Europa xede duela ekin dio

Athleticek sasoi-aurrea hasi du. Marcelino: «Jokalari guztiek dute gure asmoen berri»

Dani Garcia, Muniain, Jon Artola eta De Marcos, atzoko lan saioan. M. TOÑA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Athletic hasi da 2021-2022 sasoia prestatzen. Zuri-gorrien talde nagusiak atzo egin zuen lehen lan saioa, Lezaman, eta haren aurretik agerradia egin zuen Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak. Espainiako prestatzailea sasoi hasieratik ariko da aurten, eta esan du «futbol kontzeptuak txertatzen» saiatuko direla prestakuntza aldian.

Marcelinok aho bizarrik gabe hitz egin zuen prentsa aretoan: «Epe laburreko helburuak ezartzen ditut. Halere, Europara sailkatzeko borrokan egoteko ilusioa eta grina eduki behar ditugu». Athleticeko entrenatzaileak esan du taldeak baduela «horretarako gaitasuna», eta errendimendua «optimizatzea» gakotzat jo du. Joan den sasoian baino lau partida gehiago irabazi beharko dituztela aurreikusi du.

Athleticek 32 jokalarirekin hasi du denboraldi-aurrea. Kopuru handia da, eta Marcelinok hori murriztu nahi du. Haren esanetan, «garrantzitsuena jokalariei beren egoera garbi azaltzea izan da». Haiekin «argi eta garbi» hitz egin dutela esan du:«Orain hilabete eta erdi egindako hausnarketen osteko ondorioen arabera aritu gara. Badaude jokalari batzuk nahi ez ditugunak, eta garbi esan diegu zer gura dugun: onena da haientzat, Athleticentzat, eta denentzat».

Klubarekin adostutako erabakiak izan dira haiek, Athleticeko teknikariak esan duenez: «Bi edo hirurekin telefonoz hitz egin nuen, eta beste guztiekin aurrez aurre bildu ginen Rafa Alkorta [kirol zuzendaria] eta biok».

Taldea, «oraingoekin»

Marcelinok maiatzean hartutako erabakien arabera osatu du multzoa, atzoko agerraldian adierazi zuenez, eta zail ikusten du datozen asteetan berritasun handirik egotea: «Neurri handi batean, oraingoekin ariko garela esan dezaket. Merkatuan aukeraren bat egon daiteke, baina...».

Orain aste batzuk Javi Martinez jokalaria fitxatzeko lanetan aritu zen Athleticeko zuzendaritza, baina ez zuen halakorik lortu. Horren inguruko azalpenak ere eman zituen: «Merkatuan aukeraren bat bazen. Ez asko, baina bakarren bat bai. Ezin izan zen lortu».

Dena den, Marcelinok eskertu egin du klubak arlo horretan egindako saialdia, hau gehitu badu ere:«Jokalariek beste erabaki bat hartzen dutenean, onartu beharra dago. Merkatua hori da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.