gero eta murriztuagoa?

Nik ezin izango dut inoiz ahozkoan batuaren eredu onik eman. Esaterako, bizkaitarrok ez ditugu ahoskeran s/z, ez ts/tz bereizten, eta horretan ahalegintzen pentsatzean, Patxo Telleria eta Mikel Martinezen antzerki batzuetako eszena barregarri eta erridikuluak datozkit burura. Nik ez daukat zertan behartu neure burua berez jatorriz daukadan hizkuntza eredua baino askoz txarragoa emateko.

Baina egon zaitezte lasai (edo ez zaitezte lasai egon), euskara batua irakasten dut.

Eta, Pastorren artikuluaren beste puntu bati ere erantzun behar diot: ez da inondik inora egia batuaz izan ezean euskaldunok ez dugula elkar ulertzen. Euskaldunok jatorriz gaude euskara ezberdinetara ohituta, kilometro gutxira euskara aldatu egiten delako. Guretzat ezberdintasuna naturala da. Gure aitak (Gamizekoa zen) alabia esaten zuen, gure amak (Errigoitikoa) alabie; euren jaiotetxeen artean hamalau kilometro baino egon ez arren, amaiera, intonazio zein hiztegi ezberdinekoa euren euskara. Gamizetik lau kilometrora, Mungian alabea esaten da (Txorierrin moduan), Mungiatik kilometro bira, Gatikatik hasita Uribe kosta osoan alabé, Ondarroan ostera, alabí, batuaz alaba da. Ez daukagu arazorik gipuzkoarrekin ez beste euskaldunekin jatorrizko euskara erabiliz komunikatzeko. Zuberoara lehenengo pastorala ikusten joan nintzenean (duela mila urte) haiek batuaz barik bizkaieraz ulertu zidaten eta nik haiei zubereraz. Pier Paul Berzaitzek zuberotar eta bizkaitarren arteko lotura berezia aipatu zion duela gutxi Bizkaia irratiari Uharte bat diskoaren aurkezpen elkarrizketan. Txomin Peillenen heriotzan hunkitu egin ninduten Nora Arbelbideren hitzek BERRIAn Zuberoako ipuin zaharren biltze lanari buruz: «berak bildu du euskaraz osotasunean bizi zen Euskal Herri bat, oraindik globalizatu gabea, pentsamendua ere euskaraz zuena..». Baztertutako aitonarena.

Nabarmena da. Euskara batua ere anitza da. Kike Amonarriz eta Asisko Urmenetaren batuak jatorrizko gipuzkera eta nafar-lapurtera bezain ezberdinak dira, eta horregatik ederto ulertzen diogu batari zein besteari. Jakina, euskara baturako gure euskalkiko hitz eta egitura guztiak ezabatzen txapelduna bizkaitarra da beti, geure burua suntsitzeko agindu digutelako edo. Eta guztiz ulertezina egiten zait jatorrizko euskararen aurkako gurutzada anker hau, jatorrizko euskara hiltzen ari denean.

Batzuon sentimenduak eta ardurak bizirik daude. Hunkigarria egin zitzaidan guztiz hiztun gutxi geratzen zaizkion Bizkaiko Uribe Kostako berbeta islatuta irakurtzea Irati Elorrietaren (Neguko argiak) eta Unai Elorriagaren (Iturria) literatura sentibera eta ederrean.

Gizatasunaren izenean ezin zaio inori bere euskalkia aldatzeko eskatu, bere aurpegia edo gorpuzkera aldatzeko ere eskatu ezin zaion moduan. Gizatasunari denok ezberdinak garela onartzea dagokio. Euskaldunak ere (berdin da bakoitzaren aitona nor den) bera den modukoa eta berak izan gura duen modukoa izateko eskubidea izan behar du, askatasunez hitz egin zein idazteko eskubidea, inoren txotxongiloa izan barik existitu edo izateko eskubidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.