Klasikoei parez pare irekitako atea

Bihar hasi eta astelehenera bitarte, 70 emanaldi eskainiko ditu Musika Musica jaialdiak Bilbon. Natura izango da emanaldien ardatz nagusia

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Musika Musica jaialdian izango da; irudian, entsegu batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Isiltasunarena da lehen nota, ezinbestean gainera, gero haren aurka lehertzen baita orkestra osoa lehen musika kolpe indartsu batekin, eta halako kola xume bat gelditzen zaio zintzilik ondoren, ia-ia isiltasunaren mugara itzulita, baina jadanik apal igar daitezke bertan hazten lehenengo melodia zalantzatiak. Hasiera guztien hasierarekin abiatu nahi izan dute Musika Musica jaialdia bihar Bilbon: Joseph Haydn konpositoreak munduaren sorrerari eskainitako Kreazioa oratorioaren emanaldiarekin, zehazki. Bilboko Arriaga antzokian izango da kontzertua; Robert Howarhek zuzenduko du, eta Bilboko Koral Elkartea eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa izango dira oholtzan. Musika klasikoa publiko orokorrari zabaltzeko helburuz antolatzen du urtero festibala Bilboko Udalak, eta hasiera baino ez da izango kreazioarena, orkestraren lehen musika kolpe horretatik hasi eta astelehenera bitarte, 70 emanaldiko programa antolatu baitute, osotara. Milioi bat euroko aurrekontua izan dute horretarako.

«Maratoi formatua» izaten du jaialdiak, antolatzaileek eurek erabiltzen duten terminologiaren arabera, eta, beraz, hiru egunez, bata bestearen atzetik joango dira kontzertuak Euskalduna jauregian, Azkuna zentroan, EHUko Bizkaia aretoan eta Arriaga antzokian. 1.300 musikari arituko dira, orotara, eta eserleku guztiak betetzera helduz gero, eta pandemia aurreko kopuruetara hurbilduta, 30.000 ikusle inguru izango dituzte aurrean.

Natura izango da egitarauaren ardatz nagusia, eta naturan inspiratutako musikaren historian zehar egindako ibilbide bat proposatuko du. Errenazimentutik hasi eta gaur egunera arte. Eta konposizio ezagunak entzuteko aukera izango da, tartean: Antonio Vivaldiren Lau urtaroak, Richard Straussen Alpetar sinfonia, Ludwig van Beethovenen Pastorala, Camille Sain Saensen Animalien inauteria, Gustav Mahlerren Lurraren kantua eta Aaron Coplanden Apalachiar udaberria, kasu.

Orkestrak eta beste

Hamaika formatutan helduko zaie musika bertaratzen direnei. Izango dira orkestra sinfonikoak, orkestra barrokoak, laukoteak, hirukoteak, bakarlariak eta hamaika abeslari. Bilboko Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, proposamena «gustu eta publiko mota guztientzako» egokitzea da azken helburua, eta publiko ahalik eta zabalena erakartzeko moduko prezioak izango dituzte saioek: 3 eta 12 euro artean. Prezio «merkeak» izanik ere, «kalitate artistikorik handiena» lortzea da udalaren erronka. Eta bi elementu horiek uztartuz, «zabalpena» da xede nagusia. Eta izan, hiriko kultur programako zitarik esanguratsuenetako bat izan ohi da, nahiz eta pandemiaren eraginez azken urteetan nabarmen apaldu den hura ere.

Euskalduna jauregia izango da festibalaren bihotza, bertan eskainiko baita egitarauaren zatirik handiena, larunbatean eta igandean; 11:00etan hasi, eta, gutxi gorabehera, 21:00etara arte, guztira 50 emanaldi inguruko programa eskainiz. Auditoriumean izango dira kontzertu sinfonikoak, eta 0B aretoan emanaldi barrokoak. Vivaldiren konposizioak ez ezik, Piazzolarenak, Puccinirenak, Manfredirenak eta Mozartenak ere izango dira errepertorioan. Euskadiko eta Nafarroako orkestrak entzuteko aukera izango da, tartean.

Ganbera kontzertuak 0D aretoko agertokian egingo dira. Duo del Valle bikoteak, esaterako,Franz Shuberten, Maurice Ravel-en eta Antonin Dvoraken obrekin osatutako kontzertua eskainiko du, eta Le Concert Impromptu taldeak Christoph Willibald Gluck, Felix Mendelssohn eta HectorBerliozenak. Eta errezital segida bat ere izango da 0A aretoan. Bertan arituko dira, besteak beste, JudithJauregi, Alfonso Gomez etaLuis Fernando Perez piano jotzaileak.

Familia osoarentzako kontzertuak eta bestelako ekitaldiak ere izango ditu programak, eta antolatzaileen hitzetan, interprete gazteek ere garrantzi berezia izango dute jaialdian. Gune bat ere izango dute: musika ikastetxeetako ikasleek eskainitako emanaldiekin osatuko dute nagusiki Euskalduna jauregiko Kioskoan izango den programazioa. Euskal Herriko Unibertsitateko Orkestra Sinfonikoak ere kontzertua eskainiko du Musika Musican. EHUko Bizkaia Aretoan arituko dira, larunbatean, 13:00etan, eta, besteak beste, Georg Friedrich Haendelen, Ottorino Respighiren eta Johann Sebastian Bachen konposizioak eskainiko dituzte.

Zinemarako musika

Atal propioa izango du zinemagintzarako sortutako musikak ere. Sail finkoa du jadanik, eta aurten hiru saio antolatu dituzte. Mahai ingurua antolatu dute ostiralean, esaterako, EHUren Bizkaia Aretoan, Angel Illarramendi, Fernando Velazquez eta Nerea Alberdi konpositore, orkestratzaile eta moldatzaileekin.Eta hitzaldi tematiko bana ere antolatuko dituzte larunbatean eta igandean: klasikoak, natura eta zinema uztartuko ditu lehenak, eta zinemako soinu banden konpositoreek paisaia nola islatu duten aztertuko du bigarrenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.