Eguberri egunean sexu eraso bat egin ziotela salatu du andre batek Barakaldon

Argitan zentroak gaur egingo duen protestan parte hartzera deitu du udalak. Haurren aurkako sexu abusuak gaitzetsi dituzte Basaurin

Barakaldon iaz bortxa sexistaren aurka egindako protesta bat. M. DEL VALLE / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun

Abenduaren 25ean Barakaldon (Bizkaia) izandako eraso sexista bat ikertzen ari da Ertzaintza. Emakumeak atzo jarri zuen salaketa, udalak jakinarazi duenez. Eguberri eguneko goizaldean gertatu zen erasoa, kalean: andrea bortxatzen saiatu zirela azaldu du udalak, xehetasun gehiago eman gabe.

Emakumeak jasandako «eraso sexista irmoki gaitzetsi eta arbuiatu» egin du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak. Salaketaren berri izan ostean, talde politikoetako bozeramaileek bilera egin zuten udaletxean, eta gaitzespen ohar bat onartu zuten: «Emakumeok, eta gizonok ere bai, gero eta gehiago ozentzen dugu gure ahotsa eraso sexisten aurka. Espero dugu mezu hau iristea emakumeen askatasuna eta berdintasuna errespetatzen ez dutenengana, andreok behingoz kalean lasai eta beldurrik gabe ibili ahal izateko». Era berean, babesa adierazi diote biktimari, eta haren esku jarri dituzte udalaren baliabideak.

Erasoa kalean gaitzesteko deia egin du Argitan-ek, emakumeentzako aholkularitza zentroak: elkarretaratze bat egingo dute gaur, 13:00etan, Herriko Plazan. Protesta horretan parte hartzeko eskatu du udaleko bozeramaileen batzordeak.

Bestalde, Basaurin (Bizkaia) manifestazio bat egin zuten atzo arratsaldean, haurren aurkako sexu abusuak gaitzesteko. Babesa helarazi zieten herriko futbol entrenatzaile baten aurkako salaketak aurkeztu dituzten sei lagunei, eta erakunde publikoen «utzikeria» salatu zuten: «Ez dute ezer egin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.