Frantziako Tourra

Cavendish garaile berriro, Tourrean lehen aldiz irabazi zuen lekuan

enaut agirrebengoa
2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Duela hamahiru urte lortu zuen Mark Cavendishek (Deceuninck) Tourreko lehen garaipena, Chateaurouxen, eta toki berean eskuratu zuen atzo 32.a, berpiztu egin dela berretsiz. Man Uhartekoak ez du zirkulua itxitzat eman nahi, bi garaipen eskasera baitu Eddy Merckxek Frantziako lasterketan ezarritako marka. Aurten bertan bete dezake erronka, orain arte erakutsi duen sasoiari eusten badio. Atzo, tropeleko azkarrena izan zen berriro, Jasper Philipsenen (Alpecin) eta Nacer Bouhanniren (Arkea) aurretik. Bi etapa zakuratu ditu dagoeneko, eta oraindik badu denbora beste hainbeste irabazteko.

50 aldiz irabazi du itzuli handietan. Soilik Merckxek eta Mario Cipollinik lortu zituzten garaipen gehiago; 64 batak, eta 57 besteak. Cavendishek laugarren etapan kendu zion kortxoa bost urtez itxita egondako botilari, eta oraindik aparra dario. Deceuninckek lan zoragarria egin zuen atzo bere alde, azken kilometroetan makineria guztia martxan jarrita. Indar guztia jarri zuten taldekide guztiek, Julian Alaphilippe munduko txapeldunak ere bai. Esprinta Philipsen eta Tim Merlierren (Alpecin) atzetik abiatu zen Cavendish, eta mugimendu arriskutsu batekin aurreratu zituen, kanpotik barrurantz eginda.

Greg van Avermaetek (Ag2r) eta Roger Klugek (Lotto) osatu zuten eguneko ihesaldia, eta bi kilometroren faltan harrapatu zituzten. Etapa aproposagoa izango da gaurkoa iheslarientzat, bukaera hautsia izango baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.