Azkarra zen mutikoa

ZALDI ERO.
2014ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Pedro Ignazio Elosegi Gonzalez de Gamarra. Amaia Mercedes Gregoria zuen ama. Ignazio, aita. Gasteiztarrak biak. Sei anaia-arrebatan zaharrena da Pedro. Generalísimo Franco kalean jaio zen. Horrek ere badu istorio-historia franko. Gaur egun Diputazio izena du kaleak; aurretik, Konstituzio zuen izena. Eta, beti, Andre Maria Zuria plazatik Arabako Foru diputaziora doan kale laburra dugu. 1964an, gaur egun Gasteiz hiribide luzea dugunak jaso zuen izen malapartatua, «Generalísimo Franco hiribidea». Pedro Elosegi jaio zen kaleari ezin, bada, Francoren diktadura faxista garaian Konstituzio izena berrezarri eta, orduan, Diputazio izena eman zioten. «Hantxe bizi ziren gure gurasoak amamarekin, aitaren amarekin. Amaren aldeko amamak, berriz, Casa Paco izeneko jatetxea zuen Mateo Moraza kalean, eta hantxe ibiltzen nintzen ni, kaleko ume, esaterako. Eta han ibiltzen nintzelako gertatu zitzaidan Zerkabarren kaleko euskara akademiara eramango ninduen pasadizoa… Garai hartan ezinezkoa zen Gasteizen euskaraz hitz egitea. Ez zegoen horretarako esparrurik. Abertzale giroan ere nekez zen euskaldunik... Esaterako, gure aitona-amonak ez ziren euskaldunak. Aita-amak ere ez. Ni, erdi euskalduna nauzu. Seme-alabak ditut euskaldun osoak. Lau anaia, ni bezain erdi euskaldun. Seigarrenak… bestelako euskalki bat darabil, Sevillan bizi baita!»

Pedro Elosegi Zerkabarren kaleko gelan hasi zen euskaraz ikasten, hiru urte zituela. Estibaliz hiribideko ikastolan jardun zuen eskola-orduz kanpo 1970etik 1974ra, Medikuntza ikasketak egin zituen sei urtez, 1976-77 ikasturtean txistu irakasle ekin zion Olabide Ikastolan eta bertan izan zuten 1982 arte. Ikastolatik urrundu zen baina ez luzaro. 1990ean Amagoia jaio zitzaion eta Olabide Ikastolan zen alaba hiru urterekin. Semearen txanda heldu zen hurrena, eta 2012 arte ikastola berean izan zen, ikasketak burutu artean.

Lanbidez, Gasteizko Folklore Akademiako zuzendari izan da 1990etik 2010 bitarte. Tartean, Arabako hiriburuko zinegotzi izana da EAJ alderdiaren izenean eta, gaur egun, Arabako Batzar Nagusietako kide dugu.

Eta, gure aldi honi dagokionez, Gasteizko lehenengo ikastola modernoaren lekuko bizi eta argia. Jakinarazi zigun Izaskun Arruek berak ere: «Azkarra zen mutikoa!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.