Jone Miren Hernandez Garcia.

Eguneroko ogia

2020ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Gustuko izan dut beti ogi bila joatea. Txikitan nahikoa zen etxeko pertsona nagusiren baten ahotik «ogi bila noa» entzutea, ni ere, «ni zurekin noa» erregutzen hasteko. Ogiak berak baino gehiago, erosketa sinple horri lotutako guztiak pizten zidan kuriositatea. Etxetik atera aurretiko prestaketak eta erritual txikiak; kalera irten, okindegirako bidea eta bide horretan topatutako ezagunak; horiekin izandako elkarrizketak. Okindegian bertan itxaron beharrak eta egoera horrek sortzen zituen aukerak: ilaran zegoen jendeari so egon edo eurekin hitz egin, okindegiko apal batetik bestera begirada pausatu. Eta usaina, ogiaren usainarekin gozatu. Gure txanda. Ogia erosi, jaso. Etxera berriz eta egindako bidea desegin.

Polita zen ikustea prozesu hau zelan gauzatzen zen leku eta testuinguru ezberdinetan (oporretara joandako lekuetan, adibidez), edota pertsona ezberdinekin: aitona-amonekin, esate baterako. Antzekotasun asko zeuden, baina baita n?abardura interesgarriak ere.

Denborarekin, ogia erostera pertsona heldurik gabe joaten hasi nintzen. Lehenik, etxeko martxan laguntzeko asmoz (mandatu txikiak eginez), geroago, jada gurasoen etxetik kanpo nengoela, niretzako ogia erosten hasi nintzenean. Horrela joan dira azken urte ugariak. Uste dut, ohituraren eta errutinaren poderioz, eguneroko zurrunbiloan sartuta, automata gisa edo jokatu dudala ogia erosteko garaian. Zeregin garrantzitsuagoen arteko une ñiminoa bilakatu da askotan, eta ez dut erreparatu ere egin galdutako xarma horretan.

COVID-19a iritsi arte.

Aurreko pasartean deskribatutakoa egiazkoa edo fikziozkoa izan daiteke, ber- din zaio. Eguneroko eszena baten kontaki- zuna da, ohiko errutinei lotutako ekintza baten ingurukoa: ogia erostea, eguneroko ogia.

Birusak, kutsatuak, gaixoak eta hildakoak eragin ditu. Eta gero, horri aurre egiteko botika soziala (edo kulturala): bakartzea eta etxeratzea. Txertorik gabe eta osasun sistemak gainezka egingo ote duen beldurrez, itxialdia eta urruntze soziala izan dira errezeta. Ohiko egunerokotasuna bertan behera geratu da, oraingoz behintzat. Horregatik, bat-batean, ogia erostera joatea zerbait berezia bilakatu da. Neurri batean berreskuratu du aurreko pasarteetan irudikatutako izaera errituala.

Berez egun hauetan antropologoentzat aukera ezin hobea (edo behintzat gutxienetarikoa) bilakatu da lekuan lekuko lana egiteko. Datorkigunaz baino gehiago, batez ere, dagoenaz eta bizi dugunaz jabetzeko ariketa izan daiteke ogiaren erosketa. Etxetik atera eta kaleak hutsik. Isiltasun berezia, trafikoak eragindako hotsen falta nabaria. Bidean, denda gehienak, tabernak, jatetxeak, kultur etxeak, kirol instalazioak, elizak, parkeguneak, lantegiak itxita.

Eta irekita dagoen okindegiaren aurrean, ilara. Gizonezko asko enkargutan (ohikoa izan ohi dena baino gehiago), adineko pertsona oso gutxi, ume edo neraberik ez. Banakako ilara, urruntze soziala dela medio. Jendea zain, geldirik, aukera baldin badago eguzkia hartzen. Gutxi dira pantailari begira daudenak; gehienak inguruari so. Posible denean ezagunen arteko elkarrizketak. Tartean, maskarak. Gehienek ez dute presa berezirik, agian, asperdura edo etsipen puntu bat. Giroan eta hitz trukaketan kezka, larritasun moduko bat eta, oso tartean, umore printzaren bat.

Ogia jasotzeko ere, distantzia, maskarak, eskularruak eta toki batzuetan metrakilatozko pantailak. Dendariak, langileak, deseroso, urduri.

Berriz etxerako bidean. Balkoiak. Egun herriko giroa dago bertan. Bizilagunen ar- teko hizketaldi ugari, aspaldiko partez. Leihoetan eskuz egindako apaindurak eta umeen marrazkiak agerian: S.O.S haurrak. Txakurrak nonahi. Eta euren jabeak. Kaleak hartu dituzte.

Ikusgai dagoenak faltan botatzen dugu- naren itzala proiektatzen du, egunerokotasun arruntaren itzala: kaleak mugimen- duan, plazak eta parkeak beteta, merkata- ritza zein ostalaritza martxan; eskolak, kultur etxeak eta kiroldegiak irekita; umeak, gazteak, helduak, nagusiak... euren zereginetan. Noiz bueltatuko dira egun arruntak? Nola bueltatuko dira? Bueltatuko dira?

Pandemia geratzeko gizarte ohiturak izan dira botika. Horiek maneiatu dituzte. Ohiko egunerokotasuna alde batera utzi eta berria sortu behar izan da. Hori ziur aski ez da arazo larriena, gaitasun sobera dugu aukera eman bezain laster berriz eguneroko moldeetara bueltatzeko. Arazoa da geldialdi honek eragindakoa, horren ondorioz etor daitekeena. Egoera berriak, bai ala bai, krisia izango du izena eta horrek bai, horrek sor ditzake aldaketak. Aldaketak eta desberdintasun handiagoak, birusaren aurrean denak (ia) berdinak garela ikusi badugu ere (teorian pobreak zein aberatsak hil dira), birusaren ondorioak ez dira denontzako berdinak izan eta ez dira berdinak izango. Aurrerantzean, agian pandemiak gure kulturaren parte bilakatuko dira. Eta ohitura bilakatuko da sendabidea herritarren egunerokotasuna aldatu beharra izatea. Hori, argi eta garbi, gerta daiteke klima larrialdiarekin zein maila globalean dauden bestelako auzi larriekin. Errazagoa dirudi ogia erostera joateri debekua edo mugak jartzea, pandemia honek munduaz, globalizazioaz edota gizarte antolaketaz erakusten diguna onartzea eta benetako irtenbideak bilatzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.