Sandra Sevillano. Mendi korrikalaria

«Urte gogorra bezain polita izaten ari da»

Bere kirol bizitzako denboraldirik onena amaitzera doa. Denboraldiaren bigarren zatian uxatu zituen urte hasieran izandako zalantzak, eta Espainiako Mendi Federazioaren Txapelketa eta Kopa irabazi ditu aurten.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Unai Ugartemendia -

2018ko azaroak 27
Itzuli da Sandra Sevillano (Gasteiz, 1984). Bigarrenez ama izan, eta mendi lasterketetara itzuli zen iaz, eta maila gorenera aurten. Jauzi bat egin nahi du 2019ko denboraldian.

Abendua iristear da, eta oraindik ez duzu bukatu denboraldia.

Ez, Espainiako Atletismo Federazioaren Txapelketa jokatu behar dut, Murtzian. Eromena da gaur egungo egutegia: batetik, mendiko federazioaren lasterketak; bestetik, atletismo federazioarenak... Erotu egingo gara!

Urte hasieran nork esango zizun horrelako denboraldia egingo zenuenik.

Ez nuen pentsatu ere egiten. Geldialdi luze bat egin nuen, eta horrelakoetan denok dakigu zenbat kostatzen den berriro ere sasoiko jartzea.

Bigarrenez ama izan zinelako egin zenuen geldialdia.

Bai. Aurretik banuen 8 urteko seme bat. Azken urteetan bizitza asko aldatu zait.

Mendiko lasterketetan zabiltza, baina errepidean hasi zinen.

Gasteizkoa naiz, baina Bilbora bizitzera etorri nintzen arte ez nuen inoiz korrika egin. Ordura arte gimnasiora joaten nintzen. Lehen semea izan nuenean, denbora gutxiago nuen, eta korrika egiten hasi nintzen.

Denbora gutxian oso ondo aritzea lortu zenuen.

2013an errepidean korrika egiten segitu nuen, eta hurrengo lasterketa Bilboko maratoi erdia izan zen. Harrigarri, irabazi egin nuen.

Zergatik utzi zenion errepidean korrika egiteari?

Bilbon irabazi ondoren, Donostiako maratoi erdira joan nintzen maiatzean. Oso lasterketa arraroa izan zen: kenyarrak oso urruti ikusten nituen, oso erritmo biziak, bi itzuliko ibilbidea... Ez dakit zer arraio gertatu zitzaidan, baina han erabaki nuen errepidea uztea, ez ninduen konbentzitzen.

Orduan egin al zenuen jauzia mendira?

Bai. Lehenengo Bilbo Menditrail lasterketan egin nuen debuta. Une batean lehen postuan ere joan nintzen, baina azkenean bigarren amaitu nuen, Maider Callejaren atzetik.

Zer oroitzapen duzu?

Ikaragarri gozatu nuela. Arraroa egiten zen hiritik irten eta mendira jotzea korrika egitera. Askatasuna sentitzen nuen mendian. Oso indartsu sentitu nintzen lasterketa guztian. Handik aurrera, lasterketa asko egin nituen, baina kilo asko galdu nituen denbora gutxian, eta elikadura zaintzen hasi nintzen nutrizionista batekin. Berarekin entrenatzen hasi nintzen, eta hurrengo urteko egutegia ere harekin moldatu nuen.

Denbora gutxian lasterketa asko irabazi zenituen. 2014an, esaterako, Euskal Kopa ere bai.

Aldaketa handia izan zen egutegi bat izatea. Denboraldi-aurre bat ere egin nuen, elikadura ere zaintzen nuen... Dena neurtzen hasi nintzen. Lasterketetan ondo sentitzen nintzen, sasoiko ikusten nuen neure burua, eta Kopa irabazteko aukerak ikusten hasi nintzen. Alizia Olazabalek gauzak zail jarri zizkidan, baina irabaztea lortu nuen.

Espainiako Kopan ere aritu zinen 2015ean.

Bai, urte zaila izan zen hura niretzat. Espainiako Kopan hirugarren nindoan gauzak okertzen hasi zirenean.

Urte zailak izan ziren hurrengoak, bai kirolean, bai bizitzan.

Bai. Banandu egin nintzen, eta alde batera utzi nituen korrika eta beste hainbat gauza. Hala ere, gauza asko ikasi nituen bizitzaz. Handik oso denbora gutxira, 2016an, berriro ere ama izan nintzen.

Itzultzeko esperantza galdua al zenuen?

Ez nengoen ziur. Arantza barruan sartuta neukan. Askotan galdetzen nion neure buruari ea zergatik ez nintzen berriro itzuliko. Banekien denbora eta pazientzia beharko nituela. Indarberritzeko astia hartu nuen.

2017an itzuli zinen, eta ez edonola.

Bai. Lehen lasterketa UZ Trail izan zen, eta oraindik ere gogoan dut zer-nolako urduritasuna nuen irteeran. Hirugarren amaitu nuen. Kanpoan ere egin nahi nuen korrika, eta Kantabriako [Espainia] Dobres y Cucayo lasterketara joan nintzen uztailean. Irabazi egin nuen. Hala ere, garrantzitsuena berriro ere goi mailan aritzeko sasoia lortzea zen. 2018ra begira jarrita nengoen ordurako.

Ez duzu berehalakoan ahaztuko 2018. urtea.

Hala da. Urte gogorra bezain polita izaten ari da.

Denboraldia hasterako egutegia egina al zenuen?

Gauza bakarra nuen argi: Espainiako Kopa osoa jokatu nahi nuela. Beste guztia sortuz joan zen.

Ez zinen oso ondo hasi Espainiako Kopako lehen bi probetan, Malagan eta Jerten (Caceres, Espainia).

Egia da, ez nintzen espero bezain ondo hasi. Malagan egin nuen lehena, eta seigarren postuan amaitu nuen. Oinetako barne zolak estreinatu nituen, eta izugarrizko babak egin zizkidaten. Jerten ere antzeko ibili nintzen. Zerbait banuela konturatu nintzen. Entrenatzen lehiatzen baino askoz ere hobeto nenbilen, eta Jerteko lasterketa mugarria izan zen. Argi neukan zerbait pasatzen zitzaidala.

Orduan erabaki zenuen entrenatzailea aldatzea.

Bai, nigatik baino gehiago, nire bikotekidearengatik. Jertetik itzuli nintzenean, gauza asko pasatu zitzaizkidan burutik, eta hortik etorri zen entrenatzailea aldatzearena. Entrenatzaile berriak gauza batzuk aldatu zizkidan: esaterako, zintan malda handienarekin serieak egiten hasi nintzen, lehenik kilometro bat, gero bi... Izugarrizko aldaketa izan zen; dena berria zen niretzat.

Azkar hasi al zinen aldaketa nabaritzen?

Hasieran beldurra nuen, ez nekien aldaketak zer-nolako onurak ekarriko zizkidan. Ohitura batzuk nituen, aldaketa handiak ziren, egun batzuetan entrenamendu gogorrak, hurrengoan geldirik... Muskizen [Bizkaia] egiten den lasterketa batean, Mello sarian, oso sentipen onak izan nituen. Motibazio handia eman zidan lasterketa hark. Handik Espainiako Kopako hirugarren probara joan nintzen, Kataluniara, eta han bai, han oso ondo ikusi nuen neure burua. Bigarren amaitu nuen, Espainiako Kopan izan dudan aurkaririk gogorrenaren atzetik, Bel Caleroren atzetik.

Hirugarren proba jokatu aurretik, Espainiako Txapelketa irabazi zenuen. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Izugarria izan zen. Gauza guztiak alde izan nituen, eta hegan joango banintz bezala sentitu nintzen lasterketa guztian. Helburua ahalik eta posturik onenean geratzea zen, baina motibazio izugarria zen lasterketa irabaztea. Irabaziz gero, Munduko Txapelketara, Eskoziara joateko aukera izango nuen. Ez nuen aukera alferrik galdu nahi. Inoiz izan ditudan sentsazio onenak izan nituen egun hartan.

Irudi polita izan zen hura, bi euskaldun, Aritz Egea eta zu, podiumaren gorenean ikustea.

Niretzat, behintzat, bai. Aritzi gogoratu nion 2014an ere, Euskal Kopan, hala amaitu genuela. Izugarria izan zen euskal selekzioko elastikoarekin han egotea.

Handik aurrera garaiezin bihurtu zinen, Espainiako Kopako azken bi probak irabazi zenituen.

Espainiako Txapelketatik oso indartsu itzuli nintzen, eta banekien aukera nuela Kopa irabazteko. 2015ean, hirugarren nindoala, utzi egin behar izan nuen, eta orduko arantza ateratzeko balio izan zidan.

Irabazteak Munduko Txapelketarako sailkatzeko aukera eman zizun.

Bai, ez dut sekula ahaztuko une hura. Txapelketa irabazi eta gero, hautatzaileak esan zidan Eskoziara joateko hautatu ninduela. Niretzat izugarrizko saria zen hura, inoiz ez bainintzen kanpora joan korrika egitera.

Zer oroitzapen duzu Munduko txapelketaz?

Bertan bizitako esperientziarekin gelditzen naiz, gehienbat. Gainera, inoiz ez nuen kilometro bertikal bat jokatu, eta han egin nuen lehen aldiz. Lasterketarekin ere oso gustura gelditu nintzen: zazpigarren postuan amaitu nuen.

Urtean lortutako garaipenek eta emaitza onek ekarri al dizute babeslerik?

Laguntzaile bakarra dut, FisioClinics Bilbao. Kirolariari askori laguntzen digute bertan, eta prestatzaile fisiko bat ere badut orain. Ez dut beste ezer jaso. Albaceteko [Espainia] talde batek deitu dit haiekin korrika egiteko, baina oraindik ez dut ezer pentsatu.

Baloratua sentitzen al zara?

Bizi naizen herrian, Santurtzin [Bizkaia], bai. Omenaldi bat ere egin zidaten, eta, egia esan, ilusio berezia egin zidan. Jendearen berotasuna sentitu nuen egun hartan. Orain, urteko kirolaririk onenaren sarirako ere izendatu naute.

Zenbat entrenatzen zara?

Astean sei egunez ibiltzen naiz; egun batean bakarrik hartzen dut atseden. Hala ere, noizbait nekatuta-edo sentitzen banaiz, ez dut arazorik izaten atseden hartzeko.

Urte batzuetan korrikalari oso onekin ibili zara lehian. Nolako ezaugarriak behar ditu mendi korrikalari batek?

Oihana Kortazarren abiadura eta oinak, Maite Maioraren burua eta sufritzeko gaitasuna, Paula Cabrerizoren indarra, Gemma Arenasen erregulartasuna...

Espainiako Atletismo Federazioaren Espainiako Txapelketa jokatuko duzu hurrengo astean. Zer asmorekin zoaz Murtziara?

Lan ona egin nahi nuke, baina esan didate izugarrizko maila izango dela. Ez nago ekainean nengoen bezala, baina saiatuko naiz. Irabaziko banu, Portugalgo Munduko Txapelketara joateko aukera irabaziko nuke, ekainerako.

Datorren urteari begira, non lehiatzea gustatuko litzaizuke?

Munduko Kopa jokatzea gustatuko litzaidake, baina oso zaila da. Hurrengo urtean, gainera, distantzia ezberdinak nahastuko dituzte, eta, gutxienez, ultra distantziako lasterketa bat egin beharko da.

Ilusio berezia egiten al dizu Munduko Kopak?

Jauzi bat eman nahi nuke, kanpoan lasterketa bat behintzat jokatu. Golden Trail Serieseko lasterketak begiratu ditut, eta, agian, Zegama-Aizkorrin eta Montblancen egoten saiatuko naiz. Bestalde, datorren urteko Espainiako Kopako egutegiko lasterketa gehienak gertu izango dira, eta Espainiako Txapelketa ere jokatu nahiko nuke. Ez dut ezer zehaztu.

Eta ultra distantziak? Ez al zaituzte erakartzen?

Uf, oraingoz ez dut pentsatu ere egin nahi. Orain arteko distantzia luzeena 46 kilometro izan da, eta kilometro batzuk sobera nituen. Etorkizunean? Ez dut baztertzen, ia ziur bakarren bat egingo dut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria