Katalunia. Independentziari buruzko galdeketa

«Eman litekeen irudi onena»

Kataluniako 947 udaletatik 920k babestu dute azaroaren 9ko herri galdeketa, eta hura antolatzeko laguntza eskaini diote Generalitateari.

Kataluniako Gobernuak iragarki alternatibo bat plazaratu du
Katalunia osoko bederatziehun udaletako ordezkariak bildu ziren atzo Generalitateko Jauregian. Herrien %96k adierazi diote babesa galdeketari.
Katalunia osoko bederatziehun udaletako ordezkariak bildu ziren atzo Generalitateko Jauregian. Herrien %96k adierazi diote babesa galdeketari. TONI ALBIR / EFE

Samara Velte -

2014ko urriak 5
Katalunia osoko 900 alkatek baino gehiagok bete dute Bartzelonako Sant Jaume plaza, Generalitateari mezu bakarra helarazteko: jarrai dezala independentziari buruzko galdeketa antolatzen, guztien babesa izango duelako. Artur Mas presidenteak harrera zeremoniatsua egin zien atzo: «Hemendik urte batzuetara, irudiok Kataluniaren historiaren parte izango dira, eta zuek izango zarete protagonistak, herritarren ordezkari zaretenez gero».

Kataluniaren etorkizun hurbila zalantzan dagoen egunotan, batasunari eusteak duen garrantzia nabarmendu du Masek. Agerraldiaren helburua ere horixe da: «Fer pinya», bat egitea. «Atzo gobernua eta talde parlamentarioak izan ziren; gaur, udalak eta herriak. Hauxe da gure herrialdeak behar duena eta eman litekeen irudi onena».

Pultsua. Hori da Kataluniako hedabideek gehien darabilten hitza egunotako egoera deskribatzeko. Zalantza: nori egingo dion besoak dardara, Madrili edo Kataluniari. Masek galdeketarekin daukan konpromisoari buruzko dudak uxatu nahi izan ditu: «Gehiengo parlamentarioa, adostasun politikoa eta herri mugimenduaren babesa dauzkagu; eta, orain, baita udalena ere. Hori guztia elkarrekin badoa, ezin izango gaituzte gelditu».

Izan ere, Espainiako Gobernuak Kontsulta Legeari helegitea jarri zionetik, horixe izan da subiranisten beldur handiena: Kataluniako Gobernuak atzera egitea. Generalitateak kanpaina informatibo ofiziala eten zuenean, are gehiago handitu zen kezka, eta ERCk eta CUPek gogor egin zioten, ostera martxan jar zezan. Ostiralean bilera luzea egin zuten galdeketa babestu duten alderdietako buruzagiek. Irteeran ez zuten askorik jakinarazi hitz egindakoari buruz, baina Masek batasuna eta konbentzimendua nabarmendu zituen: «Aurrera goaz. Jarraitu egingo dugu, eta elkarrekin egingo dugu».

Alderdi nagusiek argi daukate zein den euren funtzioa, eta instituzio nagusietako ordezkariak ere hala agertu dira egunotan: nor bere lekuan tinko. Bai, behintzat, irudietan. Grabagailuak itzalita daudenean geroz eta gehiago hitz egiten da hauteskundeak aurreratzeko aukeraz, baina diskurtso ofizialak ez du azarotik harago begiratu nahi: oraindik badago aukera A-9ko galdeketa salbatzeko.

Generalitateak iragarki alternatibo bat aireratu du, bertan behera gelditutako kanpaina ofizialekoa ordezkatzeko. Aurrekoa bezalatsu hasten da, baina gero mezu batek eteten du: «Espainiako Gobernuak eskatuta, helegitea jarri diote Kataluniaren etorkizun politikoari buruzko herri galdeketa ez erreferendarioari. Ondorioz, informatzen dugu: 1) Tu decideixes [zeuk erabakitzen duzu] kanpaina etenda dagoela behin-behinean eta badaezpada. 2) Kataluniaren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea bermatuko duten ekinbide legal, politiko eta instituzionalak bultzatzea erabaki duela Kataluniako Gobernuak».

Gainerako aktoreek ere egoerari dagokion moduan erantzun dute, bakoitzak beretik. 900 udalek baino gehiagok galdeketaren aldeko mozioak onartu dituzte asteotan, eta hura antolatzeko laguntza eskaini dute. «Espainiari eta munduari adierazi nahi diogu Kataluniak lortuko duela eta botoa emango duela», esan du Josep Maria Vila d'Abadalek, Viceko alkate eta AMI Independentziaren aldeko Udalen Elkarteko presidenteak: «Herriaren adierazpena gara: izugarrizko transbertsalitatea dago».

Hainbat herritan, PSCko hautetsiek ere babestu dute galdeketa, eta zenbait funtzionario ere prest agertu dira galdeketarako prestaketekin borondatez jarraitzeko, horren ondorioak edozein izanik ere. Kalean, abian da Ara és l'hora kanpainaren atez ateko galdeketa erraldoia, eta Bartzelonako Katalunia plazan kanpalekua zabalduta daukate oraindik Desobeïm kanpainakoek.

Bitartean, Madrilen...

Mariano Rajoyk ohiko zurruntasunarekin erantzun dio Kataluniako eskariari, eta galdeketa inposatzea egotzi dio Masi. «Inorekin hitz egin gabe iragarri dituzte erreferenduma eta hura egiteko eguna. Eta gero nahiko dute guk eman ezin eta nahi ez dugun zerbait ematea: legezko bideragarritasuna», adierazi du Espainiako presidenteak. «Auzitegi Konstituzionalak ere esan du nik esan berri dudana: ez dator bat konstituzioarekin», nabarmendu du, nahiz eta auzitegi horrek oraindik ez duen epairik eman Kataluniako galdeketari buruz eta soilik tramiterako onartu dituen Espainiako Gobernuaren helegiteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna