Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Sail Ofiziala

Iluntasunak sendabiderik balu

Mikel Zumeta.
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun

'A Dark-Dark Man'



Zuzendaria: Adilkhan Yerzhanov. Herrialdea: Kazakhstan. Iraupena: 130 minutu.

Badaude ilunak diren pertsonak, eta ilunak diren egoerak, ilunak diren garaiak eta ilunak diren klimak, tonuak, eta, nola ez, koloreak.

Zuzendariak Kazakhstango baserri ingurura eramango gaitu thriller poliziako bitxi honetan, landa, soro eta paisaia erraustuetara, bertan bizi diren pertsonaiak bezain erraustuetara.

Ume bat erailda agertuko da ukuilu huts batean, eta maindire batekin estali egingo dute basakeria, horrek nolabait gertatutakoa arintzeko gaitasuna balu bezala. Erruduna hautatua izango da, erruztatua, salatua eta kondenatua.

Filmak gizartearen ustelkeria salatuko du, Poliziarena, politikariena, mafiena. Baina hau ez da nolanahiko pelikula izango, thrillerraz mozorrotu den filmak ez duelako thriller soila izateko ez asmorik, ez gogorik.

Zuzendariak, trama garatu heinean, tonu oniriko eta naif batekin, pertsonaia, asmo eta ikusmolde jakin batzuk txertatuko ditu istorioan, umore zertzeladen bidez azaltzen zaigun gordintasunari aurre egin nahiko balio bezala.

Iluna baita azaltzen digun ustelkeria, oso iluna. Zuzendariak esan bezala, etengabeko tonu aldaketen bidez ikuslea txunditzen saiatuko da, umore naif eta bitxi baten bitartez, iluntasunaren aurkako sendagaia balitz bezala. Iluntasunari erronka eginez, errealitatea eraldatu nahian.

Irudi eta sinbolo ugari ikusiko ditugu filmean; kolore horia, esaterako, edo justiziaren itxura hartuko duten pertsonaiak, begiak estalita. Justizia itsua dela diotelako, baina begietan duen zapia kenduko du filmean, ezin baitu ez ikusiarena egin.

Agian oso-oso iluna den errealitate batez hitz egin nahi digu pelikulak, baina ez du modu batere ilunean egingo. Berezia da oso Adilkhan Yerzhanov zuzendariak proposatzen duena; arriskatua, eta tamaina batean interesgarria, nahiz eta, orokorrean, tonu eta estilo ariketaren emaitza ez zaidan guztiz asmatua iruditu. Mezua, berriz, nire egin dut. Bada jende iluna, baina argiak lagunduko gaitu gauzak beste modu batez ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.