'Gara' eta euskal komunikazio-esparrua

Iñaki Dorronsoro Plazaola
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Komunikabideek ez dute errealitatea islatzen soilik: interpretatu eta landu ere egiten dute, eta, horrela, gizartea ekoizten dute. Horien bidez, komunitateak bere burua irudikatzen du, kanpoan nahiz barruan, arauzkoa eta baztertua, nagusia eta mendekoa, eta ohikoa eta exotikoa zehaztuz.

Azken urteotan gertatutako aldaketek komunikabide berriak ekarri dituzte, eta horiek gure ohiturak aldarazi. Hedabide tradizionalen ondoan, horien negozio-eredua zalantzan jartzen duten euskarri eta rol berriak sortu dira. Kazetaritza ezegonkortasun eta ziurgabetasun handiko garaian murgildu da; ibilbide luzeko hainbat komunikabide ixten ari direla ikusten dugu behin eta berriro. Horrek agerian jartzen du kioskoko prentsak zailtasun handiak dituela testuinguru berrira egokitzeko. Azken kasua L'Humanite? egunkari historikoarena da: 1904an sortu zuen Jean Jaure?s sozialistak, eta gaur egun ordainketa-etenduran dago.

Bestalde, ingurune digitalean (tresnatzat ez ezik, espaziotzat ere harturik), herritarrok harremanetan jar gaitezke elkarrekin, informazioa eman diezaiokegu elkarri eta zuzen-zuzenean komunika gaitezke bata bestearekin. Horrek aukera paregabeak eskaintzen ditu, orain arte ezagutzen ez zirenak, komunitateak sortu eta finkatzeko, bai zentzu mugatu eta intimoan, bai zentzu zabal eta sozialean. Hori bereziki baliagarria da Eusko Ikaskuntzan «Euskal Komunitate Globala» izenaz ezagutzen dugun horretarako, hau da, zazpi lurraldeetako eta diasporako (zortzigarren lurraldeko) herritarrok osatzen dugun komunitate horretarako.

Esan izan da Euskal Herria ez dela herrialde egituratua komunikazioaren aldetik. Hori horrela izateko hainbat arrazoi daude: komunikabide nagusien produkzio- eta banaketa-egiturak kanpoan daude, euskal eremu globaleko komunikabide gutxi daude (baita Euskal Herria erreferentzia nagusitzat duten komunikabide gutxi ere) eta eleaniztasunaren garapen desberdinak egoera estankoak edo zeharo poliglosikoak eragin ditu. Egia da azken hamarkadetan gabezia horiek gainditzeko saioak egin direla, batez ere gizarte zibiletik sortutako komunikabide berrien bidez, gure kultura kooperatiboari jarraiki. Halere, euskal errealitate orokorra hartuko duen euskal komunikazio-sistema sendo bat eraikitzeko lana egiteke dago oraindik. Komunitatea sorraraziko duen sistema bat, hasieran esaten genuen bezala. Eta sistema bezala begiratzen, ulertzen eta jarduten hasita, zenbait dimentsio hartu beharko genituzke kontuan: hizkuntza (euskara, gaztelania eta frantsesa), maila (tokikoa, lurraldekoa, herrialdekoa), komunikabide-mota (komunikabide tradizionalak, hedabide berriak, zinema, publizitatea...), dimentsio ideologiko eta politikoa eta eragileak (herri-ekimen kooperatiboa, ekimen publikoa eta ekimen pribatua).

Horrez gain, jarrera kritikoa sustatzen duten komunikabideak behar ditugu. «Komunikazioaren Aroan, gizakiak izaki arduratsua izaten jarraitzeko borroka ez da irabaziko komunikazioaren jatorrian, haren helmugan baizik [...] harrera pasiboan dimentsio kritikoa txertatzea beharrezkoa da», esan zuen Umberto Ecok, «gerrilla semiologiko» baten aldeko proposamenean, gizaki garaikidearen etorkizun paradoxiko eta zailari erantzuna eman nahian. Izan ere, inoiz baino informazio gehiago jaso arren, informazio-emari neurrigabe hori kudeatzeko behar baino tresna gutxiago ditu gizakiak.

Eusko Ikaskuntzan lanean aritu gara horren guztiaren inguruan, joan den udazkeneko Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren aurreko prozesu luze batean. Prozesu horretan egindako gogoetak Liburu zuriaren oinarriak izeneko agirian jasotako ideia, ekimen eta proposamenetan islatu dira. Agiri hori irakurtzea gomendatzen dut zinez (hemen dago: www.eusko- ikaskuntza.eus/files/argitalpenak/Libro_Blanco_bases.pdf).

Duela gutxi, ohorea izan zen guretzat Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren saria jasotzea. Saria emateko ekitaldian gogorarazi nuenez, Eusko Ikaskuntzak beti arduraz ikusi ditu lanbidearen arazoak, eta kontuan izan du komunikazioaren balioa kalitatezko demokrazia eraikitzeko eta Euskal Herri kultua eta kritikoa eratzeko. Izan ere, Eusko Ikaskuntza izan zen euskara hutsean idatzitako egunkari bat argitaratzeko asmoa azaldu zuen lehen erakundea, 1929an. Bost urte geroago, lehen Euskal Kazetarien Eskola sortzeko proposamena luzatu zuen. Eskola hura Kazetaritza Fakultatea izango zenaren ernamuina izan zen, eta fakultate horrek, geroago, hain desiratua zen Euskal Herriko Unibertsitatea ekarriko zuen. Unibertsitatearen beraren sorreran ere zeresan handia izan zuen Eusko Ikaskuntzak, hain zuzen ere.

Kazetari-lanarekiko begirunea eta miresmena erakutsiz, honako hau esan nuen saria jasotzeko ekitaldian: «Bizi garen garai ilun hauetan, euskal prentsako profesionalak gure gizartearen osasun demokratikoaren funtsezko zutabeak zarete. Gertakarien egiaren atzetik sortutako hitza behar dugu». Badakit «gertakarien egia» hori anitza eta askotarikoa dela, egiaren atzean gaudenok ere ez baikara «neutroak». Informatzeko jarduera, nahitaez, «perspektibista» da, Ortegak esango lukeen bezala. Baina, hori jakinda, eta egia-ostearen mezu manipulatuen eta erredukzionismoaren aurrean, argi dago erronka horiei aurre egiteko gai diren profesionalak eta komunikabideak behar ditugula. Gizarte gisa garatu behar dugu, eta hainbat «begiradaz» osatutako komunikazio-esparru aberatsa sortu. Eginkizun horretarako, guztiz funtsezkoa da Gara egunkariaren etorkizuna bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.