APUNTEA

Txernobylgo koru triste bat

Ander Izagirre -

2015eko urriak 9
Kazetaria eta idazlea

Ander Izagirrek 'Txernobil txiki bat etxe bakoitzean' liburua plazaratu zuen 2014an (Gaumin). Svetlana Aleksievitx Nobel saridunaren Voces de Chernobyl irakurri zuen liburu hura prestatzeko. Txernobylera egindako bidaian irakurri zuen.

Txernobylera bidaia prestatzen ari nintzela, Alberto Moyano kazetariak eman zidan Voces de Chernobyl liburuaren berri. Abioian eta Ukrainan irakurri nuen, txundituta, hunkituta. Aleksievitxek dozenaka monologo biltzen ditu liburuan, katastrofea jasan zuten pertsonek egindako kontakizunak. Erreportari lan itzela dago liburuaren atzean: denbora asko jendea eta herriak bisitazen, orduak eta orduak istorioak entzuten. Eta, ondoren, asko estimatzen dut istorio horiek nola papereratu zituen: Aleksievitxek ohar batzuk idazten ditu liburuaren hasieran, baina gero desagertu egiten da erabat. Biktimen monologo hutsak ageri dira. Maisuki jasota daude: oso hizkera sinplearekin istorio latzak agertzen dira. Ez dute apaingarririk, adjektiborik, epairik behar. Ez dute kazetariaren presentziarik behar. Istorio gordinak oso gogorrak dira bere horretan, istorio latzak, tristeak, eta askotan oso poetikoak, Txernobyl inguruko biztanleek euren bizitzak nola amildu ziren kontatzeko oso pasadizo eta detaile indartsuak kontatzen dituzte. Aleksievitxek solasaldi horiek antolatzen ditu, detailerik onenak aukeratzen ditu, montaje lan pixka bat egiten du, baina bera apartatu egiten da. Txernobylgo koru triste bat da liburua.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna