Kontuek ez dute hutsik egin

San Juanek irabazi du Gipuzkoako Ligako aurreneko estropada, Bilbon, erlojuaren aurka. Garaileak hamahiru segundo atera dizkio Hibaikari bigarren luzean, eta hor lortu du garaipena
San Juango arraunlariak, atzo, Ibaizabaleko uretan lortutako bandera ospatzen.
San Juango arraunlariak, atzo, Ibaizabaleko uretan lortutako bandera ospatzen. OSKAR MATXIN / ARGAZKI PRESS

Aitor Manterola

2017ko ekainak 18
Batetik bat. San Juanek aurreneko garaipena lortu du traineru denboraldi ofizialean, eta ez da inor harritu emaitza horrekin. Taldeak dena dauka irabazteko, eta horretarako lehen pausoa izan zen atzokoa. Bilbon ekin zieten emakumezko arraunlariek Gipuzkoako Ligari, eta Pasai Donibanekoek (Gipuzkoa) zazpi segundo atera zizkioten Hibaikari, eta 22 Oriori. Erlojuaren aurka jardun zuten lanean Ibaizabal ibaian.

Bi luzeko estropada izan zen, eta aurrenekoan gertatu zenak ez zuen iragartzen azkenera gertatua. Ez, behintzat, lehen bi sailkatuen artean izandako tartean. Izan ere, San Juanek ez zuen egin denbora onena lehen ziabogan, lan erdietan, alegia. Inor ez ez gai izan Hibaikaren denbora ontzeko, eta sanjuandarrei sei segundo kendu zizkien. Ez zen alde txikia, eta bandera irabazteko aukera ematen zion Errenteriako taldeari. Hibaika ere kuadrilla indartsua da, eta, talderik badago San Juani hortzak erakusteko, hura da, Oriorekin batera.

Bandera gertu antzean ikusiko zuten Hibaikakoek, San Juanek trainerua biratu zuenean ziabogan. Aurreneko bandera lortuko zutelakoan egongo ziren, nahiz eta jakin aurkaria San Juan izanik garaipena ez zegoela erabat lotuta. Pasaitarren baitan zer ibili zen buruan Oihana Cereijo arraunlariak azaldu zuen lanak bukatu eta gero: «Ez dugu burua galdu ziabogako denbora jakitean. Gure lanean jarraitu dugu, eta bandera irabazi».

Bigarren luze aparta egin zuten, eta lehen erdiko denborak irauli ere bai. Hamahiru segundo atera zizkion San Juanek Hibaikari tarte horretan; sekulako tartea da luze baterako. Hortxe bereganatu zuen bandera garaileak, eta hortxe galdu bigarren sailkatuak. Irabazteak sortzen duen pozaz gain, beste sentimendu bat ere zabaldu zen Batelerak ontzian: emozioarena. Aste gogorra izan dute taldean, Cereijoren beraren ama hil delako, eta arraunlari guztiak oroitu ziren taldekideak bizi izan duenarekin; baita haren amarekin ere. Tostetan zen atzo Cereijo, eta garaipen berezia izan zen atzokoa harentzat.

Taldearen lanari eman zion balioa Cereijok: «Oso txukun egin dugu arraunean, eta bigarren luzeari konfiantzarekin eta jarrera onarekin ekin diogu. Oso ondo egin dugu arraunean estropada osoan, erritmoan neurrian, eta teknikoki ere dotore».

Hibaikaren barruan, bigarren luze horrek emango die zer pentsatua, baina gorabehera hori alde batera lagata, balekotzat jo dezakete atzoko lana, ikusi baitute ez daudela aparte ustez talde indartsuena den horretatik. Lan handia ari dira egiten entrenamenduetan, eta esana dute lan zama horrek eragin egingo diela denboraldiko lehen zati honetan.

Oriorena izan daiteke ezustea, oso atzean geratu baitzen. Hogeita bi segundo San Juanek, eta hamabost Hibaikak. Ez da izango talde barruan espero zutena. Hernani izan zen atzo laugarren. Oriok baino bi segundo gehiago behar izan zituen lanak bukatzeko. Gauzak ondo, alde handiagoa dago bi talde horien artean. Oriotarrekin egindako alderaketaz gain, txalogarria izan zen atzo hernaniarrek egindako lana; baita Donostia-Arraunek egina ere. Bosgarren izan zen, eta Oriok hiru segundo baino ez zizkien atera.

Atzerago geratu ziren Deustu eta Donostiarra, eta bi horien eta beste hiruren artean ere koska egon zen: Portugalete, Lea-Artibai eta Castreña. Hurrengo estropada datorren larunbatean izango dute, Pasai Donibanen, 17:30ean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna