COVID-19: aukeren mundu bat

2020ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hondamendiak aukerak dira. Egoera berrietara egokitzeko malgutasuna lantzeko, erresilientzia indartzeko, larrialdien aurrean populazioa babesteko protokoloak fintzeko edota kontingentzia planak garatzeko... Ez dira gutxi itxialdi honek egunerokoan erakutsitako alderdi positiboak: pertsonen arteko harremanen balioa, gutxiago kontsumitzen (edo zarrasteltzen...) ondo bizi daitekeela edota futbol profesionalik gabe bizirik iraun daitekeela.

Krisiak aukera eman digu jakinak ziren alderdi batzuetaz (ziurrenez askorentzat ez hainbeste...) berriz jabetzeko: burgesiarako etekin ekonomikoa langileen osasuna baino garrantzitsuagoa dela (berdin Lombardian ala Euskal Herrian) edo gobernu askoren patronalarekiko menpekotasuna, esaterako.

Hondamendiak aukera izan dira beti negozioetarako ere. Kapitalista lehiatsuenek negozio aukera berriak irakurtzen eta garatzen dakite beti, lurrikararen osteko berreraikitzean (Haiti, kasurako), ejertzito okupatzaileari logistika emanez (Halliburton Iraken) edota gerrak armaz hornituz (euskal armagintza, hemendik mugitu gabe...). Oraingo honetan, adibidez, gertatuko den enpresa txiki eta ertain batzuen porrotak bertoko ekonomian izango duen inpaktuaz harago, aukera emango die mantentzen diren enpresei gehiago hedatzeko. Talde ekonomiko handi batzuk egiten ari diren akzioen erosketa masiboa ere aukeraz baliatzea baino ez da.

Makro-mailan, pandemia honek aukera eskaintzen dio bere kontraesanez ahulduta dagoen sistema kapitalistari arnasa berreskuratzen saiatzeko, hainbat modutan.COVID-19ak merkatuaren logikatik funtsezkoa ez den populazioaren zati baten garbiketa suposatzen du, birusaren erasoaren aurrean adinduak eta patologiadunak ahulenak direnez. Sektore horiek sistemarako errentagarritasun gutxiagokoenak dira, merkatu baliorik apenas sortuz, gutxi kontsumituz eta baliabide publiko handiak bereganatuz (behintzat pentsio eta osasun sistema publiko onargarria daukaten estatuetan). COVID-19ak beste gaixotasun bat ekartzen du burura: hiesa. Frogatu gabeko teoria batzuen arabera, sortua izan zitekeen soberazko populazioa ezabatzeko, batez ere Afrikan. Ez naiz teoria konspiratiboen zalea eta ez naiz sartuko ea COVID-19 laborategi txinatar batetik ezustean ala nahita atera zen, ezta ea Pentagonoa edo indar militar yanki-ak atzean dauden (azken posibilitate hori paradoxa izan zitekeen, AEBetan birusak izandako inpaktuari erreparatzen badiogu). Hala ere, ezin dugu ahaztu beren burua demokraziaren, askatasunaren eta giza eskubideen defendatzailetzat hartzen duten horiek populazioekin esperimentatzeko historikoki erakutsi duten eskrupulu falta: bonba atomikoak Hiroshima eta Nagasakin, agortutako uranioa Iraken eta Balkanetan, sifilisa eta gonorrea inokulatzea Guatemalan, denge hemorragikoa zabaltzea Kuban, baita AEBetako populazioa bera ere (ikasleak, militarrak eta, nola ez, presoak eta populazio beltza) hainbat agenteren eraginpean jartzea, kimikoak (lewisita, mostaza-gasa, agente laranja...), biologikoak (kukurruku eztularen eta sukar horiaren birusak...), erradiologikoak (plutonioa) zein drogak ere (LSD...). Birusaren erantzuleak haiek diren ez dakigu. A EBetako botere eliteetan txertatuta dauden anbizio handiko buru makiavelikoak milaka eta milioika pertsona hiltzeko gai direla nabarmen frogatuta dago.

Soberako populazioa gutxitzeaz gain, pandemiak aukera eskaintzen du kapitalismoa bera erreseteatzeko, bere aurrerantzeko ihesaldi suizidara kondenatuta egonik: gehiago erauzi, gehiago ekoizteko, gehiago kontsumitzeko; gero eta populazio gehiago eta baliabide gutxiagoko mundu batean. Ezinbesteko kapital metaketak, kapitalismoaren DNAn txertatuta, bere bideraezintasunaren hazia darama. Beste momentu historikoetan mundu gerren bidez erabaki ziren sistema munduaren kontraesanak agian oraingoan baretu daitezke, epe laburrean bada ere, pandemia batek sortutako astinaldiaren bidez eta ondorengo botere berrantolaketaren bidez (potentzien zein ekoizpen sektoreen artean). Zaharturiko zuhaitzari kimatze indargarria egiteko aukera.

Estatu nahiz zonalde mailan (EB, kasurako), egoeraren larritasunak sortutako ziurgabetasunak eta ikarak (kasu batzuetan gaindimentsionatuak) aukera eskaintzen die botere ekonomikoei beren boterea erratzeko, politika zehatzak ezarriz. Naomi Kleinek oso modu ulergarrian azaltzen zuen Shockaren doktrina dokumentalean. Pandemiak lan eskubideen eta askatasunen murrizketari bidea errazten dio, plusbalioa gehiago ateratzeko saiakera orokortu berri batean langile klaseari prekaritate gehiago onartzera behartuz. Aukera ederra ongizate estatua desmuntatzen jarraitzeko, baita kontrol soziala areagotzeko ere. Ekonomiaren izenean sakrifizioa eskatuko digute, langileon patua burgesiaren goraldiari lotuta dagoela irudikatuz.

Jendarte mailan, ezarritako itxialdia eta ondorengo kontrol sozialaren neurriak (geolokalizazioa, mugimenduen mugatzea —ekoiztera joateko ez bada—) paregabeko proba zelaia dira etorkizuneko balizko interbentzioetarako, epidemia baten kontra egiteko ala altxamendu sozial bat kontrolatzeko (Txilekoa han daukagu, konfinatuta egon arren). Kontaktua gutxitzeko ezinbesteko neurriez harago, bizi dugun egoerak aukera zabaltzen die esperimentu sozialei, beren osagai soziologiko, psikologiko, mediatiko edota kontsumoari lotutakoekin. Ejertzito espainiarraren agerpenak Iruñeko eta herri batzuen kaleetan ez daude logika horretatik kanpo. Ziurrenez, aurreikusita ez egon arren, aukeraz aprobetxatuko dira populazioaren mugimendua mugatzea beharrezkotzat joko duten hurrengoan interbentzioak perfekzionatuta izateko.

COVID-19a aukeraz betetako izurritea da bizitzen gainetik etekin tasa handitzea helburu duen elite ekonomikoarentzat. Ez dezagun zalantza izpirik izan nola aprobetxatu aztertzen ari dela. Hala ere, krisiak aukerak irekitzen dizkio herri antolatuari ere, ikasteko eta agerian geratu diren alderdi batzuen aldeko borroka indartzeko: zaintza lanen balorizazioa, osasun eta zerbitzu publikoen defentsa, kontsumo eredu hurbil eta arrazionalez kontzientziatzea, antolaketa kolektiboaren balioa edota herriari eta burujabetzari begirako beste eredu sozioekonomiko baten eraikuntza. Krisiek sortutako aukeretatik herriaren aldeko aldaketak ere bideratu dira, betiere aldaketarako oinarriak aurretik prestatuta (formazioa, antolaketa, borroka...). Izan gaitezen mehatxu eta ahuleziez kontziente, baita gure indargune eta aukerez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.