2019rako ildo «erabat neoliberala» izatea egotzi dio ELAk Jaurlaritzari

Sindikatuak uste du EH Bilduk «gizartea nahastu» zuela aurrekontuak negoziatuta. Novalen ustez, «ezinezkoa» zen kontuak «sozialak» izatea

Xabier Zabala eta Mikel Noval, atzoko agerraldian, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Ezinezkoa» zen Eusko Jaurlaritzak 2019rako proposatutako aurrekontu proiektutik kontu «sozialak» lortzea, ELAren iritziz. Horrela, sindikatuak bi norabidetan egin ditu kritikak: batetik, Jaurlaritzari, datorren urterako «ildo erabat neoliberala» izateagatik; bestetik, EH Bilduri, «aurrekontu sozial baten akordioa posible zelako ideia faltsua» zabaltzeagatik eta, beraz, «gizartea nahasteagatik».

ELAko Gizarte Politikako arduradun Mikel Novalek eta Azterketa Bulegoko kide Xabier Zabalak agerraldi bat egin zuten atzo Bilbon, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako aurrekontuen eztabaidari buruzko balorazioa egiteko. EAJ eta EH Bildu aritu dira negoziatzen, baina, ez zirenez ados jarri, Jaurlaritzak erretiratu egin zuen proiektua, eta 2018ko kontuak luzatuko ditu datorren urtean.

Novalen arabera, Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuak «ez zien biztanleen beharrei erantzuten», eta, beraz, «ezinezkoa» zen aurrekontu «sozialak» izatea: «Eusko Jaurlaritzak [Espainiako gobernuburu ohi Mariano] Rajoyri agindu zion 2019ko aurrekontuaren hazkundea ez zela %2,7 baino handiagoa izango termino nominaletan. Hortaz, hortik abiatuta ez zegoen ezer egiterik». Jaurlaritzak «ez du momentu baten ere erakutsi borondaterik pentsioen gaiari ekiteko», Novalek erantsi duenez.

Hortaz, EH Bilduri ere kargu hartu dio, uste baitu koalizio subiranistaren «kezka nagusia errelatoa» izan dela: «EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu ildoarekin ez konfrontatzea erabaki du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.