Koronabirusa

Astebetean 61 gaixo hil dira: aurreko astean baino bost gehiago

Irati Urdalleta Lete.
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Koronabirusaren alderdirik ilunena bistaratu zuten atzoko datuek: astebetean 61 lagun hil dira COVID-19arengatik Hegoaldean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dutenez. Ia erdiak, 27, Nafarroan zendu dira. Aurreko astean baino jende gehiago hil da koronabirusaren eraginez, orduan 56 hildako izan baitziren. Hildakoen kopurua igo egin da, baina bigarren olatuko daturik handienera iritsi gabe: izan ere, irail erdian, 14tik 20rako astean, 72 lagun hil ziren.

Egunez eguneko datuak Hego Euskal Herrikoak izan ohi dira, Frantziako erakundeek ez baitute modurik ematen Iparraldeko datuak biltzeko. Atzo, Baionako ospitaleko zuzendari Michel Glanes France Bleu irratian izan zen, eta erietxeko datuak eman zituen: haren arabera, uztailetik bi pertsona hil dira ospitale horretan; pandemia hasi zenetik, hamabost.

Positibo kopurua jaitsi egin da Hegoaldean, azken datuen arabera: 786 kasu atzeman zituzten herenegun egindako probetan. Joan den asteazkenaz geroztik izandako kopururik txikiena da. Kopurua bakarrik ez, proba positiboen ehunekoa ere jaitsi da Osakidetzaren kasuan: PCRen %5,5ek eman dute positibo —bezperan, %7,8k—. Osasunbidean, berriz, igo egin da portzentajea: %12,5 probak eman dute positibo, gobernuak helburutzat jarritako %5etik nabarmen gora. Antzeko tasarekin dabiltza Baionako ospitalean ere, zuzendariak azaldu duenez: egindako azterketen %12 inguru ari dira positibo ematen.

Ospitaleratuta dauden gaixoei dagokienez, asteartean beste 53 lagun erietxeratu zituzten Hegoaldean; azken datuen arabera, 545 lagun daude ospitalean. Azken bi egunak hartuta, nabarmentzekoa da erietxeetako okupazioak nola egin duen gora, bigarren olatuko ospitaleratuen kopururik handienak baitira egunotakoak. ZIU zainketa intentsiboetako unitateen okupazioa ere adierazgarria da: 81 lagun daude COVID-19arekin. Baionako ospitalean 22 lagun daude koronabirusagatik; haietako lau, suspertze unitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.