Koronabirusa

Nafarroan asteon 4.200 adinekori txertoa jartzeko asmoa dute

Azpilagañako kiroldegia atzo prestatu zuten han adinekoei txertoa jartzeko. JESUS DIGES / EFE.
arantxa iraola
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Hasi dira Hegoaldean 90 urtetik gorakoak txertatzen. Aste hasieran hasi zen Osakidetza; atzo Osasunbidea. Eta helburu zehatz bat adierazi zuten Nafarroako osasun agintariek: asteon 4.200 adineko pertsonari jarri nahi diete txertoa. Txertaketarako gune bereziak antolatu dituzte horretarako. Iruñean jardun zuten atzo, Azpilagaña auzoko eta Arrotxapeko kiroldegietan; Lizarran eta Tuteran ere jarri nahi dituzte gaur. Oraingoz txertaketarako deia jaso duten adineko gehienek «erantzun ona» eman dietela adierazi dute osasun agintariek, eta pozik daudela. Zehaztu dute heldu den astean Nafarroako landa guneetara eramango dutela txertoa adinekoei jartzeko programa hau. Agian gune horietan 80 urtetik gorakoak ere txertatuko dituztela esplikatu dute.

Txertaketa sustatzeko bidean aurrerako urrats bat egin zuen atzo Osakidetzak ere: Illunbeko txertaketa gunea martxan jarri zuten. Osakidetzak jarri duen era horretako lehen gunea izan da, eta kazetariz eta argazkilariz bete zen berehala. Txertoa jartzera ere jendea agertu zen, tantaka-tantaka, bakoitza osasun sistemak aurrez emandako orduan joan baitzen. «17:00ak arte egongo gara hemen», adierazi zuten osasun sistemako arduradunek. Denera 260 pertsona inguru txertatzeko asmoa zutela jakinarazi zuten, etaaste osoan erritmo horrexetan jarraitzekoak direla. AstraZeneca konpainiaren txertoa jartzen ari zaizkie gune horretan txertatzen direnei; 55 urtetik beherakoei ematen ari zaizkie txerto hori, ez baitago behar bezala probatuta pertsona adintsuagoetan.

Illunben ere bai

Gune horretan txertoa jartzera, batez ere, irakasleak deitu dituzte. Abian da arlo horretako profesionalen txertaketa, Haur Hezkuntzan eta Heziketa Berezian ari diren hezitzaileak lehenetsita; txertaketa gune hau irekita, prozesua bultzatzera egin nahi du osasun sistemak. Beste hainbat arlo profesionaletako pertsonak ere txertatu zituzten atzo Illunben; esaterako, hainbat udaltzain. Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo eginiko adierazpenetan adierazi zuen Gipuzkoan urratu duten bide hori bera Bizkaian eta Araban ere beharbada ezarriko dutela, baina esan zuen aztertu egin behar dela ondo zer egin, eta zer ikasbide ateratzen diren lehen saio honetatik. Ez zuen deus gehiago esan.

Atzo jaso zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak AstraZeneca konpainiaren txertoaren dosi gehiago, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak adierazitakoaren arabera. Orain arte, AstraZenecaren 49.100 dosi jaso dituzte Hego Euskal Herrian. Bestalde, Frantziako Gobernuak txerto horren dosiak 65 urtetik gorakoekin ere erabiliko dituela esan zuen atzo, Eskoziako ikerketa batek izan dituen «emaitza pozgarriak» aintzat hartu behar direla argudiatuta. Olivier Veran Frantziako Gobernuko Osasun ministroak azaldu zuen ikerketa horrek erakutsi duela «nabarmen» jaisten direla ospitaleratzeak txerto horrekin ere. Dena den, AstraZenecaren dosiak hartzeko muga 75 urtetan jarri dute; hortik gorakoei Pfizerren txertoa edo Modernarena jarriko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.