Enrique Sanz Unzue

Itzulirako prest

Hiru etapa irabazi ditu Alentejoko Itzulian, eta taldearen lan ona borobildu du. Euskal Herriko Itzulia du begiz jota, eta, haren ustez, garaipen hauek dira «entrenamendurik onena»

NUNO VEIGA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Irabaztea beti da ona, baina ez da guztia. Ez, behintzat, Enrique Sanzentzat, baina ezin du ezkutatu asko gozatu duela Alentejoko Itzulian (Portugal) talde barnean izan duten giroarekin. «Gu talde txikia gara, baina denok batera egiten dugu lan helburuaren alde. Eta irabazten duzunean poz handia hartzen duzu, guztiek ikusten dutelako lanak saria jaso duela. Nik Movistarren Alejandro Valverderekin bizi izan nuen hori, eta argi dago ni ez naizela Valverde, ezta haren hurrenik ere, baina bizitako poza oso antzekoa da». Poza, edo pozak, Alentejoko Itzulian hiru etapa irabazi baititu Sanzek, Euskadi-Murias taldeak sasoi honetan lorturiko lehen hirurak.

Alentejoko Itzulia egutegian markatua zuen taldeak. Sanzek eta zuzendariak etapak aztertu zituzten, eta besoak altxatzeko proba egokia zela ikusi zuten. Horretarako, esprinterrak Kataluniako Volta baztertu zuen, eta begi bat Euskal Herriko Itzulian jarrita aritu zen iragan astean. «Irabaztea beti da zaila, baina badakigu proba guztiak ez direla berdinak. Alentejon parte hartuko zuten esprinterrak ikusita, aukera ona zela ondorioztatu genuen. Eta dena ondo irten zen. Hiru garaipen dira; Itzulira, urteko helburu nagusira —apirilaren 6tik 13ra jokatuko da—, sasoiko iritsiko naizela erakusten duten hiru garaipen. Entrenamendurik onena».

Sanzen sakelakoa ez da isildu aste osoan: asteazkeneko, osteguneko eta igandeko etapak irabazi zituen. «Oraindik ere jo eta jo ari da», zioen atzo, baina ez da kexu: «hori seinale ona da». Ona, eta berria, Sanzek sei garaipen lortu dituelako bere ibilbidean. «Unearekin gozatzen jakin behar da. Irabazi baino asko gehiago galtzen da, eta ezin zara erotu, edo itsutu. Txirrindularitza ez da dena; bizitzan gauza gehiago daude Zure onena eman baduzu, lasai egon zaitezke». Izan ere, Sanzek ondo darama bere ibilbideko gazi-gozoen kontua: «Sei garaipen lortu ditut, baina 80 aldiz baino gehiago bukatu dut lehen hamarren artean». Esaterako, Alentejora joan aurretik bigarren egin zuen Andaluziako Itzuliko azken etapan, Mateo Trentinen (Mitchelton) atzetik baino ez.

Alentejon ez zegoen WorldTour mailako talderik; guztiak kontinental profesional eta kontinental mailakoak ziren. Murias handienetakoa zen, eta handi gisa lehiatu zen. «Tropelaren errespetua irabazi dugu», dio harro Sanzek. «Ez gara ohiko Kontinental Profesional talde bat, beti ihesaldien bila ibiltzen dena. Iaz hamar garaipen lortu genituen, eta izena eman digu. Talde txikia gara, aurrekontu mugatukoa, baina badakigu tropelean mugitzen». Errespetu horren muina, bere ustez, lehiatzeko modua da. «Talde moduan lehiatzen dugu, bat eginda. Lasterketak kontrolatu ditzakegu. Alentejon hori ikusi da». Errespetu horren eredu, Euskadi-Muriasek Yorkshireko Itzulian parte hartzeko gonbita jaso zuen atzo. ASOk antolatzen du, maiatzaren 2tik 5era, eta, besteak beste, Sky, CCC, Dimension Data eta Katuxa taldeek parte hartuko dute.

Alentejon, Sanzek fede osoa zuen taldearengan, baina badaezpada ez zuen bere sineskeria alboratu. «Etapa bat irabaz dezakedala uste badut, azkeneko gurutzatzen dut irteera marra. Askotan, auto artean gurutzatu izan dut azkena izateagatik. Ez naiz mania hori duen tropeleko bakarra, eta, noizbait besteren bat nire atzetik ikusi izan badut, amorru txikia eman dit». Umoreko azaltzen du, baina nola jaio zen ere. «Toledoko Itzulian izan zen, afizionatu mailan. Irteera marra azkena gurutzatu eta adineko emakume batek berarekin zegoen umeari esan zion: «Gaur horrek irabaziko du», eta irabazi egin nuen. Eta orain arte. Hori bai, egin dudan bakoitzean ez dut irabazi, baina ez dut ohitura aldatu».

Eta Euskal Herriko Itzulian? Egingo al du? «Bai, bigarren eta hirugarren etapetan», aurreratu du. Beraz, erne ibili beharko Zumarragako eta Sarrigureneko irteeretan. Biak ondo aztertu ditu, gainera, eta, badakien arren oso zaila izango dela ezustekoa ematea, aurrean egon nahiko luke. «Bigarren etapan sterrato [lurrezko bideak] tarte horiek daude. Ez da Strade Biancheko sterrato hori; nobleagoa da, ez hain lakarra. Eguraldiak laguntzen badu, pasatuko dugu. Arriskua dahorrek tropelean nolako tentsioa sor dezakeen, edota zulaturen bat egotea. Etapa horretan, halaber, beste bide txar bat egongo da. Duela bi urte Sarrigurenera bidean Alaphilippi gurpila zulatu zitzaion bide bera da».

Eta hirugarren etapa? Estibalizko Santutegian bukatuko dena, nolakoa da? «Amaiera deserosoa da; azken bi kilometroak aldapa gora dira. Ez da oso aldapa pikoa, baina agian gehiegi esprint lau-lauetan espezialistak direnentzat. Niri, behintzat, gustatu zait». Arabako esprinta ohiko etapa helmuga izaten da Itzulian, eta Sanzek arantza sartu zuen iazkoan. Valdegovian izan zen, etabosgarren izan zen. «Esprintean ez nintzen ondo kokatu, eta garesti ordaindu nuen. Ez nuen multzo egokia aurkitu. Hanka onak nituen, eta ondo kokatu izan balitz garaipenaren lehian egon nintekeela uste dut». Alentejoko pedal kolpeari eusten badio, gutxienez arantza ateratzeko lehian egongo da.

Bernal ez, Roglic ere ez...

Euskal Herriko Itzuliaren aurkezpen ofiziala bihar izango da, eta dagoeneko jakina da hutsune batzuk egongo direla. Egan Bernal (Sky), esaterako, ez da egongo, eta Geraint Thomas Skyren aurre zerrendan dago. Tourreko irabazlea ez badator, Michal Kwiatkowski izango da taldeburua. Antolatzaileek ere ez dute espero Primoz Roglic (Jumbo) iazko irabazlea etortzerik. Quick Stepek, aldiz, apustu handia egingo du Alaphilippe eta Enric Masekin. Ikusteko dago, esaterako, Mitcheltonek Yates anaietakoren bat ekartzen duen. Euskal txirrindulari onenak ziur egongo dira: Mikel Landa (Movistar), Izagirre anaiak, Pello Bilbao, Omar Fraile (Astana)...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.