itziar ugarte irizar
Donostiako 67. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Begi erreak, begi eneak

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Baldin eta zerbait esan badio ikusitakoak, gertuko batek pelikulari buruz esaten duen lehen gauza da: «Oso zineforumekoa». Hori da irizpideetan irizpideena beretzat, eta esaten badu, esan nahi du baduela mamia, egurtzeko zein maitatzeko, baina baduela. Seinale ona izaten da, eseri eta luze hitz egiteko ematen badu filmak, ertzak bilatu, harietan galdu, buruan hartutako irudi, soinu eta hitzei ahal beste heltzeko aukera oparitzen badu. Iruntzitara, ez badu zineforuma aipatzen, gutxiengoa bete ez duen sintoma izaten da; zinez hotz utzi duela, alegia.

Zinemaldiak sortzen dituen iritzi lasterketa eta txiosferako nork-daki-nork-baino-gehiago guztiak aparte, zinema bizitzeko moduak bakoitzak bereak ditu, zurrunbiloak edonor eramaten duen arren berekin. Egunak aurrera joan ahala, aztertzekoa da nondik hasten den bakoitza ikusi duen azken filma azaltzen, zeri jartzen dion azpimarra eta zer ez duen inoiz aipatzen.

Esate baterako, Bong Joon-ho korearraren Parasite ikusita irten ahalaz bat, batek zuzendariak kamerarekin duen kontrola aupatzen du, eta hitzez hitz errepikatzen du besteak aita-semeek elkarri esan diotena gaua kiroldegi batean pasatzen amaitu dutenean. Ikusle fina da bata eta finagoa bestea?

Irakurle klubetan ere gertatu ohi da: taldeko kide bakoitzak bere erara ateratzen dizkio barrenak liburuari, azalerago batzuk, ur sakonetan besteak. Eta gero iristen da asteazken iluntzea, hasten dira iruzkin denak airera ateratzen, eta beti dago bigarren mailako irakurle sentitzen denik, ez delako itxuraz hainbat gauzaz ohartu, ez delako gai izan denek egin duten lotura orain hain ageriko hori bere kabuz egiteko. Horra konplexuak, frustrazioak.

Antzera gerta daiteke hemen. Irten zaitezke Antzoki Zaharretik Oliver Laxeren O que arde ikusita, pozik, etxera bidean ikusitakoa mamurtzen, zineforum txikian geruzak gehitzen. Eta biharamunean inork galdetzen badizu: «Zer, zelan atzoko pelikula?». Nor den, modu freskoago batean azalduko duzu, edo, agian, ikuspuntu jasoago batetik saia zaitezke —«ze kutreak garen», Asier Altunak—. Benedicta aipatuko duzu, sua, Galizia, eta irudi bat: kiskalitako lurretan agertzen den zaldi batena, haragia belztuta, begiak erreta. Andrei Tarkovskiren Offret filmeko sutea aipatuko dizute bueltan, eta inbidia-barrea aterako dizute, ze ezagutza gauza ederra da, eta begia fintzen du. Eta, halere, ze indar zuk ikusi dituzun zaldi begi erre horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.