Maiatzaren 24 eta 25erako mobilizatzera deitu du Bizik, klimaren alde

Tram'Busaren Miarritzeko obretan ingurumenerako diru laguntzak «desbideratuak» izan direla salatu du talde altermundialistak

Biziko kideen ekintza, atzo. G. FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Miarritze
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Datorren astean klimaren alde munduko hainbat lekutan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen atzo Bizi mugimenduak. Maiatzaren 24an eta 25ean izanen dira. Ostiralean ikasleek greba eginen dute, eta larunbatean, bi martxa izanen dira: bat Donibane Garaziko Herriko Etxearen aitzinean, 15:30ean; eta bestea, Baionako auzitegiaren aitzinean, 15:00etan.

Halaber, «eskandalu etiko eta ekologiko bat» salatu zuten atzo Miarritzen (Lapurdi) egindako agerraldian. Berriki obra bukatu duten Viktoria Erreginaren etorbidean izan zen: noranzko bakarra du autoentzat, alde banatan aparkatzeko aukerarekin; ez autobusek, ez bizikletek ez dute bide bereziturik. «Tram'Busaren proiektua egin zutenean, autobusentzako bide berezitua Miarritzeko erdiguneraino iritsi behar zela erabaki zuten. Etorbide hau Tram'Bus proiektuaren diruarekin ordaindua izan da, baina autoari ematen dio lehentasuna», salatu du Txetx Etxeberri Biziko koordinatzaileak.

Alta, Bizik azpimarratu du Ingurumenaren Grenelleko 20 milioi euroko laguntza —estatuak ematen ditu— lortu zuelaTram'Busaren obrak. Atzo ekintza sinbolikoa egin zuten, etorbidean, bizikletentzat karrika debekatua dela erakusten duen seinalearen aitzinean, hau margotuz: Hemen Ingurumenaren Grenelleko dirua desbideratzen da. Herriko Etxeak sare sozialetan erantzun zien, erranez mugikortasun eskaintza moderno bat eraikitzera «engaiatuak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.