Ituna, zerutik eroria bezala

Osasun zerbitzu berezien ituna lau urterako berritu dute Nafarroako Gobernuak eta Opusen klinikak. Erabakiak eztabaida piztu du ezkerreko alderdien, sindikatuen eta osasun arloko eragileen artean, eta zentro pribatuari «lehentasunezko tratua» ematea leporatu diote Osasun kontseilariari.

Nafarroako Unibertsitate Klinikaren kontsulta eta espezialitateen eraikina. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Kolpe bakarrez, Nafarroako Gobernuaren kontra protestan segitzeko gogoak joan zaizkie Opuseko unibertsitateko arduradunei. Bukatu dira elkarretaratzeak, iritzi artikuluak eta iruzkin ozpinduak sare sozialetan. Bukatu da ekaitza. Osasunbidearen eta Nafarroako Unibertsitate Klinikaren arteko esparru hitzarmena berritu dute aste honetan. Horren arabera, sare publikoan egin ezin diren ebakuntzak, transplanteak, probak eta bestelako jarduerak bere gain hartuko ditu Opusen zentroak. Datozen lau urteetarako luzatu dute ituna, gainera, 2020ra arte, legealdiaren epemuga naturala gaindituta.

Ezkerreko alderdien, sindikatuen eta eragile sozialen kritikei aurrea hartu nahian, ohar bat argitaratu du Osasun Departamentuak, hitzarmenak sare publikoari ekarriko dizkion onurak nabarmenduta: «Neurri hau beharrezkoa izateaz gainera, bateragarria da osasun zerbitzu publikoa indartzeko helburuarekin».

Osasunbideko buruen esanetan, «ez da gomendagarria» Opusen klinikak eskaintzen dituen prozedura eta zerbitzu guztiak «bat-batean» Nafarroako Ospitale Gunearen esku gelditzea. «Gaur egun lehentasun handiagoa duten beharretatik—besteak beste, itxaron zerrendetatik— baliabideak kentzera behartuko gintuzke horrek». Hala ere, zenbait zerbitzu «era progresiboan» bere gain hartzeko asmoa agertu du Osasunbideak; adibidez, osteoporosiaren diagnostikoa egiteko dentsitometriak.

Azalpen horiek, baina, ez dituzte kritikak apaldu, ezta osasun arloko eragileak gogobete ere. Osasunaren alorreko profesionalak biltzen dituen Nafarroako Osasunaren Plataformak, esate baterako, «desadostasun osoa» adierazi dio Fernando Dominguez Osasun kontseilariari, eta zalantzan jarri ditu departamentuak emandako argudio ekonomizistak. «Aurreko gobernuak esparru pribatura desplazatutako osasun zerbitzu guztiak sektore publikora itzularaztea ezinezkoa dela sinetsarazi nahi digu kontseilariak, kontuen ikuskaritza egin gabe daukaten arren, eta aurrekontu kontinuistak aurkeztu ostean».

Nafarroako Unibertsitate Klinikaren «negozio interesei» men egin izana leporatu dio plataformak Osasun Departamentuko buruari, «atea zabalik» utzi baitio etorkizunean ere zentro pribatu horrekin inbertsioak eta plangintzak adosteari. «Lerro artean irakurriz gero, ohartuko gara itun modalitate hori betikotzeko bidean dela, Nafarroako Unibertsitate Klinikari aukera ematen baitio epe luzeko inbertsioak egiteko; horiek diru publikoekin amortizatzen diren heinean, betiere».

Eragile sozialez harago, baina, auziak eztabaida piztu du Nafarroako Gobernuari sostengua ematen dioten alderdien artean ere. EH Bilduk, esate baterako, gaiaren inguruko «kezka» plazaratu zuen maiatzean, departamentuaren asmoen berri izan zuenean. Ahal Dugu-k, berriz, ituneko hainbat puntu berriz planteatzeko eskatu zion Dominguez kontseilariari; besteak beste, kontratuaren iraupena, «hurrengo gobernua ez hipotekatzeko». Osasun Departamentuak, baina, hasierako asmoari eutsi dio: Opusen klinikarekin sinatutako hitzarmena «interes publikoan» oinarritua dagoela esan zuen maiatzean kontseilariak Nafarroako Legebiltzarrean, EH Bilduren galdera bati erantzunez. «Itxaron zerrendak murriztu nahi baditugu, eta, aldi berean, ez baditugu itundutako zerbitzuak arriskuan jarri nahi, gastua murriztu bainoago, zerbitzu publiko berriak sustatzeko lan egin beharko dugu».

Nafarroako Osasunaren Plataformako kideen arabera, ordea, «bateraezina» da klinika pribatu bati dirua ematea eta, aldi berean, osasun publikoa indartu nahi izatea. «Diru arazoengatik Nafarroako Ospitale Guneko hainbat solairu itxita mantentzen dituzten bitartean eta zerbitzu gehienetan langile falta kezkagarria dagoen bitartean, onargaitza da zentro pribatuekin hitzarmenak berritu nahi izatea; are gehiago, ituna legealdi honetaz harago luzatzen bada».

LAB sindikatuak bat egin du analisi horrekin. David Mendaza Osasunbideko ordezkari sindikalaren aburuz, interes publikoak eta pribatuak ez dira bateragarriak kasu honetan: «Opuseko klinikak 50 bat urte ditu, eta, hasiera-hasieratik, osasun publikoa garatzeko oztopoa izan da. Betidanik, erregimenak sare publikoaren osagarritzat jo izan du, eta [Nafarroako Gobernuko presidente ohi] Miguel Sanzek berak esan zuen Nafarroako osasun sistema ez zela publikoa, mistoa baizik. Bada garaia ideia horiek gezurtatzeko».

Lehentasunezko tratua

Mendazaren irudiko, administrazio publikoaren lepotik gizendutako enpresa pribatua da Nafarroako Unibertsitate Klinika. «Diru etekin oparoak izaten dituzte urtero, baina irabazi horiek ez dituzte gizartean banatzen. Gainera, diru publikoa baliatu dute garapen hori bermatzeko: oparitutako lursailak, diru laguntzak, zerga abantailak, baimenak... Baldintza paregabe horiekin, edonork jar dezake bere negozio pribatua».

UPNren gobernuak ezarri zituen baldintza horiek, baina Osasun Departamentu berriak egoera horri segida eman diola salatu du LABeko kideak. «Ez genuen halakorik espero aldaketaren gobernuarengandik. Iragan urtarrilean, urrats positibo gisa hartu genuen Opuseko unibertsitateko langileen osasun aseguru pribatua diru publikoarekin ordaintzen segitzeari uko egin izana, baina, bide horri eutsi beharrean, atzera egin dutela ematen du».

Bakartxo Ruiz EH Bilduko legebiltzarkideari ere «zalantza ugari» sortu dizkio hitzarmenak: «Badakigu Opus Deik lehentasunezko tratua izan duela orain arte Nafarroan, eta badirudi Osasunbideak jarraipena eman nahi diola horri, urtarrilean aseguru pribatua kendu izanaren ordainetan. Ez dakigu hala izanen den benetan, baina irudi hori helarazi diote nafar gizarteari. Erantzun irmoagoa eta argiagoa espero genuen kontseilariarengandik».

Gainera, osasun arlo publikoaren egoera «kroniko» bihurtzeko arriskua antzeman dute Ruizek nahiz Mendazak. Sindikalistaren esanetan, Nafarroako Unibertsitate Klinikak 80 milioi euro jasoko ditu itun honi esker, teknologia berrietan inbertitu ahal izateko. «Osasunbideak azken urteetan teknologian inbertitu duenaren bikoitza da hori. Zein da arazoa? Bada, guztiona den diruarekin enpresa pribatu baten berritze teknologikoa ari garela ordaintzen, eta sare publikoa, berriz, egoera larrian dagoela». Sistema publiko eta pribatuaren arteko aldeak nabarmendu ditu Bakartxo Ruizek ere. «Klinikari aukera eman zaio inbertsioak nahieran egiteko, entitate pribatua den heinean, baina esparru publikoa itota egon da orain arte, eraikuntza burbuilaren ondorioz. Beraz, apenas egon den inbertsio teknologikorako dirurik Osasunbidean». Berrikuntzaren esparrua Nafarroako Unibertsitatearen esku utzita, baina, egoera orekatzea eta osasun publikoa sustatzea «oso zaila» izanen dela uste du EH Bilduko eledunak.

«Baliabideen banaketa bidegabe horri eusten badiote, ez dute inoiz korapiloa askatuko», laburbildu du Mendazak. «Menpekotasuna areagotu eta pribatizazioaren gaixotasuna kroniko bihurtuko dute. Ezin izanen dute osasun publikoa erabat gorpuztu».

Egoera iraultze aldera, baliabideak sare publikora itzultzeko «urrats eraginkorrak» eskatu dizkiote Osasun Departamentuari, lau alderdien arteko itun programatikoan hitzartutako bidetik. «Hitzarmenak gutxitzeko bidea da jorratu behar duguna, eta ez kontrakoa. Onartzen dugu sistema publikoak ezin diela eskaera eta behar guztiei bere kabuz erantzun —hor dugu, esate baterako, transplanteen kasua—, baina irtenbidea ezin da itun pribatuetan oinarritu», azaldu du Ruizek.

Lehiaketa publikorik ez

Izan ere, hitzarmenaren izaera esklusiboa da kritika gehien piztu dituena. Ahal Dugu-ko legebiltzarkide Tere Saezen esanetan, Osasunbideak bere gain har ditzake itunean aipatzen diren zerbitzuetako asko, eta, beste batzuk adjudikatzeko tenorean, lehiaketa publikoa antolatu beharko luke Nafarroako Gobernuak. «Esparru hitzarmenak aipatzen dituen zerbitzuen artean, %49 transplanteei loturikoak dira. Kasu horretan, justifikatuta egonen litzateke ituna, Nafarroa osoan ez baitago zerbitzu hori eskaintzen duen beste entitaterik. Gainontzeko %51arekin, ordea, ez da gauza bera gertatzen», adierazi du Saezek.

Ahal Dugu-ko parlamentariaren esanetan, bi multzotan sailka litezke itunean aipatutako deribazioak: alde batetik, Nafarroako Osasun Zerbitzuak bere gain har ditzakeenak, eta, bestetik, kanpora atera beharrekoak: «Lehen multzoari dagokionez, itunean aurreikusten den dirua erabil liteke Osasunbideko langileen baldintzak hobetzeko, azpiegiturak berritzeko eta kontratazio gehiago egiteko».

Osasunbideak eskaini ezin dituen zerbitzuen kasuan, berriz, deialdi publikoak egiteko eskatu dio Saezek Nafarroako Gobernuari. «Osasun arretari buruzko 2013ko foru legearen arabera, halako kontratuak lehiaketa publikoen bidez esleitu beharko lirateke, eta ez enpresa jakin bati zuzenean emanda».

EH Bildu eta Ahal Dugu-ko ordezkarien esanetan, Nafarroako Gobernuak sinatutako itun guztiek «baldintza berberak» izan beharko lituzkete, «kontrola, gardentasuna eta jarraipena bermatze aldera». Hori dela eta, hitzarmena berriz planteatzeko eskatu diote Dominguez kontseilariari, «nafarren etorkizuna hipotekatu ez dezan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.