Mendi ibilbidea

Abadiako itsaslabarren hegitik

Lur hauetan zenbat ekosistema aurkituko ditugu: landutako soroak, zelaiak, belardiak, basoak, zuhaixkak…
Dunbak edo Harkaitz bikiak.
Dunbak edo Harkaitz bikiak. MIKEL ARRIZABALAGA

Mikel Arrizabalaga -

2019ko ekainak 25
Abadiako gazteluaren lurrekin muga egiten, 65 hektareako natur ingurune bitxi eta aberats bat zabaltzen da. Itsas Hegiko eta Aintzira Bazterretako Kontserbatorioa jabe den lur horietan, erreserba biologiko eta geologiko garrantzitsua aurki dezakegu. Lur horietan zenbait ekosistema aurkituko ditugu: landutako soroak, zelaiak, belardiak, basoak, zuhaixkak… Berrogei txori espeziek baino gehiagok habia egiten dute bertan, eta, gainera, leku aparta da hegazti migratzaileak behatzeko. Itsasora hurbilduz gero, labar gris eta arrosak gure oinpean amilduko zaizkigu. Parkearen sarreran dagoen Larretxea harrera etxean paradisu txiki horren erakusketa bat dago.

Parkearen erdian dagoen gaztelua itsas aldera begira eraiki zuen Viollet-le-Duc arkitektoak, Erdi Aroko gaztelu eta jauregiak eredutzat hartuz. Beraz, estilo aldetik arkitektura neogotikoa da. Eraikinaren barnealdean, berriz, Anton Abadiak munduan zehar egindako bidaien eta bere bizitzaren erakusketa exotiko zabala aurkituko dugu. Arabiar apaindurek eta etiopiar margoek jabearen lana eta nortasuna erakusten digute. Antzinako astronomia behatokia eta jabea izan zena lurperatuta dagoen kapera ere bisita daitezke. Gaur egun, Frantziako Zientzia Akademia da jabea.



Aparkalekutik abiatu eta berehala Abadiako lurretan sartzeko dagoen ataka pasatu, eta metro batzuk aurrerago topo egingo dugu Larretxea harrera etxearekin. Ezkerretik jaisten den bidetik segituko dugu labarretarantz gerturatuz. Bat-batean, belardi eder bat zabalduko zaigu begien aurrean, eta eskuinera, muino batean, Abadiako gaztelu bikaina. Bidea oso nabarmena da, eta tarteka beste zidor batzuk labarretara gerturatzera gonbidatuko gaituzte. Haietako batetik Dunbak (Zabala eta Luzie) edo Harkaitz Bikiak esaten zaien harri uharte bitxiak ikusteko aukera izango dugu. Elezaharraren arabera, Pirinioetako Jaungorriak, Baionako katedrala suntsitu nahian, Aiako Harritik bi harri jaurti, eta Hendaiako hondartzaren ondora erori ziren. Bide nagusira itzuli eta labarren gainetik segituko dugu.

Halako batean, bide bazterrean bunker batzuk ikusiko ditugu, Bigarren Mundu Gerran erabilitak, eta haien tartetik pasatuko gara. Haien ondoan dagoen monolitoa atzean utzi, eta Santa Ana muturrera iritsiko gara. Bunker baten gainean haize arrosa kokaturik bat ikusiko dugu, eta metro batzuk aurrerago, itsaslabar bertikalak. Mutur horretatik Iparraldeko kostaren ikuspegi zabala izango dugu. Atzera egingo dugu, eta, ezkerretik ateratzen den bidezidorrean barna, Loiako badia inguratuko dugu. Bidegurutzera iristean, ezkerrera doan bidea utzi, eta eskuinera ateratzen dena hartuko dugu.

Bide eroso horrek Nekatoenea baserrira eramango gaitu, baina lehenago Abadia gaztelura igotzeko itxita egoten den atakaren ondotik pasatuko gara. Bi jabego desberdin dira, eta debekatuta dago gazteluko lurretan hemendik sartzea. Hala ere, gaztelua bisitatu nahi izanez gero, duen sarrera nagusitik hel daiteke. Gazteluaren silueta ederra ezkerrera utzi, eta berehala iritsiko gara Nekatoenea baserriaren ondora. Bide eroso batek Larretxea harrera etxera eramango gaitu bueltan, eta bertan dauden mahai eta zelaietan atseden hartzeko aukera izango dugu. Abiapuntura itzultzeko, ur araztegiaren ondotik jaitsi, eta, hondartzara iristean, paseo polita eman dezakegu itsasbazterretik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna