Barkosek berriro esan du Maravillasekoekin hitz egitea «ezinezkoa» zela

Gaztetxean «bunker bat» prestatzen ari zirela adierazi du Nafarroako Gobernuko lehendakariak, parlamentuan eginiko agerraldi batean

Barkos eta Araiz, asteon, parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Maravillas gaztetxeko kideekin negoziatzea «ezinezkoa» izan zela adierazi zuen atzo berriz Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak parlamentuan: «Elkarrizketa ezinezkoa da hitz egin nahi ez duenarekin». Are, esan zuen gazteak «bunker» bat egiten ari zirela eraikinaren barruan: «Denbora batez bertan egoteko bunker bat prestatzen ari ziren; koltxoiak, ura, walkie-talkie gailuak eta zementuz betetako ontzi bat zeuzkaten, erresistentzia egin ahal izateko. Denetarik zegoen han, elkarrizketarako borondatea izan ezik».

Orain Baik eskatuta eman zituen azalpenok Barkosek. Iruñeko gaztetxea hustean «segurtasuna» helburu hartuta aritu zirela nabarmendu zuen, eta polizia operazioaz «gezurretan» aritzea leporatu die gazteei: «Esan diren gauza asko ez dira egia; adibidez, Foruzaingoak gomazko pilotak erabili zituela, edo leihoetara egin zutela tiro».

Gaiak laukoaren barruan eragiten dituen desadostasunak agerian geratu ziren eztabaidan, beste behin. Orain Baiko kide Laura Perezek, gaztetxekoen txosten teknikoa aipatuta, adierazi zuen ez zegoela segurtasun arriskurik. «Hori bermatzeko, ez zegoen dena txikitu beharrik». Maravillasena auzi «ideologikoa» dela erantsi zuen: «Gazteak instituzionalizazio propioa eta herri boterea eraikitzen ari dira. Guk nahiago ditugu gazte errebeldeak, batzuetan legearen aurka joan arren». EH Bilduko eledun Adolfo Araizek, berriz, gogoeta eskatu zuen polizia ereduaz, eta berretsi Alde Zaharreko gazteek gune autogestionatu bat behar dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.