SF-78: inpunitatea versus justizia

Sanfermines-78: gogoan!
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioak, 117. artikuluan, honela dio: «Herria da Justiziaren sorburua». Alabaina, 1978ko sanferminetan gauzatutako ekintza kriminalen kasuan, adierazpen hantuste hori esaldi hutsa baino ez da. Urte hauetan horien inguruan emaniko ebazpen judizialek ez dute deus ikustekorik Iruñeko populazioaren parte handi batek gertaera haietaz bere egiten dituen kontakizun eta sentimenduarekin. Are, kontrako norabidean doaz.

2019ko urtarrilean Iruñeko epaitegietan jarritako azken kereila Sanfermines-78:gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, gertaera haietan zaurituriko zenbait pertsonak, Iruñeko Peñen Federazioak eta Iruñeko Udalak sinatu zuten, eta Nafarroako Parlamentuaren sostengua hartu zuen. Ehundik gora talde sozialek (sindikalak, kulturalak, gazte-taldeak, memoriaren ingurukoak, giza eskubideen arlokoak, feministak...) babestu zuten justiziaren eskakizuna. Azken hamarkadetan, Nafarroan, oso gutxitan jaso du ekintza penal batek bezainbeste sostengu sozial eta instituzionala. Alta, egia, justizia eta ordaina lortzeko sekula galdu ez dugun esperantzari berriro ere eskarnio egin diote.

Duela hilabete pasatxo Iruñeko 5. Epaitegiak emandako autoak kereila hori largetsi eta artxibatu du, haren ustez afera epaitua baita, salaketaren xede diren gertaerak aldez aurretik beste prozedura batzuen xede izan zirelako. Ikertzeko eginbiderik egiteko lana hartu gabe eta orain aurkezturiko froga berriak baloratzera sartu gabe, epaitegiak afera bukatutzat jo du. Berrogei urte iragan dira Justiziak bertze aldera begiratu eta ezin zela poliziarik epaituadierazi zuenetik, eraso kriminal hartan izandako erantzukizuna zehazterik ez zela iritzita. Bada, orain, Epaitegiak 1982-83ko artxibo-auto horiek moztu eta itsatsi egin ditu, bere eginez frankismoaren oinorde ziren epaile haien jardun laxoa.

Aurkezturiko kereilarekin batera, 1978ko uztailaren 11n Dionisio Bartrech infanteria-jeneral eta polizia-inspektoreorde nagusiak izenpetutako txostena erantsi dugu. Egun haietan Iruñera etorria zen jardun poliziala baloratzeko. Txostena berrogei urtez isilean gordeta izan da ezkutuko artxiboetan. Bertan honakoa berretsi zuen: ?Indar Publikoa zezen plazan sartzeko komisario nagusiak emandako agindua, horren bertsioa edozein izanda ere, erabat desegokia izan zen, ez bakarrik ikuspegi polizial batetik, baita oinarrizko sen onetik ere. 30 gizon toki itxi batean sartzea, bertan, segurtasun osoz, aurka erreakzionatuko zuen publiko ugaria zelarik, ausarkeria hutsa da. Orobat gehitu zuen: plazan sartzeko agindua jasota, polizia-komandanteak bidezko eragozpenak jarri edo errekerimendua betetzeari uko egin behar izan zuen, zerbitzuaren exekuzio materiala Indar buruaren eskumena baitzen. Alabaina, gertaera haiekiko ikuskaritza polizialaren gorengo aginteak sartzeko agindua zuhurtziagabekoa eta ausarkeriazkoa izan zela eta, horregatik, Polizia komandanteak, legalki, betetzeari uko egin zezakeela erratea ez du aintzat hartu epaileak. Irudi du denbora ez dela pasatzen epaile horiendako.

Epaile jaun-andreak, atzoko eta gaurkoak, beste mundu batean bizi dira. Airera tiro egindako balek zezen-plazan dauden pertsonak urdailean zauritzen dituzten eta hori normaltzat hartzen den munduan. Agenteetako inork ez zuela bere arma inoiz erabili German eraila izan zen tokian dioen bertsio poliziala ontzat ematen den horretan, tokian bertan Poliziak erabilitako munizioko hogeita hamar inpaktu baino gehiago agertu ziren arren, gehienak 0,90 m eta 2,30 metro bitarteko altueran. Bere burua independentetzat hartzen duen botere judizial bateko togadun jaun-andre horiek epaiak idazten dituzte Barne ministroen aginduetara (Rodolfo Martin Villa gure kasuan), bereak, gehienez ere, akatsak direla eta, besteenak, erailketak dioten ministroen aginduetara.

Largetsi eta artxibatzeko azken Autoa errekurritu ondoren, kexa bana aurkeztu genuen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren eta Botere Judizialaren Kontseilu Gorenaren aitzinean. Bertan, berrogei urteotan esku hartu duten epaitegiek izandako jokabide gaitzesgarria salatzen dugu: justifikatu gabeko luzamenduak izapidetzean, Barne ministerioak gauzaturiko boikotari atsegin ematea, akusazio partikularrak eskaturiko frogak errefusatzea, nazioarteko araudiaren aplikazioa ukatzea... Bada, gure harridura sekulakoa izan da ikustean, bi egunetan bakarrik!, gure kexa guztiz errefusatu duela bi erakunde horietako lehendabizikoak, funts handirik gabe. Orain arte gure kereilak izapidetzeko agertu dituzten pasibotasun eskandaluzkoa eta prestasun falta (2 eta 5 urteren artean, kasuen arabera) azkartasun ikaragarri bihurtu da orain. Epaile jaun-andreek ez dute pairatzen ahal bere jarduna kritikatu izana.

Gure irudiko, botere judizialak ez du zertan Zuzenbide Estatu batean dauden beste bi botereek (legegilea eta exekutiboa) duten errespetu edo begirune handiago edo txikiagorik izan. Justiziaren administrazioa, haren monopolioa baitute, ez da gure agintariei guztien ontasuna bilatzeko ematen diegun mandatua baino zintzoagoa. Haien togak ezin daitezke izan ezkutu bat haien jardunengatik kritika publikoa eragozteko, ezta haien epaitegiak belaunikatzera behartzen duten tenpluak izan ere.

Horregatik, 1978ko sanferminetako gertaerak bide judizialetik eramaten jarraituko dugu, baina, horrekin batera, behin eta berriz salatuko dugu Justiziaren zuzeneko erantzukizuna, Gobernuaren eta bere Barne Ministerioaren esku, 42 urte iraganik!, zalantza izpirik gabe Estatu krimena izan zena estaltzeko daramaten inpunitate politikan.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK IDATZI DUTE:Maite Azkonak, Xabier Barberrek, Helena Bengoetxeak, Ramón Contrerasek, Sabino Cuadrak, Xabier Diazek, Miren Egañak, Lourdes Etxeberriak, Odei Garzia de Aziluk, Aitor Garjonek, Mintxo Ilundainek, Mikel Jurikok, Amaia Kowachek, Mikel Legorburuk, Rubén Marcillak, Fermín Rodríguezek, Iosu Santxezek, Josu Sarasatek, Josu Txuekak, Mentxu Velascok, Ramón Vélez de Mendizabalek, Piru Zabalzak, Jaime Zelaiak eta Presen Zubillagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.