Albistea entzun

Lamezana, Eltziegoko hezegunea

Hezegune bat sortu dute Lamezanako parajean, Ebro ibaitik hurren. Eremu aproposa da ibilbide ekologiko bat egiteko.

Hezegunearen ikuspegia.
Hezegunearen ikuspegia. JOSEAN GIL-GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Josean Gil-Garcia -

2023ko irailak 19

Eltziegoko udalak Arabako Diputazioaren eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren laguntza baliatu du bere barrutian hezegune bat sortzeko. Luis Aldazabalen alkate ohiaren ametsa bete nahirik-edo —2022an zendu zen—, buru-belarri ekin zioten proiektuari. Hori guztia, orain dela urte batzuk. Alta bada, ibaiertzeko berezko landaretza hartuko lukeen oasi bat sortzeko asmoa agertu zuten sustatzaileek. Hezegunearen kokapena, ordea, ez zen zori hutsez aukeratu: Lamezanako bazterra hautatua izan zen aho batez. Izan ere, Eltziegoko eremu legartsua bakartua gelditzen zen ur-goraldietan, babesik gabe, eta ingurumen proiektua garatzeko toki ezin hobea zirudien.

 

Hezegunearen kokapena eta ezaugarriak ezagutzearen kariaz, ibilbide ekologiko bat egiteko gonbita egingo dugu segidan.

Eltziego herrian (Araba) emango diogu hasiera ibilbideari. Valdelana upategi-museoaren ondoan garela, Lapuebla aldera doan errepidea segituko dugu ehunka metrotan. Frank Gehry arkitektoak diseinaturiko Marques de Riscal upategia inguratu ondoren, Fos upategira doan bidea utzi eta GR zidorrari men egingo diogu. Eltziego herria atzean utzi eta lehen aldapa igota, asfaltoa utzi eta eskuinetik doan nekazari bidean aurrera egingo dugu. Bide horrek berehala sarraraziko gaitu ibar xume batean. Almendrondo batzuk ikusiko ditugu behera egin ahala. Ibaiarekin bat egin aurretik —makalak ikusiko ditugu han—, ezkerretik jarraituko dugu, hots, muinoaren ezponda malkartsuaren eta ibaiaren artean doan bideak lagunduta. Bihurgunean jada, eskuinetik segituko dugu, betiere ezponda bera gidari dugula.

Estugunetik irtetean, atentzioa emango digu ezkerraldeko bazterrean altxarazitako etxalde handi batek. Hondakinak direlarik ere, erraz da imajinatzen eraikin horrek aspaldi handian hartu zuen tamaina. Aurrera egin aurretik, Lamezanako hezegunea ikusteko aukera dugu. Horretarako, bide zabala utziko dugu han bertan, eta, makalen artetik igaro eta bide harritsuari segika, ur lamina segituan begiztatuko dugu.

Hezeguneko bisitaldia amaituta, bide nagusira irten eta eskuinera eginda, ibarrean aurrera jarraituko dugu. Mahastiez emokatutako parajean gaindi ibilian-ibilian, Altun izena daraman etxolatik igaroko gara. Handik gertu, ibarra estutzen den tokian bertan, nekazari bidea laga eta ezkerretik gora jotzen duen bidexkari helduko gatzaizkio. Goratasuna hartuko dugu, beraz, eta Lamezanako ordokiaren gainean ikuspegi zabala izango dugu. Alta, ez gara hatsanka Otuñoko ordokira, gainaldera, iritsiko, ibilbidean barrena zer ikusia bada eta. Hala, zidor estuak bidea emango die ezkai, erromero, izpiliku eta ote landare arantzadunei, eta landareok usain gozoa utziko digute. Aldapa amaituta, ezkerrera jo, eta Eltziego eta Lapuebla lotzen dituen errepidera iritsiko gara. Eskuinetik jaitsita, hilerri paretik igaro eta kaleen artean ibili ondoren, udaletxea kokatzen den El Plano plazara helduko gara.

Eltziegorako bidea

Erret kale zabala hartu eta elizara iritsita, tenplua ezkerraldetik inguratu, eta Gazteluko plazara iritsiko gara. Gazteluaren Beheko Zeharkalditik gora egingo dugu. Errepidearen azpiko tuneletik eta okindegi paretik igaro ostean, herriko upategiak kokatzen direneko kalera iritsiko gara. Ezkerrera egingo dugu han goian. Zehar-zehar ibiliko gara orduan, harik eta 69 zenbakia daraman upategia ikusi arte. Une horretan, eskuinera joko dugu, eta kalean gora egingo. Kalea amaituta, bide asfaltatu bati lotu eta ur biltegira iritsiko gara aurki. Pitin bat aurrerago, lepo xume batean izango gara.

Lepotik distantzia laburrera, ezkerretik doan bidea laga eta Mesamayor talaia atzean dugularik, iparrera pausoak egingo ditugu. Bigarren kable elektriko lerroaren azpian gaudela, ezkerreko bidea hartu eta aurrera segituko dugu, Pisarnoso bideari lotuta. Beste bidegurutze batera helduko gara bizkor. Harrizko etxola baten harriak ikusiko ditugu pikupean. Etxola hura ezkerreko muinoan utzita eta nekazari bideari men eginda, Horca izena duen muinoaren ondora iritsiko gara.

Ezkerrera joko dugu Horcako lepoan, eta mendebalderako urratsak egiten hasi. Metro batzuk egin ostean, ordea, asfaltoa utzi, eta ezkerretik doan nekazari bide zabalari oratuko gatzaizkio. Desbideratzerik hartu gabe, San Roke parkera iritsiko gara, mahastiek troxatutako tapaki galanta zeharkatuta. Gero, behera doan bideari heldu, eta Eltziegon emango diogu amaiera zirkuituari.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Urola Kostako Hitza ©Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI'.a, atzo, garaipena ospatzen.

Hirugarren urtez jarraian, Izeta VI.ak jantzi du Euskal Pentatloi Sariaren txapela

Ihintza Elustondo - Urola Kostako Hitza

Ez da sorpresarik izan VI. Euskal Pentatloi Sariaren finalean, eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a aiarrak jantzi du txapela; emazteari eta semeari eskaini die garaipena. Xabat Olaizola zarauztarra sailkatu da bigarren, eta Xabier Zaldua hirugarren. Aritz Irazabal izan da laugarrena, Ioritz Gisasola bosgarrena, eta Julen Kañamares seigarrena.

Jose Luis Zubizarreta. ©Maialen Andres, Foku

«Iraurgin baino ardura handiagoko lanik ez dut edukiko inoiz»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Jose Luis Zubizarreta 11 urterekin joan zen Azpeititik Valentziara, bakar-bakarrik, eta Azpeitia-Azkoititik Donostiarako saskibaloi bidea egin du orain, 62 urterekin. Proiektua biziberritu nahi du.

Osasunako jokalari Chimy Avila eta Ivan Rakitic Sevillakoa, baloiaren lehian, atzo, Sadarren, Espainiako Ligako seigarren jardunaldian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Frustrazioaren gatibu

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak hobera egin du defentsan, baina ez du asmatu ate aurrean, eta puntu gazi-gozoa lortu du Sevillaren aurka. Nafarrek etxean irabazi gabe segitzen dute

Athleticeko jokalariak, lehen gola ospatzen, Iñaki Williamsen sartutakoa. ©L. RICO / EFE

Beste derbi zuri-gorri bat

Julen Etxeberria

Hogei urteren ostean, Athleticek Alavesi irabazi dio Mendizorrotzan. Garaipena lortuta, zuri-gorriek indartu egin dute egiten ari diren sasoi hasiera ederra. Arabarrek aurreneko aldiz galdu dute etxean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...