Tabuen heriotzaren bila

Xabier Iturralde Arregi
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Gogoan dugu, haurrak ginenean telebistaren aurrean begiak estaltzen zizkiguten moduan, irakasleek heriotzaren aurrean ere begiak estali nahi izaten zizkigutela. Momentu haietan ikasgela izoztu egiten zen; irakasleak isiltasuna eskatzen zuen, gurasoa ikasgelara sartzen zen haurraren bila, eta ikaslea ikasgelatik atera ondoren, gainontzekoei pinotxorenak baino istorio faltsuagoak kontatzen zizkiguten. Heriotzak zerbait txarra egin balu bezala, inolako errukirik gabe, baztertuz.

Tabuak tabu guk geuk egiten ditugu. Ni eta zuek tabuen sortzaileak gara. Tabuen inguruan autoezagutza pertsonala jaso dugu jada, inoren laguntzarik gabe. Zer gertatzen da, ordea, tabuak oraindik zer diren ere ez dakiten gorputzekin? Irakaskuntza gradua amaitzear gauden sei ikasle gara eta hezkuntzak gizartean dauden tabuekiko duen erantzukizunaz hausnartzera gatoz.

Heriotza helduen kontua delako ideia hautsi behar du gizarteak, eta hezkuntzak, ulertu. Inkontzientzian bizi diren haurrek egiten dutena ahalik eta ongien egiteko mezua jasotzen dute bizialdi osoan. Norberak gauzak ondo egin arren ere, guztia ez dagoela gure esku ulertarazi behar zaie, gure kontroletatik at dauden gertaerak existitzen direlako. Pilota partidak, bertsolaritza saioak, hilabeteak, egunak, orduak, hasi eta amaitu egiten dira. Prozesu guztiak bezala, bizitza ere hasi eta amaitu egiten da.

Gizartean hainbat zaporetako aurreiritziak ditu heriotzak. Gurasoek lore gorriekin ezkutatzen dute herioren bisita. Hezkuntzak eskuak garbitzen ditu. Ikuspegi beldurti horrek gaiarekiko axolagabekeria dakar. Haurrek laguntza behar duten momentuetan, informazioa eta laguntzeko moduak falta zaizkigu. Gizarteak ez du laguntzeko tresna eraginkorrik. Jokoz kanpo geratzen gara. Ikaslea, bitartean, mundura zertara etorri den eta nola alde egiten den galdetzen ari da.

Adituen arabera, heriotzaren errealitatea ezkutatzeak, ukatzeak edo mozorrotzeak ondorio negatiboak eragin ditzake; blokeo mentalak, ziurgabetasunak areagotu, haurrek sentitzen dutena barruan gorde, bizitzaren inguruan zalantzak, eta abar. Aldiz, adituen arabera, gaia haurrei aurkeztea positiboa da. Gauzen hasieraz eta amaieraz hitz egitea, mugak existitzendirela ulertaraztea, ikastaldea errespetuz entzun eta beraien beldurrak tratatzea... Horrez gain, heriotzaren kontzeptua bereganatzeak beren bizitzei zentzua, sakontasuna, edertasuna eta misterioa ematen die.

Hauxe da egun bizi dugun errealitatea. Ezkutatu, baztertu eta gugandik aldendu egiten ditugu beldurtu egiten gaituzten gaiak, haurrek ere berdina sentituko dutelakoan. Haurren garapen integrala ziurtatzeko, hezkuntzak heriotzaren errealitatea erakutsi behar du, bakoitzaren behar eta moduetara egokituta. Heriotza bizitzaren parte den mugimendu bat da. Errealitatea ezkutatzea, gerorako uztea da. Dionak gero, dio bego.

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Xabier Monterrubio, Jon Lopez de Murillas, Aitor ibarzal, Axier Lizeaga eta Martin Asurmendi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.