26 eguneko grebara deitu ditu ELAk Gipuzkoako zahar etxeetako langileak

Ekainaren 17an hasiko dituzte lanuzteak. Sindikatuak adierazi du agintean edozein egonda ere lan gatazka mahai gainean izango duela

LABek Donostiako Kontxa hondartzan atzo goizean egindako protesta. LAB.
Julen Aperribai.
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoako zahar etxeetako langileek «kalean» jarraituko dute,sindikatuek«sektoreko patronalekin lortutako akordioa» Gipuzkoako Foru Aldundiak bete arte. Hala adierazi zuen atzo Txomin Lasa sektore horretako ELAko eledunak. Ia hilabeteko grebara deitu du sindikatuak Gipuzkoako zahar etxeetan, ekainaren 17tik uztailaren 12ra. Orain arte 62 greba egun egin dituzte.

«Gure borroka alderdietatik eta hauteskundeetatik harago doa», adierazi du Lasak, eta ohartarazi du igandetik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundian agintea duenak «lan gatazka mahai gainean» izango duela. Sektoreko langileek «emakume izateagatik» pairatzen dituzten lan baldintza kaxkarrak, sektorearen prekarizazioa, eta soldata arrakala salatu dituzte agerraldian, eta egoera horren erantzule egin dituzte Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua.

Greba gehiago ere badira zahar etxeetako langileen artean. Hilaren 25era arte luzatuko dute LABek deitutakoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko atarian eserialdia egin zuten asteartean, eta, atzo, «akordio duin» baten beharra aldarrikatu zuten, Donostiako Kontxa hondartzan egindako protesta batean. Hain zuzen, EAJren kanpaina ekitaldia egiten ari ziren handik metro gutxira, eta haien aurrean zahar etxeetako afera bistararazi zuen LABek.

Bestalde, zahar etxeetako erabiltzaileen senideek ere protestak egin dituzte aste honetan alderdien egoitzen aurrean, auziari aterabide bat eman diezaiotela eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.