Herri kataklismo teknologikoa (nortasun agiririk gabeko gizartea)

2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Lau hormetan estu (digitalki luze eta zabal). Asteak daramatzagu etxean sartuta, eta aparteko nahigaberik gabekoek aukera ere izan dugu ez bakarrik ohituraz egiten ez genituen gauzak egiteko, baizik eta aldi berean Whatsapp, Twitter, Facebook eta bestelako bitarteko teknologikoak jo eta ke lanean jartzeko, besterik ez dagoenean horiek komunikaziorako tresna bihurtuta.

Metafora bailitzan, txikitu da gure errealitate analogikoa, eta, trukean, gure errealitate digitala gailendu, kanpoko munduaren leiho, ezinbestekoa gertatzen ari denari buruzko erreferentzia baliagarriak/interesgarriak bilatzeko. Gure askatasun irudipen hori hazten doan neurrian, gure datuak zentralizatzen dira, sare sozialak eta bilatzaile inbutu jakin batzuk erabiltzen ditugunean (ihes egiterik ote dugu?).

Zaindaritzaren gizartea. Giltzapeko (edo lau hormako) errealitate analogikoaren askatasun digital horretan, ohi baino dokumental gehiago ikusteko aukera ere izan dut. ARTE kanal franziar-alemaniarrak (www.arte.tv) ezohiko programazio bateskaintzen du, baita dohainik eman ere zati handi batean. Telesaio horietako bat ikusi dut, oso egokia gure egoerarako: Zaindaritzaren gizartea (zazpi mila milioi susmagarri) (7 Billion Suspects, The Surveillance Society).

Dokumentalak kataklismo teknologikoaren leihoa irekitzen du, Anaia Handiaren gizartea. Duela urteak ari da face recognition edo aurpegi identifikazioaren teknologia umotzen. 2016an Nizan, Frantzian, izandako erasoen lorratzean, bertako udala probak egiten ari da hura kaleetan zabaltzeko, beldurraren mezuaren zilegitasunaren babesaz. Teknologia horren hornitzaile lanetan nor dabilen ez da sorpresa handia: Israelgo enpresa bat, inteligentzia zerbitzuei lotua. Israel zaindaritzaren gizartearen paradigma, urrezko (edo zilarrezko) kaiola.

Etxera bueltan, COVID-19aren zabalkundearen kontra,gure mugikorrei (=guri) jarraipenaegiteaz hitz egin dute Espainiako Gobernutik: osasun plangintzarako, omen (estatistikarako, omen). Hego Korean, mugikorren jarraipenaren bidez egiten diote aurre COVID-19ari, jarraipenaren bidez eta mapa publikoetan COVID-19ak jota egon daitezkeen pertsonen nondik norakoak erakutsiz, haiek saihesteko.

Zaindaritza zuzentzailea. Zaindaritza guztien paradigma da Txina. Gizarte puntuen sistema ezarri dute dagoeneko, eta agintariek hiritar eredugarritasunaren arabera kendu edo gehitzen dituzte puntuak. Eredugarrienek omentzeko kartelak lortzen dituzte hiriko kaleetan eta pantailetan; kontrako aldean, jarrera zuzenikagertu ez dutenen aurpegiak ere nabarmen jartzen dira guztien begien aurrean.

Puntuak galtzeak, azkenean, eskubide batzuen galera dakar. Pertsonen kontrola inon den kamera adimentsuen kopuru handienaren lanak bermatzen du.Kontrako aldean, argi printza bat zabaldu da San Frantziskon: bertako udalbatzak debekatu egin du kamera bidezko aurpegi identifikazio publikoa hirian.

Gizarte bat (herri bat) birprogramatzen. Hondamendi teknologikoaren gailurra (paradigma), baina (Orwellen 1984), Xinjiangen gertatzen ari da duela ia hamar urtetik hona, hedabideen arretatik landa, bazterreko lurralde batean.Herrialde horretan, txinatartzeko desnazionalizazio-birnazionalizazio programa anbiziotsu bat zabaldu du Txinako Gobernuak, teknologizazio zorrotz baten bidez. Lehen esperimenturako egokiera Txinako Olinpiar Jokoek jarri zuten 2008an, Txinako hiriburuan, aurpegi identifikaziorako teknologia zabalduz.

Harrezkero, kamerak nonahiez ezik, aurpegi kontrolerako postuak jarri dira Ürümqin, Xinjiangeko hiriburuan (laborategian). Poliziek elkarrizketa txikienak entzuteko gailuak dituzte, mugikorrek kontrolerako aplikazioak dituzte instalatuta, etxeko atariek familiari buruzko QRak dituzte. Ürümqiko meskitetako atarian, pankarta batek honela dio txineraz: «etnia guztiek bat egin behar dute, mingranondoko haziek bezala».

Uigurrak musulmanak dira, turkiar familiako hizkuntza bat hitz egiten dute, eta pertsiar-arabiar alfabetoa erabiltzen. Gutxiengoa dira egun beren herrialdeko hiriburuan (inoiz oso uigurra izan ez den arren). Egun, Txinako Gobernua txinatarrez populatzen ari da Xinjiang. Zure amesgaizto txarrenetako 1.000 bat berreziketa esparru jarri ditu herrialde osoan, eta 1.000.000 bat uigur herritar dituzte bertan giltzapetuta. Xinjiang da munduko lurralde zelatatuena.

Hiriburuko uigur gazteak hiriz kanpoko basoetara joaten dira elkarrekin askatasunez hitz egiteko, artean hor aurkitzen baitute parada berriketan lasai aritzeko. Kasu, ez eraman sakelakoa aldean. Orainaldi-etorkizun horretan ez da nortasun agiririk behar, nahikoa duzu mugikorra zurekin eramatea eta erabiltzea. Subiranotasun digitalaren erronka ez da txikia, inondik ere. Duela hamar urtetik honako uigurren errepresio etengabea etnozidiotzat/genozidiotzat jo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.