Txuri-beltzeko oroitzapenak

ZALDI ERO.
2014ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Orexatik (Gipuzkoa) dator Arantxaren Urretabizkaia, Gabriel Arestiren Urretagipuzkoa hura. Gudari izan zuen aita, Patxi, Saseta gudarosteko komandante eta komisario politiko izana, heriotza zigorra jasotakoa, zazpi urte kartzelan egindakoa, Burgosen, besteak beste, Koldo Mitxelenarekin batera. Kartzelan zegoela ezagutu zuen Karmen Bejarano, eskutitzez, eta irten bezain laster ezkondu ziren: lehenengo alaba etorri zen, Karmen, eta ama Arantxaren esperoan zegoela berriz harrapatu zuten Patxi Urretabizkaia, erresistentzian ari zelako, zer edo zer berreraiki nahian. Kartzelara, berriz. 1947an Donostia eta Hernanin izandako erorketa handiko kontuak. Melitonen Manzanasen atzaparretan izan zen, «eta ez zitzaion ahaztu hil zen artean». 1947an uztailean jaio Arantxa, eta irailean ezagutu zuen aitak haur jaio berria, presondegietako ama zaindari Mesedetako Andredena Mariaren egunez, irailaren 27arekin. Gurasoek erabakia zuten haurrari Arantzazuko Amaren izena jarriko ziotela, eta halaxe da Arantxa gure idazlea.

Arantxaren Bejarano amarena —sefardi izena, Bejarano—, Espainiako Extremaduratik datorkio. Azken karlistadan, handik Euskal Herrira etorri zen birraitona, pesetero, soldadu lanetan mertzenario. Arantxak kantatuko dizu: «Don Carlosek baditu, boluntarioak / boluntarioak, ez peseteroak / ai, ai, ai, mutilak, ez peseteroak». Itsasondon gelditu zen birraitona hura, eta bertakoak izan zituen Arantxak amaren aldeko aitona-amonak.

Arantxa Urretabizkaia Bejarano (Donostia, 1947), kazetari eta idazle, irakurlearen merezimendua aspaldi irabazi zuena, oraindik ere lanean ari dena. Batere ez genekiela, liburu berria dakarrela esan digu: Txuri-beltzeko oroitzapenak, Pamiela argitaletxearen eskutik etorriko zaigu laster batean. Bitartean, zozoen elean jardun dugu, elkarrizketatzaile zaildua elkarrizketatzen: «Elkarrizketa bat onartzen duzunean, beste inoren begirada onartzen ari zara, bai zure bizitzarekiko, bai egin duzun lanarekiko ere. Besteren begirada ezin izan liteke zeurea, baina horixe da elkarrizketaren jokoa, idatziak lehenengo planoan jar dezake norberarentzat garrantzirik ez duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.