Zadorrako isuriak ezin gelditu

Bost urte dira Zadorra ibaian lindanoa aurkitu zutela. Gasteizko Udala zigortzea proposatu du Uraren Euskal Agentziak, neurririk hartu ez duelako. Ekologistak Martxan taldeak adierazi du «osasun publikoaren arazoa» dela.

Gardelegiko zabortegian dago isurien jatorria. Irudian, zabortegia, artxiboko argazki batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Zadorrako urak lindanoarekin kutsatuta daude. Urteak dira pestizida gisara erabili izan den substantzia toxiko eta arriskutsua ibaian aurkitu zutela. Zehazki, 2013an aurkitu zituzten aurreneko arrastoak. Ordutik, arauz kanpoko lindano kantitatea aurkitu dute uretan, ibaiak emari handia duenean izan ezik, Ura Uraren Euskal Agentziak, Ebroko Ur Konfederazioak edota Europako Batasunak babestuta egindako azterketetan ere. Egoera «larria» da Ekologistak Martxan taldearen arabera, isurketak «etengabeak» baitira. Talde ekologista kezkatuta dago, urteetan lindanoa ez delako ez gutxitu, ez desagertu.

Lindano hondakinen kudeaketa falta dago auzi honen atzean, Javier Vazquez Ekologistak Martxan taldeko ordezkariaren iritziz: «Agintariek ez dituzte behar bezala kudeatu hondakin horiek, eta herentzia hori jasotzen ari gara orain. Etxeko lanak egin gabe dituzte oraindik». Izan ere, hainbat ikerketaren arabera, Bizkaiko lantegietatik Gasteizera lekualdatutako lindano hondakinak dira egun Zadorrako urak kutsatzen dituztenak. Lindanoa ekoizten zuten hiru fabrika izan ziren Bizkaian 1950 eta 1990 urteen artean: Barakaldon, Erandion eta Zornotzan. Orotara, ia 100.000 tona hondakin sortu zituzten hiruren artean. «Lindanoaren ekoizpena ez zen batere eraginkorra: pestizida gisara erabiltzen zen substantzia kilo ekoizteko, bederatzi kilo hondakin sortzen ziren», azaldu du Vazquezek.

Hondakinak Gasteizera iritsi ziren, ordea, Gardelegiko zabortegira. Oraindik argitu gabe dago nola eta noiz. 2015. urtean jakin zuten udal zabortegian dauden hondakinek eragina dela ibaiaren gaur egungo kutsadura. Hala erakutsi zuten Eusko Jaurlaritzak eta Ebroko Ur Konfederazioak isurien jatorria aurkitzeko egindako ikuskaritzek. Gardelegiko zigilatu gabeko eremuetako lixibiatuak daude kutsatuta: hau da, zabortegian metatuta dauden hondakinak zeharkatzen dituzten lur azpiko likidoak. Likido horiek usteltzen ari diren hondakinek sortutako materia garraiatzen dute. Lixibatu edo likido horiek Krispiñako araztegira joaten dira zuzenean, tratatu gabe, saneamendu sarearen bitartez. Eta araztegitik pasatuta, ur hori ibaira doa gero.

Neurriak hartzeko eskaera

Krispiñako araztegiak ez du baimenik ibaira lindanoa isurtzeko. Uraren Euskal Agentziaren arabera, «lehentasunezko substantzia arriskutsua» da lindanoa, eta, beraz, Zadorrarako uretan lindanoa isurtzeak ingurumen kalitate araua urratzea dakar. Horiek hala, Ekologistak Martxan taldeak apirilean salaketa bat aurkeztu zuen fiskaltzan. Egoeraren larritasuna argudiatu zuen, eta auzia konpontzeko neurririk ez duela hartu egotzi zion Gasteizko Udalari. Udala da zabortegiaren eta araztegiaren arduraduna. Salaketa artxibatu egin dute, ordea, delitu zantzurik ez dagoelakoan.

Vazquezek auzia ikertu beharraz ohartarazi du, edonola ere: «Hemen ikertu beharrekoa ez da lindano hondakinak nola iritsi ziren zabortegira, hori iragana da. Araztegitik ibaira egiten diren isurketak aztertu behar dira. Ingurumenaren kutsadura larri baten aurrean gaude, eta urteak dira honen berri dugula. Norbaitek erantzun behar du. Erakundeek ez dute neurririk hartu auzia konpontzeko; haien ardura ere ikertu beharko litzateke».

Ura agentziak zigor espediente bat zabaldu zion iragan abenduan Gasteizko Udalari, egoera aldatzeko eskaerak aintzat ez hartzeagatik. «Badira bi urte lindano isurketen inguruko informazioa eman geniola, eta zerbait egin behar zuela adierazi genion», azaldu du Ernesto Martinez de Cabredo Ura Uraren Euskal Agentziako zuzendariak. «Orain arte ez du ezer egin, ordea, eta ez du aurkeztu martxan jartzeko planik ere. Horregatik zabaldu genion espedientea». Auzia luze jotzen ari denez, udala zigortzea proposatu du orain agentziak: 50.000 euroko isuna litzateke.

Proposamen horri alegazioak aurkezteko aukera izango du udalak. Zer neurri hartuko dituen proposatu beharko du horretarako. Eta hori eginda, auzia aztertuko lukeen beste txosten bat egingo luke uraren agentziak, eta Ebroko Ur Konfederaziora bidaliko luke. Han erabakiko lukete zigorra onartu ala ez. «Argi dago Gardelegin dagoela isurien jatorria, handik pasatzen diren urak kutsatu egiten dira, eta ibaira iritsi baino lehen garbitu egin behar dira», nabarmendu du Martinez de Cabredok. Konponbidea proposatu du: araztegi txiki bat jartzea. «Zalantzarik ez daukat, Gasteizko Udalak aurre egingo dio arazoari, eta konponduko duela».

Hain zuzen, isun horren berri izan eta berehala, araztegi bat eraikiko duela iragarri zuen Gasteizko Udalak joanden astean. Lur azpiko urak bildu eta lur azalera aterako lituzke araztegi horrek, eta, ondoren,garbitu eta saneamendu sistemara bideratu. Araztegia egiteko lanak urte amaierarako adjudikatzea aurreikusi dute.Udalak jakinarazi du igorri diola Eusko Jaurlaritzari dokumentazio guztia. Ura agentziak ere jakinarazi du jaso duela udalaren proposamen bat: «Ez dugu tarterik izan oraindik aurkeztu digutena aztertzeko, baina egia da, udalak igorri digu dokumentazioa».

Ekologistak Martxan taldeak gogorarazi du, ordea, udalak iaz plan bat aurkeztu zuela, eta, urtebete igaro eta gero, oraindik lanak ez direla hasi. «Ez dago egoera konpontzeko plan orokorrik. Ez dago zehaztua zein den erakunde bakoitzaren ardura; horrela iritsi gara egungo egoerara», gaitzetsi du Vazquezek. Presazkotzat ditu neurriak:«Urteetan zer bota den kontrolatu ez den zabortegi bat dugu; beraz, esku hartu behar da bertan aurrena. 2012az geroztik,Europako legediak arautzen du zabortegien egoera konpontzeko neurriak hartu behar direla. Teorian, 2020rako lehen emaitzak aurkeztu behar dira: hemen ez da ezer egin gaur-gaurkoz». Eragile sozialez eta erakundeetako ordezkariez osatutako mahai bat eratzea proposatu du Vazquezek.

Lindanoaren ondorioak

Lindanoa substantzia oso arriskutsua da, eta hainbat kalte eragin diezazkieke bizidunei. Pestizida gisara erabili izan da, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak minbizia eragin dezaketen produktuen zerrendan sartu zuen 2015ean. Horiek hala, kezka eragiten du egoerak Zadorraren ertzetako zenbait herritan: ibaikoura baratzeak ureztatzeko erabiltzen baitute askok, horrek izan ditzakeen ondorio guztiekin. Orain arte egindako azterketetan Tresponde inguruan aurkitu dituzte lindano kantitaterik handienak. Toki horretan behin baino gehiagotan gainditu du gehieneko kantitate arautua. «Kutsaduraren zabalkundea egiten ari gara horrela», azpimarratu du Vazquezek. «Egin behar ez den guztia egiten ari gara».

Udalak, ordea, kantitate txikiak direla nabarmendu du behin eta berriz. Hala berretsi du Ura agentziako zuzendariak ere: «Kantitate txikiak dira Zadorran azaldu direnak; ez da arriskutsua, ez dugu kezkarik. Dena den, lindanoa substantzia kutsakorra da, eta ezin du ibaian egon. Ez asko eta ez gutxi: ezer ere ez. Irregulartasun bat dago zentzu horretan, eta zuzentzen saiatu beharko genuke». Lasaitasun mezua igorri du Martinez de Cabredok eta jendeari lasai egoteko eskatu dio, «ez baitira inor kutsatzeko edo gaixotzeko moduko kantitateak».

Vazquez kritikoa da lasaitasun mezu horrekin; ez dago ados kantitate txikiak arriskurik eragiten ez duen ideia horrekin. Arriskutsua izan daitekeen kopurua erabakitzea herritar bakoitzari dagokiola uste du. «Zero da onar daitekeen gutxieneko kantitatea.Administrazioak horri begira hartu behar ditu neurriak. Ahalegindu ostean ezin duela? Orduan hasiko ginateke gutxieneko kantitateez hitz egiten, baina bitartean helburua zero da», gogorarazi du.

Alde horretatik, talde ekologistako ordezkariak uste du Eusko Jaurlaritzak osasun arreta berezia eman behar diela lindanoaren ondorioak jasan ditzaketen herritarrei, eta haien jarraipena egin behar duela. «Ez baita ingurumen arazo bat soilik, osasun publikoaren arazo bat ere bada». Izan ere, Vazquezen hitzetan, oraindik jaio gabe diren belaunaldiek «ordainduko» dituzte hondakinen «kudeaketarik ezaren edo kudeaketa txarraren» ondorioak. Barakaldoko Oiolako urtegian (Bizkaia) izandako lindano kutsadura jarri du horren adibidetzat. Vazquezen arabera, ordea, ez da kasu bakarra: Euskal Herriko ibaiak pestizidaz beteta daudela ohartarazi du.

Oiolako kasuaren harira, Urako zuzendariak gogorarazi du hiru urte baino gehiago direla urtegiko ura erabilgarria ez dela. «Jarraipen berezia egiten ari gara kasua azaleratu zenetik, eta pixkana-pixkana hobera doa, urte batzuen buruan erabiltzeko moduan egongo dela uste dut», azaldu du Martinez de Cabredok. Aitortu du, ordea, ez dutela kutsadura kasu gehiagoren berririk. «Egunero gertatzen dira kasuak, eta egunero egiten diegu jarraipena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.