Andoni Imaz.
MOBIOLA

Ezin pantailan kabitu

2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Zinematik ateratzea. Zenbat mito zinematik irten osteko nahasmendu horren inguruan. Nola aretoko argiak pizten dituztenean geratzen den norberaren baitan itzali ez den zera aztoragarri bat, eta zinematik etxerako ibilian pelikularen barruan zauden irudipena duzula esatea inozo samarra den arren, munduak normal-normal segitzen duen plantak egiteak ere ez duen ezertarako balio.

Irudiaren mugimendua harrapatu, pixkanaka soinua eta kolorea eman, hizkuntza bat garatu, teknikoki edertu eta zugana iritsi. Horra zinema. Narrazio triste hori —lerro zuzen bat eta disidentzia kontrolatu batzuk— baino ederragoa da Andre Bazinek esaten zuena irudikatzea, zinema dagoeneko existitzen zela asmakizun industrial horien guztien aurretik, beti egon delako natura irudikatzeko gogo bat, nork baino nork atzerago eta barrurago kokatzen duena: argazkiak, pinturak, kobazuloak, ametsak.

Zinema jaialdi batek, gaur zinema esaten zaion forma etxekotu horretako lanen erakustaldi batek, oraindik konekta lezake ikuslea aurrera egin ahala jatorrira itzultzen den irrika primitibo horrekin.

Sumendi baten erupzioak prestatutako eszena bat dirudi hipnosiaren eraginpean dagoenarentzat, pantailak harengan proiektatutako edozein dramak adina du errealitatetik. Non amaitzen da zinema? Pantailan? Aretoan? Albistegietako irudietan? David Lynchen Youtubeko eguraldi iragarpenetan? Gainezka egiten du zinemak; edo, Serge Daneyk esan zuen bezala, «ikus-entzunezkoek, hitz zatar eta teknokratiko horrek».

Enbido. Ez da meritu makala zuzendari bakarrak bi film aurkeztea Perlak sailean. Ryusuke Hamaguchi ez da sartzen ohiko moldeetan: duela sei urte, hiru zatitan atera zuen Happy Hour filma; aurten, bi pilatu zaizkio: Drive My Car eta Guzen to sozo.

Kontakizunaren indarra agerikoa da bi-bietan. Drive My Car, jatorrian, Haruki Murakamiren 40 orrialdeko narrazio bat da, hiru orduko film bilakatuta; Guzen to sozo edozein katigatzeko moduko hiru istorio sinesgaitzek osatzen dute. Engainua begien aurrean jartzen dute, eta antzerkitik abiatzen dira —lehenengoa zuzenean, bigarrena zeharka— egia lortzeko. Pertsonaien arteko elkarrizketetan sortzen da eszenaratzea, eta horien gainean ernatzen dira maitasuna eta bizitza.

«Oso ona zara beste aktoreekin interakzioan. Ikasi testuarekin hori egiten», esaten dio Drive My Car-eko protagonistak zuzentzen ari den antzezle bati. Filmeko pertsonaiek behin eta berriz errepikatzen dute obraren testua, harik eta hitzak haienak egiten dituzten arte. Aktore batek Koreako keinu hizkuntzan ematen du filmeko azken hitzaldia, eta horrek ez du ikuslea filmetik urruntzen; kontrara, testua eta antzezlana hedatu egiten dira, zinema bera bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.