Igor Alzelai eta Iñigo Lariz. Eskiatzaileak

«Hau da Pirinioetako lasterketarik onena»

ALTITOY.
Unai Ugartemendia.
Bareges
2016ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Altitoyko ohiko parte hartzaileak dira Igor Alzelai eta Iñigo Lariz. Goiko postuetara ohituta, aurten hemezortzigarren amaitu dute.

Zer moduz?

IÑIGO LARIZ: Larunbateko infernuarekin alderatuz, nahiko gustura. Eguraldiak ere gehiago lagundu du, eta nik, behintzat, gehiago gozatu dut.

Igandean lasterketa motzagoa izateak gorputza estutzea ekarri al du?

IGOR ALZELAI: Iñigok gehiago gozatu duen arren, nik igandean gehiago sufritu dut. Atzoko nekea nabaritu dut. Desnibel positiboa apalagoa izan den arren, lasterketa luzeak izan dira, eta, lautadetan eta fokeatzeko garaian, gerriak askoz gehiago nekatzen dira.

Grande Courseren barruan egoteak ohi baino atzerago amaitzea eragin du. Zer nahiago duzue: maila apalagoko lasterketetan aurrean ibiltzea, edo onenekin atzerago amaitzea?

I.L.: Onenekin lehiatzea eta atzerago amaitzea, dudarik gabe. Hori da benetako maila. Ez gara onenen mailara iristen, baina horiekin lasterketa berdinean aritzea ohore bat da.

Tourrean lehiatzearen parekoa al da zuentzat?

I.A.: Bai, bai. Gauza ederra da onenekin lehiatzea, lehiarik egoten ez den arren, kar-kar. Lasterketa hasi orduko, lehen igoeran bakarrik ikusten ditugu.

Altitoy Ternua hazten ikusi duzue. Zer duzue esateko?

I.L.: Ziur zerutik begira dauden horiek laguntzen ari direla. Hau da Pirinioetako lasterketarik onena. Eguraldiak laguntzen duenean ikaragarrizko lasterketa izaten da, eta, laguntzen ez duenean ere, oso ederra. Antolakuntza bikaina du. Andoni Areizagak utzitako hazia hazten ari da, eta lasterketa borobila da.

Euskal herritar asko etorri dira, are gehiago proba Grande Courseren barruan egonda.

I.A.: Ohore bat da Pirinioetako lasterketa onena bertan izatea. Oso zaila da Pierra Menta, Adamello, Mezzalama eta maila horretako lasterketekin batera egotea. Altitoykoek lortu dute.

Hautatzailea ere bazara. Gazteak indartsu datoz?

I.L.: Oso indartsu. Sekulako maila daukate, denbora kontua izango da maila gorenera iristea. Iñigo Martinez de Albornozek eta Pablo Oderizek, gaur [herenegun], onenekin lehian, bederatzigarren amaitu dute Munduko Kopako lasterketa batean, juniorrak diren arren. Lanean jarraituz gero, oso aurrean ikusiko ditugu laster.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.