Mendi ibilbidea

Elbetetik Autrinera

Etxaideko errota XIX. mendean eraiki zuten, eta 2003an eraberritu eta gero, martxan jarri zuten. Lortutako irinarekin arto opilak egiten dituzte.
Autrinera igotzeko azken malda.
Autrinera igotzeko azken malda. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2020ko irailak 22

Baztan ibaiaren (Nafarroa) paraleloan eta etxe ederren artean hedatzen den asfaltozko errepidetik abiatuko gara. Ibaia zeharkatzeko aurkituko dugun zubia gurutzatu eta gero, Errota Berri errotaren ondora helduko gara. Beartzun errekaren ondoan altxatzen den errota zaharra, etxe bezala egokituta dago egun. Gorago dagoen presa, Ingurumen eta Landa Garapen Departamentuak botatzeko agindua eman zuen. Baina Elbeteko herritarrek mantentzeko egin zuten borrokaren ondorioz, bere horretan uztea erabaki zuen azkenean. Errotari bizkarra eman, zubi xume bat gurutzatu, eta errekaren ondotik marrazten den xendatik aurrera egingo dugu.

Errepidera ateratzean, ehunen bat metro egin, eta berehala iritsiko gara Etxaideko errotaren ondora. Zubia igaro, eta errota eder horretaz gozatzeko aukera izango dugu. Garai batean Baztanen zeuden erroten artean zaharrenetakoa da. XIX. mendean eraiki zuten; eta 2003an eraberritu eta gero, martxan jarri zuten. Ur errota horretan era tradizionalean ehotzen dute artoa, eta lortzen duten irina erabiliz, arto-opil ederrak egiten dituzte: taloak, hain zuzen ere. Garai batean oinarrizko elikagaia zen, baina gaur egun azoketan eta festetan dastatzeko aukera izaten da. Errota eta haren funtzionamendua ezagutzeko ere aukera dago.

Errotaren ondotik hedatzen den pista zabaletik Basabar aldera doana hartuko dugu, eta bertatik berrehunen bat metro bete ondoren, ezkerretik marrazten den xenda hartuko dugu. Uda partean, garo altuak ikusgai bihurtzen du bidea, baina kilometro erdi bete eta gero, garbitu eta erraztu egiten du ibilera.

Baso mistoa zeharkatu, eta aldapak bizi batek, Intzuriko lepora eramango gaitu. Arnasa berreskuratu ondoren, aurrez aurre ikusiko dugun aldapa pikoari aurre egingo diogu, nabarmena den xendan murgilduz. Tontorrera heldu baino lehen, alanbrezko hesiak aurrera egitea eragotziko digu. Ondotik metro batzuk bete eta gero, hori gainditu eta Autringo tontorrera igoko gara. 1936ko Gerran eraikitako bunkerretik (presoek eta errepresaliatuek eraikitakoa ziurrenik) Baztango ikuspegi ederra eta zabala izango dugu gozagai.

Igotako bidetik atzera egingo dugu. Intzuriko lepora jaistean, metalezko langa pasa eta eskuinetik, Oketa muinoaren magaletik ateratzen den pista zabalean zehar jaisten hasiko gara. Pista borda baten aurrien ondoan amaitzen da, eta aurrera jarraitzeko erreferentzia bakarra, ataka funtzioa betetzen duen latorrizko xafla batean ikusiko ditugun seinale zuri-gorriak dira.

Xaflaren beste aldera igaro, xendatik aurrera egin, eta berehala basoan murgilduko gara. Handik ateratzean, garo lekua zeharkatuko dugu, maldan behera altuera galduz. Beste baso batean sartu, eta Malkor inguruan, bide garbiak porlanezko pistara eramango gaitu. Pistatik Baztan ibaiaren ondora jaitsiko gara, hura zeharkatu eta abiapuntura itzuliko gara.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Paziente bat, ZIUan, osasuneko profesional baten arta jasotzen. ©Andoni Lubaki / Foku

Kutsatzeen katea ez da eten, eta goia jo du ospitalean daudenen kopuruak

Arantxa Iraola - Maddi Ane Txoperena Iribarren - Irati Urdalleta Lete

Nafarroan bigarren olatuko kutsatu kopururik handiena izan dute (578), eta Gipuzkoako kutsatze tasa 500 kasutik gorakoa da jada. Murrizketak Iparraldean ere: ostatuek 22:00etarako itxi beharko dute

Antigorputzak atzemateko testak, artxiboko irudi batean; immunitate sistemaren erantzuna neurtzen dute. ©ROBERT GHEMENT / EFE

Gaitzei aurre egiteko ahalmena

Arantxa Iraola

Sendo behar da immunitate sistema eritasunei aurre egiteko; izurriak lehen lerrora ekarri ditu gorputzaren babes mekanismoei buruzko jakingarriak. Aldagai askok eragiten dute

 ©ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Iruñeko taberna atari bat, atzo. ©JESUS DIGES / EFE

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna