Tommy Caldwell. Eskalatzailea

«Ez dut berezko talenturik, eta obsesioa da eskalada»

Eskalatzaile osoa da Caldwell, horma handietako onenetakoa, obsesiboa, eta ezinezkoak ziruditen erronkak gauzatu ditu, El Capitaneko 'The Dawn Wall' bidea kateatzea, esaterako. Bilbon izan da, Mendi Film jaialdian, igoera horretan oinarritutako filma aurkezten.
MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko abenduak 11
Mendi Film jaialdiaren hasiera eguna da. Tommy Caldwell (Estes Park, Colorado, AEB, 1978), eguneko eta jaialdiko izarra, lur gainean hobeto moldatzen baldin bada ere, metrora eraman dute, aurkezpena egitera. Bera da jaialdia irekitzeko aukeratu duten The Dawn Wall filmaren protagonista. Caldwellek Kevin Jorgeson sokalagunarekin batera El Capitaneko horma tenteenetan egindako igoera izugarria eta mediatikoa kontatzen du filmak.

Elkarrizketa batetik irten berri da Caldwell. Lehen begiradan, ez du eskalatzaile itxurarik, baina, bostekoa ematean, nabari da haren hatzen gogortasuna. Ez da Bilbora etorri den lehen aldia. Bertan ikusi duena gustatu zaio. Euskal Herriko eskalatzaile batzuen erreferentziak ere baditu.

Nola hasi zinen eskaladaren munduan?

Aita kulturista eta mendi gidaria zen, eta harengandik datorkit eskaladarako zaletasuna. 3 urterekin hasi nintzen sokarekin eskalatzen. Gehienetan, aita izaten nuen ondoan.

Gaztetan beste kirolik egindakoa al zara?

Igeriketan eta mendian korrika ere ibiltzen naiz oraindik, eta, unibertsitatera joan aurretik, wrestling-a ere probatu nuen, borroka librearen antzeko kirola. Hala ere, beti eskalada izan da garrantzitsuena niretzat.

Aita oso zorrotza al zen zurekin?

Aitak argi zeukan txikitan mendizaletasuna garatu behar nuela; baina, behin txapelketetan lehiatzen hasi nintzenean, zorroztasun handiagoarekin gidatzen ninduen. Aita harroa da, eta oraindik ere jarrera horrekin jarraitzen du [barrezka].

Txapelketak aipatu dituzu. Gogoan al duzu jokatu zenuen lehena?

Bai, noski. 1995ean izan zen, 17 urterekin. Utahn [Colorado, AEB] jokatzen den Snowbird jaialdian izan zen. Inork ez ninduen ezagutzen, eta ni izan nintzen 67 metroko igoera egin zuen bakarra.

Gogoko al zenuen lehiatzea?

Snowbirdeko garaipenak ez zuen oihartzun handirik izan Ameriketako Estatu Batuetan, baina nik lehiatzen jarraitzen nuen. 19 urte bete nituen arte ibili nintzen lehiatzen. Esan dezaket gustura ibili nintzela urte haietan.

14 urterekin, hala ere, aitak, mendi gidari lanetan ari zela, Boliviara eraman zintuen, bezeroen talde batekin. Nola gogoratzen duzu bidaia hura?

Izugarria izan zen bidaia hura. Hilabete pasatu genuen bertan, eta bizitzarekiko ikuspegia zeharo aldatu zitzaidan bidaia haren ondoren. Oso jende txiroarekin ibili ginen, baina konturatu nintzen oso pozik bizi zirela hala ere. Berriro ere etxera itzuli ginenean, gogoeta asko egin nuen horren inguruan. Askotan, ez da dena eduki beharrik zoriontsu bizi ahal izateko.

2000. urtean bahitua egotearen esperientzia lazgarria ere bizi izan zenuen.

Nire lehen esperientzia izan zen eskaladaren munduan. Nire garai hartako bikotekidearekin eta The North Faceko beste bi lagunekin, Kirgizistanera joan ginen, horma batzuetan eskalatzeko asmoarekin. Halako batean, horma batean zintzilik geundela, tiroak entzuten hasi ginen gugandik oso gertu. Gerran zeuden bertan. Jaisteko esaten ari zitzaizkigun, oihuka. Handik jaitsi ginen, eta eta Uzbekistango Mugimendu Islamikoko lau soldadu zirela ikusi genuen. Bahituta eraman gintuzten, gauza guztiak han utzita. Sei egunez ibili ginen haiekin. Egunez, kobazuloetan ezkutatzen gintuzten, eta, gauez, oinez ibiltzen ginen.

Amaiera gogorra izan zuen bahiketa hark.

Bai, oso. Bosgarren egunean, lau soldadu izan beharrean bi ziren; seigarrenean, berriz, zeuden biak banatu egin ziren. Soldadu bakar bat genuen gurekin, eta nik argi neukan zerbait egin behar genuela. Besteei esan nien halakoren batean amildegitik botako nuela, eta lehen aukera ikusi nuenean horixe egin nuen. Aukera argia zen, hura edo geu. Unean bertan oso gaizki sentitu nintzen, izugarrizko negargura sartu zitzaidan. Lagunek asko lagundu zidaten. Gogorra izan zen, baina beste aukerarik ez genuen. Gerora, bahitzaile hura bizirik irten zela jakin genuen.

Zure bizitzako esperientziarik gogorrena izan al zen hura?

Orain arte bizi izan ditudanetatik, baietz uste dut. Sei egun oso gogor izan ziren.

Handik urtebetera, hatz bat ere galdu zenuen.

Bai, etxean egurrarekin lanean ari nintzela, ezustean, ezker eskuko hatz bizkorra galdu nuen. Zatia berreskuratu nuen, baina egun batzuen ostean ezin izan zuten ezer egin berriro ere itsasteko. Eskaladan oso garrantzitsua den hatza da, gainera, eta askotan pentsatu nuen agian ez nuela inoiz berriro ere maila berean ibiltzeko aukerarik izango.

Hatza galdu eta urte batzuetara emaztearengandik banatu zinen. Orduan hasi zinen etengabe eskalatzen.

Bai, hala da. Bi kolpe gogor izan ziren, eta eskalada izan zen zulo hartatik irteteko aukerarik onena.

Urte askoan Dawn Wall bidean (El Capitan, 900 metro) ibili zinen gora eta behera. Obsesio bihurtu al zen erronka hura?

Hamabost urtean El Capitaneko bide asko eskalatu nituen, eta argi neukan hurrengo erronka nagusia Dawn Wall igotzea zela. Urte asko pasatu nituen horma ari begira. Ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina saiatuz gero aukeraren bat izan nezakeela ere sinesten nuen. Bestalde, egunero han egoteko aitzakia ere bazen hura.

Eta lortu zenuten azkenean.

Bai, asko kostatu zitzaigun, baina lortu genuen. Hemeretzi egun behar izan genituen Kevin Jorgesonek eta biok. Ez dut sekula ahaztuko lortuko genuela pentsatzen hasi ginen une hura.

Sokalagunarekiko errespetua eta laguntasuna oso ondo irudikatzen dituen igoera izan zen.

Agian bai, ez dakit. Nik argi neukan erronka biona izango zela. Igoeraren hamabosgarren luzean, Kevin ezinean ibili zenean, gauzak asko zaildu ziren. Bosgarren egunean aurrera egitea lortu zuenean, argia ikusten hasi ginen.

Izugarrizko ikusmina izan zuen Dawn Wall-eko igoerak. Eskaladarekin zerikusirik ez zuten hedabide asko bildu zenituzten.

Bai, eromena izan zen. Lortzeko aukerak izango genituela ikusi zutenean, egunak eta gauak egin zituzten hormaren azpian. Lortu genuenean, poz handia izan zen denentzat. Nik familiarekin eta haurrarekin ospatu nahi nuen, baina han sortu zen ikusminak ez zidan utzi [barrezka]. Ameriketako albistegi eta egunkari guztietan atera ginen.

Eskalatzaileak obsesiboa behar al du?

Eskalatzaile batzuek berezko talentua dute eskaladarako, baina ez da nire kasua. Nire kasuan, obsesio handiarekin bizi dut eskalada, eta agian horrek eraman nau nire emaitzak lortzera.

Eskalatzaile batek ehuneko zenbat behar du berezkoa eta zenbat entrenamenduen eraginez lortutakoa?

Uf, agian erdia eta erdia. Badut eskaladarako gorputza, baina niretzat ezinbestekoa izan da entrenamendua eta saiatzea.

Gerora, Nose bidearen (880 metro, IV. graduko zailtasuna) marka etorri zen, Alex Honnoldekin egindakoa: ordu bat eta 58 minutu.

Oso diziplina arriskutsua da abiadurako eskalada, eta, egia esan, niri ez zait askorik interesatzen, baina Honnoldek eskatu zidan, eta lagun batekin ondo pasatzeko aukera gisa ikusten nuen.

Horrelako beste erronkaren bat egiteko asmorik bai?

Ez, oso dibertigarria izan zen erronka, baina arrisku handia ikusten diot horrelako gauzak egiteari.

Hedabide espezializatuek diote historian izan den sokaldirik onena izan dela Honnoldek eta zuk osatu zenutena. Zuk ere berdin pentsatzen al duzu?

Bai, oso talde ona osatzen dugu biok, eta energia ederra sentitzen dut Alexekin nagoenean. Esan dezaket nire eskaladarik onena haren ondoan lortzen dudala. Proiektu batzuk baditugu elkarrekin, Kanadara edo El Capitanera joatea, esaterako, baina biok ere oso denbora gutxirekin ibiltzen gara, eta ikusi egin behar dugu noiz betetzen ditugun erronkak elkarrekin.

Zer ematen dizu eskaladak?

Nigan konfiantza izatea, alaitasuna, baikortasuna eta maitasuna. Hori dena lortzen dut eskaladaren bitartez.

Askorentzat, munduko eskalatzailerik onena zara. Zer duzu esateko?

Egia da horma handiak eskalatzeko garaian ondo moldatzen naizela, baina beste arlo ezberdinetan, indarraren kasuan esaterako, ez naiz onena, ezta gutxiagorik ere.

Zertan zara ona?

Dedikazioan eta arduran. Askok bertan behera uzten dituzte helburuak, baina nik ez. Saiatzen jarraitzeko gaitasun handia dut.

Eskalatzaile perfektua egin beharko bazenu, zer gaitasun beharko lituzke?

Adam Ondraren fisikoa eta mentalitatea, eta Alex Honnolden burua beldurra kudeatzeko uneetan. Nire zerbait? Erronkei aurre egiteko dudan jarraitutasuna.

Horma handiak eskalatzen dituzu bereziki. Beldur handia pasatu izan al duzu eskaladan?

Bai, baina beldurra aldez aurretik ikusteko gaitasuna dut, eta horren inguruan gogoeta handiak egindakoa naiz. Askotan tokatu zait atzera egin beharra; esaterako, Dawn Wall-en ari nintzenean. Zazpi urte pasatu nituen harekin borrokan; beraz, pentsa zenbatetan tokatu zitzaidan atzera egitea.

Eskaladan ibiltzeko urterik onenak pasatu al zaizkizu?

Fisikoki, uste dut baietz, baina oraindik ere irakasteko urterik onenak gelditzen zaizkit. Eta argi daukat oraindik ere urte askoan ibiliko naizela eskalatzen.

Kirol eskaladan urte batzuetan ibilitakoa zara. 2020an, Tokion, olinpiar kirola izango da eskalada. Zer iritzi duzu?

Emozionatuta eta hunkituta nago eskalada olinpiar kirola izango delako. Uste dut gauza onak baino ez dituela ekarriko. Eskaladaren mundua asko hazten ari da, eta Olinpiar Jokoek hori ahalbidetzen dute. Jende asko ekarriko du eskaladara; jendea eskalatzeko hormetan hasiko den arren, pentsatu nahi dut gerora paretara jauzi egingo dutela. Ni oso aldekoa naiz.

Alde txarrik ikusten diozu?

Ez diot ezer txarrik ikusten. Iruditzen zait agian eskalada guneetan jende asko pilatuko dela; hori izan daiteke okerrena.

Eskalatzaile euskaldunak ezagutzen al dituzu?

Bai, bai, Pou anaiak, Josune Bereziartu, Patxi Usobiaga... Patxirekin eskalatu izan dut, gainera.

Zer pentsatzen duzu haiei buruz?

Talentu handiko eskalatzaileak dira. Kontuan hartuta zenbat jende bizi zareten, eta bertan dauden baliabideak ikusita, oso datu bikaina da hain eskalatzaile onak izatea hain eremu txikian. Jakin-mina sortzen dit datu horrek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria