Inigo Astiz
ANALISIA

Galtzera jokatutako partida

2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bere buruaren aurka apustu egin, eta galtzera jokatu du Nafarroako Gobernuak. 1994ean agertu zuen Maria Josefa Uhartek lehen mailako hainbat pieza batzen dituen bere bilduma nafar guztiei uzteko asmoa, eta orduan hasi zituen Nafarroako Gobernuarekin negoziazioak. Iruñeko Ziudadelan museo bat zabalduko zutela sinatzera ere heldu ziren 2001ean, baina Espainiako Kultura Ministerioak Iruñeko Ziudadelan halakorik ezin zela egin esan, eta akabo. Eta pasatzen utzi dute aukera geroztik izan diren gobernuek. Publikoa izan zitekeen museoak, pribatu zabalduko ditu ateak urtarrilean. Opus Dei erakunde katolikoak kudeatuta. Penarik ez dute azaldu agintariek. Ezaguna da leloa: «Bilduma Nafarroan gelditu dela da garrantzitsuena».

110.000 pertsona erakarri nahi dituzte museora urtero eta museoko arduradunek agertu dute beren asmoa. Diotenez, artea demokratizatzea da beren helburua, eta edonorentzat zabalik eduki nahi dute atea. Egia da aukera hor egongo dela: aurrerantzean esku-eskura egongo dira Iruñean Picasso, Kandinski eta Rothkoren piezak, adibidez. Baina bada beste egia bat ere: izen eta zifra esanguratsu horien gerizpean ere, ez da askorik aldatuko Nafarroako arte garaikideak bizi duen egoera. Arazoa ez baita museoak eta piezak faltan direnik, museo eta pieza horien aldeko bultzada falta dela baizik. Zaurituen eta hildakoen zerrenda bat dirudi sarearen errepasorik txikienak ere.

Motelduta utzi dute Oteiza museoa azken urteetako aurrekontu murrizketek. Iraupen estrategiara kondenatuta dirudi Uharteko Arte Garaikideko Zentroak. Iruñeko aretoa itxita Madrilera joana da Moises Perez Albeniz galerista. Eta isiltasuna da nagusi Nafarroako Museoan zabaltzekoa zen arte garaikideari eskainitako espazioari buruz.

Mantentze kudeaketa egin du Nafarroako Gobernuak orain arte. Eta ikusi egin behar oraingoa ere ez ote duen horretarako utzi besteren esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.