Bere burua entregatu du Eibarren andre bat labanaz zauritu zuen gizonak

Zaurien ondorioz, larri daukate biktima Donostiako ospitalean. Adingabea da erasotzailea; andreari semearen aurrean eraso zion

Erasoa gaitzesteko protesta egin zuten atzo Eibarren. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Atxilotu egin dute herenegun Eibarren (Gipuzkoa) andre bati eraso egin zion 17 urteko gizona—biktima adinduna da—. Bere burua entregatu zuen atzo Hernanin (Gipuzkoa), Ertzaintzaren komisarian. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, erasotzailea biktimaren bikotekidea da. Genero indarkeria eta lesio delituak egotziko dizkiote atxilotuari. Atzo iluntzean elkarretaratze bat egin zuten Eibarren, indarkeria matxistaren kontrako gaitzespena adierazteko.

Sostoatarren kalean gertatu zen erasoa astearte arratsaldean. Gizonezkoak buruan jo zuen andrea, eta lurrera bota, biktimaren semearen eta beste lagun baten aurrean. Erasotzaileak alde egin zuen, baina handik tarte gutxira aizto batekin itzuli zen, eta hankan sartu zion emakumeari. Mendaroko ospitalera (Gipuzkoa) eraman zuten biktima, zauriak artatzera, eta Donostiako erietxera lekualdatu zuten gero; larri dago. Lekuko batek erasoa grabatu zuen, eta sare sozialetan zabaldu zen bideoa; horren bidez identifikatu ahal izan zuten poliziek erasotzailea.

Gipuzkoako Diputazioak eta Batzar Nagusiek ohar bateratua kaleratu zuten atzo, erasoa arbuiatzeko eta emakumeari zein semeari elkartasuna adierazteko. Era berean, herritarrei dei egin zieten indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa agertzera: «Pertsonen duintasuna, askatasuna eta osotasun fisikoa eskubide urraezinak dira, eta, beraz, eskubide horien aurkako jokabideak bidegabeak eta onartezinak dira». Eibarko Udalak ere gertatutakoa gaitzetsi zuen herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.