Zer bizimodu nahi duten hautatzeko eskubidea aldarrikatu dute elbarriek

Fekoorek baliabide ekonomiko gehiago eskatu ditu bizitokietan eta laneratzean. LABek enplegu zentro berezietako «prekaritatea» salatu du

LABek atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean egindako protesta. LAB.
Maite Asensio Lozano.
2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Elbarrien eguna izan zen atzo, eta pertsona horien aldarrikapenak plazaratzeko aprobetxatu zuten hainbat eragilek. Elbarriek euren bizimoduaz erabakitzeko eskubidea dutela adierazi zuen Fekoorek, Gutxitasun Fisikoa edota Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazioak. Non, nola eta norekin bizi hautatu nahi dutela nabarmendu zuen Juan Carlos Sola zuzendariak, Aukeratu badezaket, mundua mugituko dut lelopean eginiko ekitaldi batean: «Gure bizimoduaz erabaki nahi dugu, beste pertsonek egiten duten bezala, sistema asistentzialista batean bizitzera behartuta egon gabe».

Horretarako, baliabide ekonomikoak eskatu zituen Solak. Batetik, elbarritasunen bat dutenek laguntza pertsonala eta teknikoa izan dezaten «autonomia bermatzeko, baita etxebizitza irisgarria eta diskriminaziorik gabeko osasun arreta ere». Bestetik, laneratzeari begira ere laguntza ekonomikoak parekatzea galdegin zuen; izan ere, Eusko Jaurlaritzak urtero 55,6 milioi euro bideratzen ditu enplegu zentro berezietara, baina laneratzea gainerako enpresetan sustatzeko «700.000 euro baino ez ditu ematen».

Hain justu, elbarrien laneratzearekin lotuta, mobilizazioak egin zituen atzo LAB sindikatuak Bilbon eta Donostian, «aniztasun funtzionala duten pertsonek ohiko lanpostu bat eskuratzeko dituzten zailtasunak eta enplegu zentro berezietako prekaritatea salatzeko». Elbarriak lan munduan baztertuta daudela uste du LABek, eta «kezkagarritzat» jo ditu datuak: «EAEn, kontratu guztien %1,70 dira haienak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.