Andoni Imaz.
Donostiako 67. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Alaitu inuzente aurpegi hori

2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Pelikulen festak badu biharamuna, eta ez jatun amorratuaren betekadagatik soilik. Astelehen musu zurbilen artean, disimuluan igaro dira bezperako parrandaren begi-zulo eta eztulak. Donostiako Zinemaldiko antolatzaileek badakite zerbait: Alai ezazu aurpegi hori. Argia da jaialdiaren berripapereko azala, eskela handi baten modukoa. Gaurko eguna darama idatzia, eta esaldi solemnea atzealdean: «Lehen uste nuen nire bizitza tragedia bat zela, baina konturatu naiz komedia bat dela». Interneti kontsulta eginda: Joker (Todd Phillips), Veneziako Zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi duen filma. Larunbaterako iragarri duten ustekabeko emanaldiarekin lotu dute kontua zenbaitek; gaur argituko dute espekulazioa, itxura batean.

Donostiako Zinemaldiak urte askoren ondoren berreskuratu du film baten ustekabeko emanaldi hori. Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariaren esanetan, komeni da «elementu jostalariak» edukitzea. Jolasean hasiz gero, proba litezke ustekabe gehiago ere, ezkuta litezke izen gehiago ere. Pelikula proiektatu bere horretan, besterik gabe, gainerakoak moztuta, kredituak aurreztuta. Eskua zorroan tiro egiteko prest duten txiolariek asma dezatela zein den Moriartirena, Unamunoren erretratua ala sator ezkutatuarena.

Donostiak ez ditu berehalakoan ahaztuko batzuen izenak, dena den. Hirokazu Koreeda zinemagilearena, esaterako; ia urteroko udatiarra da. Aurten, Japoniatik kanpo egin duen lehen filma aurkeztu du Perlak sailean. La vérite-ri Frantziako lurrina dario alde guztietatik, baina agerikoa da Koreedaren arrastoa, aldi berean. Eta ez familia drama bat delako soilik, hori baino gehiago baita. Fabienne (Catherine Devenue) eta Lumir (Juliette Binoche) ama-alaben harremana aitzakia hartuta, iraganaz, egoaz, porrotaz eta inbidiaz ari da zuzendaria. Egiaz eta, ezinbestean, gezurraz.

Zinema, ezer izatekotan, egia eta gezurra gurutzatzen diren lekua da. «24 egia segundoko», Jean-Luc Godardentzat; «24 gezur segundoko, egiaren bila», Michael Hanekeren erantzuna. Hark jarri zuen auzitan zinemak egia irudikatzeko duen ezintasuna. Gezurra sinestera doa voyeurra zinemara. Inuzentea da, fededuna baino gehiago. Ez edozer sinesten duen inuzente gizajoa. Izenak izen, ziriak ziri, liluratzeko prest dagoen jostalaria baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.