Migratzeko eskubidearen aldeko kanpaina bat abiatu dute Europako eragileek

Europako bozei begira egingo dute, eskuin muturraren gorakadak kezkatuta. «Elkartasun besarkada» irudikatuko dute maiatzaren 5ean

Bilbon —irudian— eta Iruñean aurkeztu zuten atzo kanpaina. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Europan eskuin muturra gora egiten ari dela eta, gorroto eta bazterkeria mezuei aurre egiteko mugimendu bat antolatzen hasi dira nazioartean hainbat eragile sozial. Europako Parlamenturako hauteskundeen harira, herri kanpaina bat bultzatu nahi dute elkartasuna eta gizatasuna defendatzeko eta migratzeko eskubidea aldarrikatzeko. M-5 Herrien arteko besarkada izenez ezagutarazi dute proiektua: maiatzaren 5ean, 12:00etan, «elkartasun besarkadak» antolatuko dituzte Euskal Herriko zein Europako hainbat herritan eta hiritan. Bat egitera deitu dituzte herritarrak, eragileak eta erakundeak.

Atzo eman zuten egitasmoaren berri Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak eta etorkinen harrera sareek, Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan. «Elkartasuna kriminalizatzearen kontra egitea eta 2019ko hauteskundeetan neofaxismoak izan dezakeen gorakadaz ozen eta garbi hitz egitea» proposatu dute. Manifestu bat plazaratu dute lan horretan hasteko. Bertan adierazi dutenez, migratzaileek ez dute Europako krisi sozioekonomikoaren gaineko errurik: «Europa gobernatzen duten eliteen politikek sortzen dute langabezia eta prekaritatea». Horren harira, gobernuei eta transnazionalei egotzi diete «migrazio exodoaren» ardura.

Migratzaileen eskubideak irmo aldarrikatu dituzte, eta exijitu dute «zorrotz» bete dadila giza eskubideen adierazpena: «Guztiek askatasunez mugitzeko aukera izan dezatela eta Europan bizi garen gainerakoen eskubide berak izan ditzatela». Politika ekonomikoak aldatzea ere galdegin dute, eta, besteak beste, bertan behera uztea arma salmenta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.