Politika orokorreko eztabaida. Urkulluren hitzaldia

Akordioa eskatu dio estatuari

Sanchezi eskatu dio onartzeko Espainiako Estatua plurinazionala dela eta betetzeko estatutua. Uste du «porrota» litzatekeela ez «zabaltzea» autogobernu lantaldean adostutakoa
Iñigo Urkullu lehendakaria hizketan, atzo, Eusko Legebiltzarreko saioan.
Iñigo Urkullu lehendakaria hizketan, atzo, Eusko Legebiltzarreko saioan. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko irailak 21
Joan den urteko eztabaidan esandakotik berritasun gutxi. Moncloan dagoen maizterra aldatu da, eta legebiltzarrean estatutu berriari buruzko akordioa lortu da, baina Iñigo Urkullu lehendakariak ez du askorik aldatu bere diskurtsoa urte politikoari hasiera eman dion Eusko Legebiltzarreko eztabaidan. Iaz bezala, estatu konfederalaren ereduaren alde egin du; estatuaren izaera plurinazionala onartzeko proposatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari; eta estatuarekiko «aldebiko akordioa»eskatu du. Autogobernu lantaldean onartutako akordioari dagokionez, berriz, argiago mintzatu da: akordio hori «zabaltzeko» eskatu die berriro taldeei, uste duelako «sekulako porrota» izango litzatekeela egun duen babesarekin aurrera ateratzea.

Goizeko saioan eman du Urkulluk hitzaldi nagusia, eta arratsaldeko eztabaidan mamitu ditu ideia batzuk. Lehendakaria estatu konfederalari buruz aritu da goizean. Lurralde arazoei irtenbidea emateko erreferenteak Europan topatu ditu lehendakariak; uste du Eskozian, Belgikan, Suitzan eta Bavarian dauden autogobernu ereduek balio dutela, eta hango eredu konfederalek Espainiako estatuan ere ezar litezkeela. Europako herrialde horietan ez ezik, estatuan ere posible ikusten du «demokrazia plurinazionala»ezartzea: «estatu plurinazionalek funtzionatzen dute, zergatik ez egin?».

Horretarako bidea eskubide historikoetan ikusten du Urkulluk, eta, zehazki, eskubide horien eguneraketan, euskal erakundeak eta estatuak behartuta egongo liratekeelako aldebiko printzipioen arabera jokatzera. «Eskubide historikoen eguneraketak gure herriaren nortasun politikoaren aitortza osoa berma dezake, bai eta herri gisa ditugun helburuak garatzeko botere multzo berezia izatea ere». Haren ustez, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriaren «irakurketa handinahitsu batek» ahalbidetuko luke bide hori egitea.

Espainiarekin «errespetuzko harreman bilateral» bat nahi du Urkulluk. Ideia horretan sakondu du goizeko hitzaldian, eta, berriro luzatu dio eskua Espainiako Gobernuari bide horretan pausoak emateko. Uste du gaur egun posible dela aldebiko harreman hori: «Subiranotasun partekatuen mundu honetan, badaude aukerak erabakitzeko eskubidea eta adosteko borondatea uztartzeko». Urkulluren ustez, Kontzertu Ekonomikoa da akordio horren adibiderik argiena eta erreferentzia nagusia autogobernuan ituna lortzeko. Itun ekonomikoa eta itun politikoa. Biak defendatu ditu lehendakariak.

Estatutua betetzea lehenik

Baina hasteko, jarrera aldatzeko galdegin dio Espainiako Gobernuari. Izan ere, «ezezko bikoitzean» kateatuta ikusten du: «Batetik, Gernikako Estatutuak bete gabe jarraitzen du, onartu zutenetik 40 urte bete diren arren; eta bestetik, estatuak ez du onartzen bere errealitate plurinazionala». Hala, ezezko bikoitz hori baiezko bikoitz bihurtzeko aukera duela ohartarazi dio PSOEren gobernuari, eta halaxe egiteko eskatu dio. Itundutakoa betetzea da lehen pausoa, eta, horrekin batera, «Euskadiren errealitate nazionala» aitortzea, autogobernu ereduaren berezitasunak aitortzea eta eskumen gehiago izatea.

Estatuarekin aldebiko harremana lortu aurretik, baina, lehendakariak uste du ezinbestekoa dela autogobernu lantaldean lortutako akordioa «zabaltzea», eta «ahalik eta esparru zabalenera eramango gaituen bidea» topatzeko ahalegina egiteko galdegin die taldeei. Urkulluk indarra jarri du EAJk eta EH Bilduk Autogobernu Lantaldean lortutako akordioa «zabaltzeko» ideian, eta akordioa babestu ez duten taldeekin adostasuna bilatzea lehenetsi du.

Haren iritziz, akordio zabalago batek bermatuko du itun berria «sendoagoa» eta «hobea» izatea, eta haren «etorkizuna» bermatuta egotea. Itun berria «instituzionalki bideragarri» egiteko ere eskatu die taldeei; iritzi dio taldeak ez direla konformatu behar lortutako adostasunarekin, nahiz eta legebiltzarraren gehiengoaren isla izan. «Demokraziaren handitasunaren isla bada gutxiengoaren iritzia gehitzea», esan du. Arratsaldeko saioan hitz egin du argiago. Esan du «sekulako porrota» litzatekeela «soilik abertzaleek» babestutako akordio bat izatea, eta «erronka» izan behar duela «anitza» izatea eta Espainiako Gorteetan «bideragarria» izatea.

Katalunia hizpide

Egoera politikoaren azterketa orokorra egiterakoan, Urkulluk Pedro Sanchezen gobernuaren «jarrera aldaketa» nabarmendu du. Gogoratu du PPren gobernuan ezinezkoa izan zela hitz egitea, eta ez zuela borondaterik izan estatutua osorik betetzeko. Sanchezi, ostera, bestelako aldartea sumatu dio lehendakariak, eta espero du «akordiorako prestasuna» izatea.

Akordiorako borondate bera eskatu du, halaber, Kataluniako «blokeo politiko eta instituzionala» konpontzeko. Alde horretatik, esan du ez dagoela justifikatuta espetxean dauden agintari katalanak preso izatea.

Bizikidetzari dagokionez, Urkulluk Bertizko Adierazpenaren balioa azpimarratu du, eta «salbuespenezko» espetxe politika amaitzeko eskatu du, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edurne Begiristain

Informazio osagarria