Airearen kalitatea neurtzeko datuak «erraz ulertzeko» eran jarriko dituzte

Eusko Legebiltzarrean proposamen bat onartu dute, aho batez, airearen kalitatea berma dadin. Gidaritza har dezala eskatu diote Jaurlaritzari

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aho batez onartu du Eusko Legebiltzarrak airearen kalitatearen indizearen inguruko akordioa, EH Bilduren proposamenetik abiatuta. Helburua da herritarrei, airearen kalitate egokia bermatzeaz gain, haren gaineko informazioa «modu ulerterrazean» eskaintzeko erraztasunak ematea. Legebiltzarreko mahaiak dei egin dio Eusko Jaurlaritzari bost hilabeteko epean metodologia bat garatu eta plazaratzeko, eta nabarmendu du Jaurlaritza izan behar dela administrazioen arteko elkarlanean gidari.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideak esan du «erraza» izan dela «erdibideko» akordioa egitea, eta gaineratu du oraindik badaudela hobetzeko zenbait puntu, Jaurlaritzak hasierako proposamenean jarritako helburuetako batzuk bete dituen arren. Herritarrak ere gogoan izan ditu: «Airearen kutsadurak asko kezkatzen ditu, eta, beraz, erantzuna eman behar da». Informazioa eskaintzea izango da, hortaz, helburu nagusietako bat, baina, horretarako, Oterok nabarmendu du beharrezkoa dela kutsaduraren inguruko neurketak planifikatzea eta komunikatzea.

Naiara Rojo PSEko legebiltzarkideak ere Jaurlaritzak emandako pausoak izan ditu gogoan. Azaldu du talde ekologistek lan «garrantzitsua» egin dutela, baina Ingurumen Sailak ere aurrerapausoak eman dituela. Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, ordea, adierazi du ezin daitekeela fidatu Jaurlaritzak eskainitako datuekin. Izan ere, gaineratu duenez, gobernuak esan zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako airearen kalitatea «ona» zela, baina ekologistek bestelako informazioa azaleratu izan dute.

Orain, Jaurlaritzak bost hilabeteko epea du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrientzako metodologia bat garatu eta helarazteko. Prebentzioan eta babesean oinarrituko da metodologia hori. «Eskatzen diogu konpromisoa har dezala, udalerriekin elkarlanean aritu dadila», nabarmendu du Oterok.

Jaurlaritza, akuilu

Talde parlamentarioek argi dute nork egin behar dituen airearen kalitatea hobetzeko gidaritza lanak: Eusko Jaurlaritza. Esan dute administrazioen arteko elkarlana «funtsezkoa» dela helburua lortu ahal izateko, eta, beraz, Jaurlaritzari dei egin diote herrietako planak eta programak garatzeko laguntza ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.