Donostiako 66. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Bazkari gatazkatsua

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko irailak 25
Badu sekuentzia sorta bat Kirill Serebrennikov zuzendari errusiarraren Leto filmak voyeurrari arreta eman diona. Perestroika aurreko Leningraden, 1980ko hasieran, rock eszena indartsu bat azaldu da. Ahaire anglosaxoi berriekin liluratutako rockzale gazte saldoak Led Zeppelin, T-Rex, Velvet Underground eta David Bowie entzuten pasatzen ditu orduak eta egunak; ingelesez entzuten dute rock eta pop musika hori, eta beraiek sortu eta osatutako taldeetan ere ingelesez abesten dituzte kanturik gehienak. Aitzitik, bada 1970eko urteetako rock anglosaxoi hori nolabait gainditu nahi duen mutil bikote gaztexeago bat. New wavearen ildoari helduz, bai euren kantuei bai euren estetikari molde neoerromantiko bat eman, eta euren kide rockzaleen joeratik bereizi nahi dute, «ahots propio bat» bilatuz. Bikote hori entseatzen azaltzen den bakoitzean, oholtzaren gainean agertzen den bakoitzean, errusieraz kantatzen dute.

Itxura batean modernoagoa zatekeena, ingelesez kantatzea, irauli egiten du bikote gazteagoak, zer eta errusieraz abestuz! Filmean ez da ageri esplizituki bikote horren hizkuntza hautuaren inguruko solasaldirik, eta horregatik voyeurrari ez zaio garbi geratu zuzendariak aliritzira egin duen hautaketa, edo mezu kontzienteago bat bidali nahi izan duen.

Edonola den, bikote gazte horren ekimenak gogorarazi dio voyeurrari Oier Aranzabalek Margolaria filmaren harira esandako hura; musikari guztiek izaten dutela bazkari-afari gatazkatsu samar bat zeinetan azaldu behar izaten dieten gurasoei musikatik bizi nahi dutela; «eta zer esanik ez euskal musikariek». Eta ez soilik, tentsioz beteriko bazkari lege hori bizi izaten dutela, baizik eta erabaki ausart hori, aldiro-aldiro hartu behar izaten dutela beraien musika ibilbidean. Eta are, oroitu da, gurean ere izan badirela erdaretatik euskararako urrats ausarta egin izan duten musikariak ere; Kortatu eta BAP!! 80ko urteetatik hasi, eta oraintsuagoko Mikel Uraken, Vulk, Saioa, La Basu, Oso Fan eta beste hainbateraino.

Bazkari eta afari lege asko egindakoak denak ziur aski, hautu ez hain natural baten alde egiteko. Bi voyeurrek lantoki alboan, lasaitasun apur bat ematen dien taberna batean, egin dute gaurko bazkari legea. Euskaraz zehaztu diote hautatutako bazkaria tabernariari: «Petxuga, kroketak eta...». Tabernariak ez ulertzearen aurpegia ez ezik, amorru moduko bisaia jarri du. Nahiagoko zukeen ingeles modernoan eskatu izan baliote...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna