Iñigo Cordoba. Athleticeko jokalaria

«Prest eta ilusioz gaude erronkari aurre egiteko»

Iñigo Cordoba bere kirol ibilbideko partidarik «garrantzitsuena» jokatzeko gogoz dago. Erdilariak nabarmendu du Granada talde «lehiakorra» dela, baina Athletic partida «irabaztera» zelairatuko dela.

MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Igandean Vila-Reali irabazi eta gero, ligako emaitza bolada txarra eten zuen Athleticek. Iñigo Cordobak (Bilbo, 1997) nabarmendu du horri esker beste patxada batekin helduko diotela gaurko lehia garrantzitsuari.

Iritsi da eguna. Espainiako Kopako final baterako sailkatzeko aukera duzue berriz ere, Granadan. Nolako partida izango da?

Oso gaitza. Granada talde igo berria da, baina oso ondo ari da lehiatzen. Denboraldiko ezusteko nagusia dela uste dut. Etxean talde indartsua da. Sufritu egin beharko dugu, baina taldea gogotsu dago. Partida irabazteko asmoarekin zelairatuko gara.

Joanekoan 1-0 irabazi zenuten. Emaitza ona edo oso ona da?

Aurkaria behartuko duen emaitza da. Kanporaketa ez dago erabakita, baina berdinketa guztiak gure aldekoak dira. Lasai gaude alde horretatik.

Gol bat sartzea da helburua?

Gol bat sartzen badugu, aurkariak gutxienez hiru sartu beharko ditu. Defentsan sendoak gara. Beraz, gol bat sartzeak asko emango liguke.

Garrantzitsua izan al da Vila- Real mendean hartu, eta emaitza bolada txarrari amaiera ematea,Granadari konfiantzaz aurre egin ahal izateko?

Bai. Garaipen guztiek ematen dute indarra. Ligako emaitzak ez ziren onak. Arnasa hartu dugu. Taldeak eskertu du.

Lasai zaudete, beraz, gaurkoa bezalako norgehiagoka garrantzitsu bati heltzeko?

Bai. Partidak jokatu eta jokatu eta garaipena eskuratzeko kapaz ez izateak eragina dauka jokalariengan. Hala ere, taldeak ondo egin du lan. Egoera iraultzeko kapaz ginela sinetsita geunden.

Goren mailan lehiatzea da futbolari guztien helburua. Baina behin hori ohiko bihurtzen denean, beste kontu batzuekin egiten duzue amets. Athleticeko jokalari batentzat Kopako final bat jokatzea izan daiteke horietako bat. Zer sentitzen da hori hain gertu izanda?

Granadaren kontrako neurketa oso garrantzitsua da. Final bat jokatzeko aukera eskuratzea gaitza da oso. Bilbok eta inguruak argi erakutsi digute zein garrantzitsua den gaurko partida. Jokalariok ere badakigu zer dagoen jokoan. Prest eta ilusioz gaude erronkari aurre egiteko.

Zure kirol ibilbideko lehen finalaren atarian zaude. Gaztea zara, baina akaso ez duzu izango antzeko partida bat jokatzeko aukerarik.

Pozgarria da horrelako egoera batean egotea. Ilusioa daukat. Sevillako finala jokatzeko gogoa daukat. Etorkizunean gisa honetako norgehiagoka gehiago jokatzeko itxaropena ere badut.

2009tik hona Athleticek final dezente jokatu ditu: Espainiako Kopako hiru eta Europa Ligako beste bat. Bizkaitarra izanda, gertutik kasu egingo zenien haietako batzuk, ezta?

Bucarestekoa da gehien gogoratzen dudana. Harmailan egon nintzen taldea bultzatuz. Finala amaitu zenean, negar dezente egin nuen zelaira begira. Athleticek Espainiako Superkopa irabazi du azken urteotan, baina gainerako finalak galdu egin ditu. Gure esku dagoen guztia egingo du berriz ere txapelketa bat irabazteko aukera izateko.

Gainera, aurten, ez daude ez Bartzelona, ez Reala Madril, ezta Atletico Madril. Horrek irabazteko aukera handiagoa ematen dizue?.

Aukera moduan ikusten dugu. Indarra ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.