Fiskalak sei urteko zigor eskaera berretsi du entrenatzailearentzat

maddi ane txoperena iribarren
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bukatu da atzo eta herenegun Bizkaiko Probintzia Auzitegian Basauriko futbol entrenatzaile ohi baten aurka egindako epaiketa, eta, hala, sententziaren zain gelditu dira sexu abusuak salatu zituen adingabea eta abusuak egiteaz akusatutako 62 urteko gizonezkoa. Fiskalak eta akusazio partikularrak zigor eskaerak berretsi dituzte: sei urteko espetxe zigorra galdegin du fiskalak, eta zortzi urtekoa familiaren ordezkari gisa aritu den akusazio partikularrak.

2014tik 2018ra egindakoak dira adingabeak salaturiko erasoak: 8-12 urte zituen abusuak salatu dituen mutilak orduan. Herenegungo auzi saioan adingabeak berak eta haren inguruak azaldu zutenez, J.I.B akusatua Baskonia taldeko futbol eskolako entrenatzaile aritzen zen Basaurin, eta han ezagutu zuen mutila. Familiaren lagun egin zen, opariak egiten zizkion umeari, eta sendiari laguntza ekonomikoa ere eman zion. Orduan hasi ziren abusuak: ukituak egiten zizkion, film pornografikoak ikusarazten, masturbatu egiten zuen, eta bera masturbatzera behartzen.

Sinesgarritasuna

Fiskalak sinesgarritasuna eman dio adingabearen testigantzari, eta gogorarazi du talde psikosozialek ere hala egin dutela. Adierazi du, gainera, ulergarria dela mutilak bertze deklarazio batean abusuak ukatu izana, akusatuarekin zuen harremanagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.