Presoen alde mobilizatzeko dei berezia egin du ezker abertzaleak

Erredakzioa -

2018ko irailak 4
Ohi bezala, Donostian, Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia jokatu ondorengorako euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora deitu du ezker abertzaleak —aurten ere, Kalera Kalera-k—, eta «dei berezia» egin du «orain» mobilizatzeko. «Orain ezin gara etxean gelditu. Kalera irten behar dugu kalera atera ditzaten, eta, behingoz, horrenbeste sufrimendu amai dadin», esan dute Haimar Altuna Sortuko kideak eta Olaia Matxain Ernaikoak, ekinbidearen aurkezpenean, Donostian. Datorren igandean izango da manifestazioa, 13:30ean, Bulebarretik abiatuta, Bada garaia. Orain presoak goiburupean.

Altunak eta Matxainek Kalera Kalera-ren izenean adierazi dute «presoen egoeraren irtenbide posibleei buruz adierazpen asko» izan direla azkeneko asteetan, baina «ekintzarik ez». Espainiako Estatua «etsipena zabaldu nahian» dabilela uste dute, eta presoen auzirako «irtenbide duin eta arrazoizko bat» eskatu dute.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ere euskal presoak izan ditu hizpide Radio Euskadiko elkarrizketa batean. Gogoratu du Espainiako Estatuan euskal presoen %95 lehenengo graduan dauzkatela, eta eragileei eskatu die urratsak egiteko bestelako egoera batera iristeko. «Emango al ditugu behar diren pausoak egoera hori aldatzeko?», galdetu du elkarrizketan. Aurrerapausoak emateko, besteak beste, tartean sartu ditu Espainiako Gobernua eta euskal presoak.

Preso ohi baten epaiketa

Gaur zortzi epaituko dute Peio Irigoien euskal preso ohia, Baionako Auzitegian, Fijait neurriari uko egiteagatik, eta euskal preso ohiek elkarretaratze batera deitu dute egun horretarako, Baionako epaitegiaren aitzinean, 13:30ean.

Fijait fitxategia islamismo erradikalaren kontra egiteko neurri modura sortu zuen Frantziak, baina euskal presoak eta preso ohi batzuk zerrendan sartu zituen berehala. Gaur egun 50en bat euskal preso eta 20ren bat preso ohi ondorioak pairatzen ari dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna