KRITIKA. Dokumental faltsua

Trufa egin 2020ari, terapia gisa

Tracey Ullman aktorea Elizabeth II.a Ingalaterrako erreginarena egiten, Death to 2020 umorezko saioan. K. BERNSTEIN / NETFLIX.
urtzi urkizu
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun

'Death to 2020'

Jatorrizko izenburua: 'Deathto 2020'. Gidoilari eta ekoizle eragileak: Charlie Brookereta Annabel Jones. Aktoreak: Samuel L. Jackson, Hugh Grant, Kumail Nanjiani, Tracey Ullman, Samson Kayo, Lisa Kudrow. Non ikusi: Netflix.

Urte oso gogorra izan da 2020a herritar askorentzat, senideak galdu dituztenentzat bereziki. Pandemiak hango eta hemengo herritarrak jo ditu. Eta urteari errepasoa emateko orduan, komedia «katartikotzat» definitu du Netflix plataformak Death to 2020 lana. Dokumental faltsu bat osatu dute Charlie Brooker eta Annabel Jones sortzaileek —Black Mirror telesailaren arduradunak—. Horretarako, aktore talde paregabea fitxatzeko aukera izan dute fikziozko —gehientsuenak— eta benetako pertsonaiak jokatzeko.

Australiako suteekin eta klima krisialdiaren aurkako mugimenduekin ekiten dio kontakizunak, nahiz eta nahiko bizkor heltzen dion pandemiaren gaiari. Lehen minutuetan ikus-entzulea barre algara artean eramaten du dokumental faltsuak. Formatuaren jokoan, irrigarri agertzen doaz pertsonaiak; haien artean sekulakoa da Hugh Grantek eraikitzen duen historialari histrioniko eta arrazista —aktoreak berak pertsonaiari trufa egiten diola nabari da, eta badu horrek bere grazia—. Munduko gertaerak eta gizarte arloko txantxak uztartzen dira zenbaitetan. Emakume arrunt batek kontatzen du nola koronabirusaren eraginez objektu guztiak ukondoarekin ukitzen hasi zen, hatzekin ordez. Dena ukitzen zuen ukondoarekin, bikotekideak abandonatu zuen arte.

Saioaren azkeneko ordu erdia, ordea, zozoagoa da lehen partea baino. Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeekin gehiegi tematzen da lana, mundu zabaleko beste gertakariak ahaztuta. Minutuek aurrera egin ahala, gero eta gatzgabeagoa da kontakizuna. Donald Trump eta Joe Biden bilakatzen dira urtearen bilakaerako pertsonaia nagusi, eta horrek indarra kentzen dio dokumental faltsuak lehen pasarteetan iradokitzen zuen umore «katartikoari».

Hartara, pena da umore zirikatzailez urteko gertakariak eta pertsonaiak astintzen hasitako hori finago biribildu ez izana, eta zapore gazi-gozoa uztea bukaeran. Ezin aipatu gabe utzi, bestalde, zein aktore ona den Tracey Ullman —Elizabeth II.a Ingalaterrako erreginaren rolean, badu grazia Netflixeko The Crown telesaila nola definitzen duen—.

Dokumental faltsuaren formatuari dagokionez, agian ez dituzte egileek ematen dituen aukera guztiak baliatu. 2019an, Rolling Thunder Revue: A Bob Dylan story by Martin Scorsese lanak—Netflixen ikusgai hori ere— beste modu batean jokatu zuen ikus-entzuleekin, zer izan daitekeen gezurra asma zezaten jokoa eginez.

Brookerrek eta Jonesek ez dute bete-betean asmatu, baina irribarre batzuk eragin dituzte, behintzat. Black Mirror-en lehen atal antologikoen inspiraziora bueltatuko dira halako batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.