HILBERRIA. V.S. Naipaul

Koloniak, distira eta argi-ilunak

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Britainiar inperioaren harribitxian, Indian, jaioak zituen gurasoak; inperio beraren beste kolonia batean, Trinidad eta Tobagon, jaio zen bera, 1932an; eta Londres metropolitanoan hil zen, larunbatean. Aita kazetari literaturazalea zuen; kazetaritza maite zuen idazle bihurtu zen bera. Beka bidez heldu zen Oxfordeko unibertsitatera, 1950ean. Artea ikasi zuen han, eta idazketaren artista gisa nabarmendu zen, ingeles letretako azken sei hamarkadetako izenik handientzat hartua izateraino. V.S. Naipaulek dozenaka liburu eman zituen mende erditik gorako ibilbidean. The Mystic Masseur (Sendagile mistikoa, 1957) nobela umoretsua lehena. A House for Mr Biswas (Etxe bat Biswas jaunarentzat, 1961) eleberriarekin lortu zuen lehen arrakasta itzela. Ohikoak izan zituen hizkuntzaren zehaztasuna eta ironia zerabiltzan lan hartan. The enigma of Arrival (Ailegaeraren enigma, 1987) jo ohi dute kritikari askok haren lan gorentzat. Kolonialismoa, deskolonizazioa, erbestea, menperatuen alienazioa... izan zituen bere obraren ardatzak. Fikziokoetan zein ez-fikziokoetan.

Polemika eta Naupaul eskutik helduta agertu ziren sarritan. Indiako emakumeek kopeta erdian tanto gorria «burua hutsa dutela adierazteko» daramatela esan zuen; Salman Rushdieren aurkako 1989ko fatuari «muturreko kritika literario» deitu zion; emakume idazleen testuei «sentimentalkeria eta mozdadea» dariela uste zuen. Derek Walcott idazle karibetarraren ustez, haren prosa «beltzekiko gorrotoz kutsatua» zegoen. Arrazistatzat eta sexistatzat jo izan dute biografoek. 1971ko Booker saria jaso zuen, eta 2001ean Nobela eman zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.